Docutec Card

Egoera aldatzeko, ekintzak behar dira, ez lanturuak

Egunean 15 ordu ganba ultraizoztuak zuritzen pasatzen dituen Tangerreko neska baten istoriotik abiatu da Bernardo Atxaga, besteak beste, hemengo 200 eurotik gorako menuak kritikatzeko.

Atxagaren denboraldiko azken kronika honetan, aipatzen du nola injustiziaren kontra alferrikakoak diren purrustadak eta lantu-jotzeak. Ekintza, egoera makur bat onbidean jarriko bada, kontrakarga egingo dion beste ekintza bat behar du, nahi eta nahi ez.

Azalean, Paul Klee-ren Angelus Novus

Transcription:[+] Transcription:[-]

MAITE ARTOLA KAZETARIA. Bernardo Atxaga, aurrera.
BERNARDO ATXAGA. Ba zeruko 39. kronika, azkenekoa. Zeruan nengoen koadro edota pinturei begira. Eta halako batean, Angelus Novus izena duenaren aurrean gertatu nintzen, aingeru guardakoa, deabru guardakoa eta nire buruarekin.
MAITE ARTOLA KAZETARIA. Hirurak.
BERNARDO ATXAGA. Hirurok ginen han. Aingeru guardakoak Paul Klee-ren obra zela esan zidan eta azalpen bat ematen hasi zitzaidan. Baina deabru guardakoak hartu besotik eta beste koadro baten aurrera eraman ninduen. Argazkia zen, erretratua, burua oihal beltz batekin bildua zeukan neskatila batena. Aurpegia, agerian gelditzen zitzaiona, polita zuen: «Utzi itzak alde batera Angelus kontuak, eta hitz egin, hitz egin ezak aurrena Nourari buruz».
MAITE ARTOLA KAZETARIA. Noura.
BERNARDO ATXAGA. Nourari buruz, Noura: hori zen nonbait neskatilaren izena. Bat-batean inspirazio zerutiarrez haren bizitzaren berri izan nuen. 18 urte bete berriak, 11 zituenez geroztik egiten du lan ganbak zuritzen Tangerreko portuan; 15 ordu egunero, eguzkirik ikusi gabe, goizeko ordu bietan hasi eta 5 edo 6 kilo ganba zuritu osatu arte, arratsaldeko bostak arte edo. Eta ondorenean lo egin eta Tangerreko portura berriro, 15 ordu aurrean, eta hotza pasa behar ganbak ultraizozturik iristen zaizkiolako. Joan de Sola idazlearekin hizketan –liburu bat idatzi du holako kasuei buruz– ba Joan de Sola idazlearekin hizketan, esan zion Nourak zintzotasunez «esklabua naizela iruditzen zait». Hala sentitu behar ezinbestean. Nourak ganba ultraizoztuak zuritzen azken 7 urteotan, 11 zituenetik, 15 ordu egunero eguzkirik ikusi gabe, 1.100 dirham irabazten ditu hilean, 110 euro inguru. Enpresaria holandarra da. Tangerren aldatu omen zuen enpresa Holandan ganba-zuritzeko lana, etxe partikularretan egiten zena…
MAITE ARTOLA KAZETARIA. Bai.
BERNARDO ATXAGA. …emigranteen etxe partikularretan seguru, galarazi zutenetik. Zenbat kosta ote da Basque Culinary Centerrek deitu eta munduko errestauranterik onena aukeratzera etorri zirenen harrera-afaria? Aste honetako Argiak, aldizkariak, hala dio: barraskilo-zukuarekin erregositako pinaburuz betetako abakando edo misera-uzkia jan zutela.
MAITE ARTOLA KAZETARIA. Bai.
BERNARDO ATXAGA. Broman, noski!
MAITE ARTOLA KAZETARIA. Jakina ba!
BERNARDO ATXAGA. …pentsatzen dut, ekitaldiari barre eginez. Nolanahi ere, ez zen bromakoa izango kontua. Eta egunen batean esplikatuko du norbaitek, zenbakiekin, ze onura ekartzen dioten horrelako ekitaldiek Euskal Herriari, eta batez ere ze filosofiari erantzuten dioten, ze etikari. Poema bat idatzi nuen behin galderekin osatua. Berriro idatzi behar banu gaur, holako lerro bat gehituko nioke: 200 eurotik gorako menuak eta luxuzko sukaldaritza bultzatzen duzuenok gogoratzen al zarete inoiz Nouraz? «Nolanahi ere ez hasi zu orain profeta baten                      
moduan, hitz eta pitz –esan zidan aingeru guardakoak¬–. Izan ere, ekintza bat –Nourak egunero 15 ordu pasatzeak ganba ultraizoztuak zuritzen, hori da ekintza–, ba ekintza hori beste ekintza batek bakarrik desegin lezake. Gehienok, ordea, –segitu zuen nire aingeru guardakoak– lanturu edo purrusta besterik ez duzue egiten sare sozialen erreberberoan eta, gainera, zuen burua salbu utziz, ganba bat sekula jan gabeak bazinete bezala». Baina horrek denak, baserritar batek esango lukeen bezala, balio du zero. Beste seriotasun bat du, noski, Holandako sindikatu batzuk eta, eta ez dakit, beste aldeetakoak egiten ari direnak, nazioarteko sindikalismoa bultzatuz eta esklabutza berriaren aurka jardunez.
Deabru guardakoak eten egin zidan berriro aingeru guardakoarekin neukan solasa, eta Angelus Novus koadroaren aurrera eraman ninduen. «Orain bai, begira hau, Angelus Novus, aingerua bai, baina deabrua ere ba omen duk, hala irakurri nioan Ayestarani, oso ikuspuntu interesgarria, nire ustez». «Deabrua zaren partez interesgarri, jakina» –egin zion burla aingeru guardakoak. Biak ala biak ere Ignazio Ayestaran Uriz euskal filosofoaren liburua zeukaten gogoan: Walter Benjaminen aingerua Gernikako bonbardaketatik, Elkar Fundazioak 2010ean argitaratua. Liburu sakona eta sendoa da. Bere ataletako batean aipatzen du Paul Kleeren koadroa, eta hala dio Walter Benjamin filosofoak Historiaren sinbolotzat hartu zuela. Izan ere, Angelus Novus horrek aurpegia iraganera itzulia duelarik ez du ikusten, iraganean, eskoletako historia liburuetako gertaera, data eta izen-segidarik baizik, eta katastrofe bakar bat: hondakina hondakinaren gainean. Ez du ikusten aurrerapen, progreso argitsu bat; basakeria ikusten du progreso horren baitan, deabrua aingeruaren baitan. Eta bestela, galdetu Nourari eta munduko milioika Nourei. Nourak lirateke progresoak fatalki ekartzen duen basakeriaren proba.
Walter Benjaminek abiatutako bidean, pentsatu zuten gaurko mundua ulertzeko hainbat gako ematen dizkiguten Theodor Adorno, Max Horkheimer eta beste hainbat filosofo… Gaurko mundua esan nahi dut, gaur goizean-eta jardun duzue eta, emigrazioa, eta Afrika eta zer gertatzen ari da? Hor, albisteaz haratago, hor, atzean, badaude hor arrazoi batzuk, badaude koordenada sortzaile batzuk esango nuke. Bueno, hori, horretarako filosofia ikastea oso egokia da. Baina bo, honi buruz gehiago jakin nahi duenak ba eros dezala Ignazio Ayestaran Urizen liburua eta udara aurrean daukagunez, itxura batera, irakur dezala.
MAITE ARTOLA KAZETARIA. Walter Benjaminen aingerua Gernikako bonbardaketatik, ez? Elkar Fundazioaren eskutik…
BERNARDO ATXAGA. Hori da. Hori da. Izango ditu, 7 urte baditu, liburu sakona eta jende askorentzat ba harrigarria ere gertatuko dena, ez?, pentsatzen dut. Esate baterako, hor kontatzen du, Gernika gero bonbardatu zuten, baina hasierako probak hain zuzen ere, juxtu Nouraren herrian egin ziren, hori da Marruekosen, Rif-eko gerran, ez? Eta holako kontu asko, holako gogoeta asko, hori da, betiere Walter Benjaminen, eta hori, Angelus Novus historiaren aingeru horren ildotik…
MAITE ARTOLA KAZETARIA. Eta bai, lanturuek ez dute ekintza…
BERNARDO ATXAGA. Bai. Gure gizartean…
MAITE ARTOLA KAZETARIA. …deusezten…
BERNARDO ATXAGA. Bai. Gure gizartean badakizu, kruasana jaten dugun bitartean edo…
MAITE ARTOLA KAZETARIA. Bai.
BERNARDO ATXAGA. Ba badirudi hitzak, garai batean esaten zen bezala, edozein pitzadura errezibitu dezakeela, hori da, edozein pitzadura estali. Hori ez da hola: eta ekintza bati ez badio beste ekintza kontrako batek jarraitzen, hor ez dago, ez dago aurrerabiderik.

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

C1
Jul 4, 2018
Number: 24429304
Source:
Duration: 00:08:17
Number of visits: 630