Docutec Card

Gabriel Aresti Segurolaren heriotza gogoan

Euskal idazle eta poeta bizkaitarra (Bilbo, 1933-75). Merkataritza-ikasketak egin eta ogibidez enpresa-kontularia izan zen. Euskaldun berria zen. Euskal poesia modernoaren eta antzerkiaren bultzatzaile eta berriztatzailerik nabarmenena izan zen. Bere obrari herri-literaturaren, eta bereziki bertsolaritzaren, kutsua dario.

1954an hasi zen bere lanak euskal aldizkari gehienetan argitaratzen.


1957an euskaltzain urgazle izendatu zuten eta gramatika-alorreko Batasunaren kutxa eta, Kintanarekin lankidetzan, Hiztegi tipia liburuak idatzi zituen. Literatur genero desberdinak landu zituen. Poesian Arestik, Miranderen eraginez, lapurtera klasikoa bereganatu zuen, bilakaera baten ondorioz, hizkuntza herrikoia, ulergarria eta euskara batuan idatzirikoa erabiliko badu ere.

 

Maldan Behera balio literario handiko 21 poemaren bilduma argitaratu zuen, bertan literatura klasikoan azaldutako ahapaldiez gain, guztiz berriak diren beste batzuk ere moldatuz (1960). Harri eta Herri poesia sozialeko obra ospetsua kaleratu zuen (1964) eta ildo beretik jo zuen 1967ko Euskal Harria, 1970eko Harrizko Herri Hau eta 1976ko Azken Harria liburuetan, "Loramendi", "Orixe", "Lizardi" eta "J. M. Iparragirre" olerki-sariak irabaziz. Antzerkia, 1961ean Mugaldeko herrian eginiko tobera ("Toribio Alzaga" saria jaso zuena) idatzi zuen; Justizia Txistulari; Madalenaren seme santua; ... eta gure heriotzeko orduan eta Beste mundukoak eta zoro bat obrak ondu zituen 1963-65 bitartean. Mundu munduan izeneko nobela didaktikoa baina gai berrikoa idatzi zuen 1965ean.


Itzulpengintzan ere prestatu zituen zenbait lan: Marcos de Portela-ren Nekazarien dotrina; Tomas Meabe-ren Hamalau alegia; Nazim Hikmet-en Lau gartzelak; Beltrold Brecht-en Xixtima zoriontsu bat; Castelao-ren Nos; etab. Eta azkenik, bestelako lan batzuk ere atondu zituen: Barrutiaren Acto para la nochebuena eta Leizarragaren Euskal protestantismoa zer zen lanak. Euskal kantari askok, "Ez dok amairu" eta "Oskorri" taldeak tartean, Arestiren olerki askori musika jarri diote.


Nire aitaren etxea poema


Nire aitaren etxea defendituko dut.

Otsoen kontra, sikatearen kontra,
lukurreriaren kontra, justiziaren kontra, defenditu eginen dut nire
aitaren etxea.

Galduko ditut aziendak, soloak, pinudiak; galduko ditut
korrituak, errentak, interesak, baina nire aitaren etxea defendituko
dut.

Harmak kenduko dizkidate, eta eskuarekin defendituko dut nire
aitaren etxea;

eskuak ebakiko dizkidate, eta besoarekin defendituko dut
nire aitaren etxea;

besorik gabe, sorbaldik gabe, bularrik gabe utziko
naute, eta arimarekin defendituko dut nire aitaren etxea.

Ni hilen
naiz, nire arima galduko da, nire askazia galduko da, baina nire
aitaren etxeak iraunen du zutik.

 

Poema entzungai duzu helbide honetan:

http://www.susa-literatura.com/emailuak/aresti/

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B2
Jun 2, 2005
Number: 249215
Source:
Number of visits: 4098