Docutec Card

Santa Kruz apaiza

Santa Kruz apaiz gerrilari eta karlistari buruzko artikulu laburra. Datu historiko batzuk eta pertsonaiaren izaera.

Joxan Elosegi
 Duela 159 urte
1842ko maiatzaren 23an sortu zen Elduainen Manuel Inazio Santa Kruz Loidi, «Santa Kruz apaiza», abade gerrillari karlista ospetsua. «Don Manuel» esaten zioten menpeko arma-gizonek. Umezurtz gelditu zen ume koxkorra zela eta osaba apaiz batek hartu zuen haren heziketaren ardura. Apaiz beraz. Gasteizen egin zituen eliz ikasketak, erraztasun handiz gainera, eta haien buruan apeztu zuten, 1866an, Manterola apaizak Semanario Católico Vasco-Navarro aldizkari integrista sortu zuen urte berean, hain zuzen ere. Ideologia non sendotua aurkitu zuen zalantzarik gabe Santa Kruz apaizak abade donostiarraren hitzaldi eta idatzietan.

Ideiek ez baina ekinbideek kezkatu zuten egiaz Santa Kruz apaiza. Urte guztiz nahasiak ziren haiek, errotik aldatzen ari ziren gizarte-arauak, bazterrean alboratzen ari ziren urrikirik gabe betiereko ikurrak, balioak eta bizimodua, baita erlijioa eta Jaungoikoa bera ere eta erantzun beharra zegoen, gutxi zen guztia beltzen desafioaren aurrean. 1870eko udazkenean, arma-kontrabandoan ari zela-eta, bila joan zitzaizkion Hernialdera, han baitzegoen apaiz, eta ihes berak. 1872an hasi zen Santa Kruz apaiz «ero hotz odolgiro gupidagabearen» kanpaina latza, Gipuzkoa eta ondoko lurraldeetako jendea, lurrak eta herriak aztoratu zituen buruzagiaren ibilbide bihurria, ojalateroak, kantillotarrak, karabineroak, guardia zibilak, mikeleteak, buruzagi beltzak eta, ondoren, buruzagi karlistak berak ere marraz beste aldean eduki zituen gerrilla-buruzagi trebearen abentura zoroa. «Hark ez sekula Viva el Rey, hark Viva los Fueros eta Viva la Religión». Ez zituen Santa Kruzek handikiak gogoko eta agintari karlistengana ere lerratu zen gorroto hura: Lizarraga jeneral karlistaren aurkako auzi garratz baten ondoan, erbestera jo behar izan zuen 1873ko abenduan eta kito orduantxe gerrilla-saio hura. Bestalde, foruzalea bazatekeen ere, inoiz ez zuen Santa Kruzek Euskal Herriaren aldeko proiektu politikorik aitortu. Erlijioa zuen xede, Jaungoikoa. Katolikotasunaren izenean hil eta hilarazi zuen, haren eiteko gizartea nahi zuen. Santa Kruzen ondotik ez da Euskal Herrian aipatzeko moduko mendi-gerrillarik izan, neke handia baitu mendiak hiriko arazoak konpontzeko unean.

 

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B2
May 25, 2001
Number: 26899
Source:
Dialect:
  • Batua
Number of visits: 2249