Docutec Card

Atorrante

Gaztelaniazko "atorrante" hitzaren jatorriari buruzkoak, berbaren etimologia .

ARITZ GORROTXATEGI

Elkarte chestertoniar batekin topo egin dut sarean: Atorrante Kluba. Klub honen web orrian, atorrante hitzaren etimologia argitzen da.

Itxuraz, Buenos Aireseko estolderia eraiki zutenean sortu zen hitza. Estolderia 'A. Torrans' fabrikatzailearen tutu erraldoiekin egin omen zen. Tutu horietan lo egiten zuten orduko eskale eta arloteek. Haiei esaten zitzaien atorrante. Hitza 30. hamarkada inguruan sortu zen. Garai hartan Hipólito Irigoyen zen Argentinako Errepublikako presidente. Bere gobernuak krisi larria jasan zuen aipatu hamarkadan: langabezi tasa handiak, gosetea... Krisi hura pairatu zuten sabairik gabeek Torrans fabrikatzailearen tutuetan bilatu zuten gobernuak eman ez zien babesa.

Hala ere, etimologia guztiek dute euren desadostasuna. Edgardo Maffiaren ustez, 'Torrents' hitzetik omen dator atorranteren esanahia. Maffiaren esanetan, estolderia eraiki zuten behargin baztertuak ziren tutuetan bizi zirenak. Haatik, tutuen kanpoaldean idatzia zegoen hitza ez zen Torrans, frantseseko Torrents baizik: uharrak.

Orduko Argentinan ohitura handia zegoen gauzei afixen izena jartzeko. River Plate futbol taldeak, esaterako, portuko kaxa erraldoi batzuen propagandatik hartu zuen berea.

Gaur arte ezin izan da frogatu Torrans eta Torrents marken existentzia. Filologo batzuek, ordea, uste dute atorrante hitza 'atorar' aditzetik datorrela. Nonbait, tutuetan lo egiten zuten eskale haiek ziren estolderia buxatzen zutenak. Honen harira, gogoan dut politikari bati entzun niona: «politika eta estoldak antzekoak dira; usain txarra darie, baina ezinbestekoak dira».

Gurean, atorrante hitzak alproja esan nahi du. Zeuok atera kontuak.

 

 
 

Comments
Login for comment

B2
Sep 12, 2005
Number: 239941
Source:
Dialect:
  • Gipuzkera
Number of visits: 1197