Docutec Card

Euskara ikastea

Fabian Laespadak euskara-ikasle eta euskara azterketa-deialdien inguruan egin du hausnarketa.

 

 

 "Herenegun, atzo, gaur eta bihar, Barakaldoko BECen, Gasteizko Mendebaldeko Institutuan eta Donostiako Luberri institutuan, Euskararen hizkuntz eskakizunak lortzeko azterketak, HABEko tituluak, hain zuzen, egiten ari gara, egiten ari dira". Horrelaxe hasi du ostiral honetako 'Faktoria'ko zutabea Fabian Laespada iritzi-emaileak.

Transcription:[+] Transcription:[-]
 
Euskara ikastea – Fabian Laespada_trans
 
Herenegun, atzo, gaur eta bihar Barakaldoko BECen, Gasteizeko Mendebaldeko institutuan eta Donostiako Luberri institutuan euskararen hizkuntza-eskakizunak lortzeko azterketak, HABEko tituluak hain zuzen, egiten ari gara, egiten ari dira. Milaka azterketarik ilusioa, gogoa eta itxaropena jarrita dute zorioneko frogan izerdi, malko, eta batzuetan odola ere, jariatu zaiela. Izan ere, honaino heltzeko beste bi proba gainditu behar izan dituzte jada. Azken txanpan daude, bai, baina bide luzea egin dute askok eta ez dira makalak ez Euskal Herriko milaka herritarrok urtero burutzen duten ahalegina, egin ohi dituzten esfortzuak eta irentsi behar izan duten hamaika ezintasun.
 
Ezen, egia esan dezagun, behintzat adin handikoak garenok eta euskara ikasten aspaldi jarri ginenok: euskara zaila da. Euskara ikastea txikitan euskal giro petoan ibili ez bazara, lantegi galanta da. Euskara, kanpotik ikusita, tutik ere ulertzen ez den letra-zopa identifika ezina baita. Holandesarekin horrelako zerbait gertatu zitzaidan han emandako astean. Hau da, euskarak, Kolonbiatik edo Zamoratik datorrenarentzat, hutsaren hurrengoko ulergarritasuna du hasiera batean. Tira, bertoko askorentzat ere bai, egiari zor. Eta sintaxia zein aditz-sistema hain bihurriak edo desberdinak izanda, arrotz batek azalpen eta praktika ugari behar ditu zertxobait ulertzen hasteko. Ez da egunotan hain sarritan entzuten ari garen katalan hori bezain hurbil eta ulerterraza. Beraz, euskara ikasteko eta mintzatzeko ahalegin itzel hori egin duten milaka horiei eman diezaiegun merezi duten errekonozimendu eta meritua. Eskerrik asko eta ondo etorri euskarara euskaldun berri guzti horiek.
 
Maite, 34 urte, txikitan B ereduan ikasi zuen kolegioan. Karrera ikasi bitartean ere egin zuen euskara-ikastaro bat edo beste, baina utzi behar izan zuen lanagatik, familiagatik edota kanpora joan behar izateagatik. Kontua kontu, nekez gogoratzen da hilabeteak, esaterako, zelan esan euskaraz. Eta horretan ari da buru-belarri egunero, diario, etxerako eta ikasgelarako lanak atontzen. Kosta egiten zaio idazlan luzexka egitea, idazteko ohitura aspalditxo galdu baitzuen. Maite, emakumea, euskara bereganatzen saiatzen. Bestelako ardurak ere baditu, baina euskara ikastearena orain, agian, ardurarik arduratsuena da. Bera ikasle-eredua da, eta askotan eredugarria ere bai. Maitek gu guztion onespen, ulerkortasun eta maitazarrea mereziak ditu. Euskara-irakasle asko horixe ematen saiatzen gara egunero gure ikasle maratzei.       
 
 
 
 

Comments
Login for comment

B2
Jun 22, 2018
Number: 24133253
Source:
Duration: 00:03:00
Number of visits: 696