Docutec Card

Japoniarrak, kirol-legean txapeldun

Errusian jokatzen ari den futbol-txapelketak era askotako irudiak utzi dizkigu: futbolari lotutakoak, pertsonen jokaeraren ingurukoak... Azken sail horretan, irabazleak japoniarrak izan dira: bai jokalariak, baita zaleak ere.

Audio honetan, Juanjo San Miguel kazetariak kontatuko digu zein izan den Japoniako jokalarien eta zaleen portaera. Futbolak askotan irudi bortitzak eta itsusiak erakusten dizkigu, baina, zorionez, badago bestelako irudia ematen duenik ere.

Argazkia: El dictamen webgunetik hartua

Transcription:[+] Transcription:[-]

KAZETARIA. Kirolarekin jarraituko dugu. Errusian jokatzen ari den futbol-txapelketak mota guztietako irudiak utzi dizkigu: batzuk futbolari lotutakoak; beste batzuk, aldiz, pertsonen jokaeraren ingurukoak. Azken sail honetan, zalantzarik gabe, irabazleak japoniarrak izan dira: bai jokalariak, baita zaleak ere.
JUANJO SAN MIGUEL NAZIOARTEKO GAIETAN ADITUA. Japoniako futbol-selekzioa benetako ustekabea izan da txapelketa honetan. Modu krudelean kanporatu zuen Belgikak, partida bikaina jokatu ondoren. Beste edozein taldek horrela galduz gero –95. minutuan eta beraiek gola saltzeko izan zuten aukera ezin hobea huts egin eta gero–, negarrez eta haserre azalduko ziren, ez zuten adierazpenik egingo eta modu txarrean alde egingo zuten, baina japoniarrek kiroltasunez hartu zuten emaitza: zaleengana jo zuten, animoak eskertu eta aldagelara erretiratu ziren. Han, berriz, dutxatu eta jantzi ondoren, guztia garbitu zuten eta iritsi zirenean bezain txukun utzi zuten aldagela, eta eskerrik asko idatzi zuten errusieraz. Zaleek, berriz, taldea txalotu ondoren, harmailetako euren zatia goitik behera garbitu zuten eta jasotako zaborra zakarrontzira bota zuten.
Japoniarren portaera paregabea izan da, eta futbolean justiziarik ez badago ere, kasu honetan salbuespena izan da. Historian lehen aldiz talde bat sailkatu delako futbol-zelaian izandako jokaera egokiagatik: besteak baino txartel gutxiago jaso duelako, alegia.
Errusiako txapelketan segurtasun-neurriak ikusgarriak dira, baina zaletu askoren portaera benetan higuingarria izan da: alkohola, borrokak eta emakumeekiko mespretxua behin baino gehiagotan azaldu direlako. Horien ondoan, japoniarrek erakutsi dute futbolean normaltasunak ez duela beti zarpaila izan behar.

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B2
Jul 6, 2018
Number: 24472027
Source:
Duration: 00:01:43
Number of visits: 569