Docutec Card

Errealitatearen solairuak

Errealitatea deskribatzeko solairuen irudia erabiltzen du Atxagak irratiko saio honetan, ez baikara guztiak solairu berean bizi, batzuk 6000 eurokoan, besteak 1000 eurokoan eta tartean badira solairu gehiago.

Transcription:[+] Transcription:[-]

(ingelesezko abestia)
Esataria. Bernardo  Atxaga, egun on!
Bernardo Atxaga. Egun on, bai.
Esataria. Pete Seeger-en kantu hau aukeratu dugu zure gaurko tarterako.
Bernardo Atxaga. Bai. Bai. Nire aitaren etxeak gela asko ditu. Bai, eta seguru asko bukaeran ere aipatuko dugu kanta hau, nik uste.
Esataria. Ea, Atxaga, aurrera! Nahi duzunean.
Bernardo Atxaga. Bai bai. Bo, “errealitatearen solairuak” izen hori jarri diot gaurkoari. Errealitatea zer den pentsatzen hasita, eraikin bat bezalakoa, etxe handi bat bezalakoa dela iruditzen zait batzuetan. Eta hainbat pisu, hainbat solairu dituela, altura desberdinetan daudenak eta argitasun desberdinekoak. Eta iruditzen zait baita ere solairu horietan bizi dela jendea, zein berean, eta nahastu gabe. Nahastu gabe, esan nahi dut errealitatearen seigarren solairuan bizi direnak, hilero sei mila euro eskuratzen dituztelako, kasu, ez direla behin ere gune horretatik ateratzen, sei mila euro delakoak irabazten dituztenen auzo, eskola, denda, jatetxe, hondartza eta abarretan mugitzen direla, hilean lau mila, bi mila edo bi mila bakarrik irabazten dutenekin nahastu gabe.
Guztiarekin ere, nahiz geure solairuetan bizi garen, batzuetan halabeharrez beste solairuetakoen berri izaten dugu, eta halaxe gertatu zitzaidan niri duela  egun batzuk  Gizarte Laguntzako bulego batean nengoela.
Hango enplegatu bat, zaharrei zein ezinduei zuzendutako neskame-zerbitzuak koordinatzen zuena, telefonoz ari zen. Zerrenda bat irakurtzen zion telefonoz bestalde zegoen norbaiti, eta nahikoa zen zerrendako izenak aditzea neskame-lana eskaintzen zutenen jatorria jakiteko. Evangelina, Rosamary, Jorlin, Darling, Nany… Ez zegoen dudarik: Latinoamerikako emakumeak ziren denak, Kolonbia, Nikaragua edo Ekuador aldekoak.
Eta telefonoz ari zen Gizarte Laguntzako enplegatuak kopeta zimurtu zuen bat-batean eta oihu batean hasi zen: “Nola esaten dute hori?, andre gaixo hori martiri daukate eta! Nik badakit etxea garbi uzten diela, baina etxe horretako bi zakurrek noiznahi egiten dute kaka alfonbran, eta haien eginkaria garbitzen aritu behar du etengabe”. Telefonoz bestaldekoak zerbait komentatu zion Gizarte Laguntza bulegoko enplegatuari, eta honek orduan: “Ez sinistu. Andre horrek bete zituen bi lanordu horiek, seguru ez dizkiotela ordaindu nahi, hori da kontua”. Isilune bat telefonoz bestaldean zegoenak esaten ziona entzuteko, eta berriro ere erasoan Gizarte Laguntzako enplegatua: “Holakoa da jende hau. Andrea jaisten bada kafea hartzera edo zerbait erostera, deskontatu egiten diote ordu-laurden hori”.
Esataria. Jende hau? Nagusiak, alegia?
Bernardo Atxaga. Jende hau alegia, kontratatu zutenak, alegia.
Esataria. Bai. Etxeko nagusia…
Bernardo Atxaga. Neskamea hartuko zuten, seguru asko, ez dakit, zahar batzuk, edo ezinduak, edo dena delakoak, ez?. Horiek ziren neskamea kafea hartzera jaisten bazen, ordu-laurdena deskontatzen ziotenak bere soldatatik. Bai?
Ba atera nintzen bulegotik edozeinek pentsatu izango zukeena pentsatuz: holaxe bizi dira beraz, errealitatearen behe-beheko solairuan, sotoan daudenak. Imajinatzea besterik ez zegoen zer izango den bizitza Evangelina, Rosamary, Jorlin, Darling, Nany eta neskame imigrante askorentzat.
Eta hala nenbilen, izen haiek buruan nituela paseatzen, noiz eta kalean bertan Begoña, Mari Jose, Maria Luisa, Itziar, Manoli, Mari Karmen eta beste emakume batzuen berri izan nuen. Bizkaiko Zahar Etxeetako langileak denak ere, eta denak ere kartelekin. Eta kartelek zioten: Prekaritateari stop. 35 lanordu astean. 75 egun daramatzagu greban. Galdetu eta adierazi zizkidaten xehetasunak. Bizkaiko Zahar Etxeetan lan egiten duten emakumeek 1.200 euro irabazten dituztela hilean, egutegi finkorik gabe, ordu pila bat lan eginez. Ordu pila bat gainera ordutegi aldrebesean, esate baterako esan nahi dut, zortzi eta hamar…
Esataria. Bai.
Bernardo Atxaga. Sartu bai, ezinduak garbitu, gosaria eman, gero bueltatu hiruretan, gero gauean afaria ematea, eta abar eta abar.
Emakumeen protesta, bestalde, Bizkaiko Aldundiari zuzendua zegoen, Aldundia baita erresidentzien erantzule, nahiz eta ondoren, ohiko jarrera pribatizatzailearen ildotik, erresidentzia ia denak kontzertatuak izan. Esan nahi da Aldundiak eta beste erakunde, barkatu, beste erakundek finantzatu, diru publikoarekin alegia, eta enpresa pribatuek kudeatzen dituztela, enpresa pribatuak, hobeto esanda pribatuek, pluralean esanda, ze erresidentzia bakoitzean, subkontraten bidez eta enpresa desberdin askok izan baitezakete esku.
Esataria. Beno, ez dakit askoz ere argibide gehiagotarako ematen ote digun denborak, e!
Bernardo Atxaga. Ba, orduan esan beharko dugu alde batetik, orduan Evangelina, Rosamary, Jorlin, Darling, eta bestetik, Begoña, Mari Jose, Maria Luisa, Itziar, Manoli, eta Mari Karmen, eta zenbakiei begiratuta, ba jende mordo bat dela behe-beheko solairuetan bizi dena, soldata oso gutxirekin, eta horregatik  ba Pete Seeger-en kanta ere, ze Pete Seeger-en kantak, esaten du, ez lukeela horrela izan behar, ze aitaren etxean gela asko daudela eta denontzako egon beharko lukeela gelarik, eta baita soto-sotoan bizi diren emakume horientzat ere.
Esataria. Gela asko, eta gela bakoitzak bere atea.
Bernardo Atxaga. Bai.
Esataria. Norberak erabaki dezan noiz atera eta noiz sartu.
Bernardo Atxaga. Hori da. Askatasuna azken batean. Eta askatasunarekin duintasuna. Askatasunik gabe, eta soldatarik gabe ez dago duintasunik. Eta gainerako kontuak tontakeriak dira.
Esataria. Egia esan, kantu hau gomendagarria da benetan, e!
Bernardo Atxaga. Bai.
Esataria. A capella kantatzen duen kantu hau.
Bernardo Atxaga. Bai. Suediako sindikatu baten jaian kantatu zuen, Pete Seeger dena da gomendagarria, Pete  Seeger.
Esataria. Bernardo Atxaga, eskerrik asko,
Bernardo Atxaga. Bai. Egun on.
Esataria. Gaur zortzira arte.
Bernardo Atxaga. Bai. Gero arte.
Esataria. Bihar arte entzuleok. Ondo izan.
 

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

C1
Jan 10, 2017
Number: 2400523
Source:
Duration: 07:04
Number of visits: 4527