Docutec Card

Manex Pagola musikaria

Landibarren jaiotako musikari, abeslari eta idazlea, besteak beste, "Azken dantza" eta "Urtxintxak" abestien egile izan zen. Pantxoa eta Peio, Anje Duhalde, Erramun Martikorena eta Maite Idirin abeslariek eman zituzten ezagutzera Manex Pagolak idatzi zituen kantak gure herriko plazetan.

Landibarren (Urdazubi-Nafarroa Garaia) jaio zen Manex Pagola, 1941eko ekainaren 28an eta Baionan hil zen, 2018ko ekainaren 7an.
Antropologian doktore zen eta Baionako Euskal Museoko zuzendariorde jardun zuen. Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izendatu zuen 1996ko martxoaren 29an, eta ohorezko euskaltzain 2018ko apirilaren 27an.


Musikari gisa, bi disko kaleratu zituen bakarka, baina musikagile oparoa izan zen, eta kantu asko sortu zituen hainbat musikarirentzat, hala nola, Pantxoa eta Peio, Anje Duhalde, Erramun Martikorena eta Maite Idirin: “Urtxintxak”, “Azken dantza”, “Kanta aberria”, “Askatasuna” edo “Gurea da” dira horietako batzuk.
Seaska elkartearen sorreran parte hartu zuen, eta Eusko Alkartasuna alderdiaren Iparraldeko idazkari nagusi ere izan zen.
Helbide honetan dituzu entzungai Manex Pagolak idatzitako abesti batzuk, hainbat euskal kantariren ahotsean.

Manex Pagolaren argazkia: badok.eus

Transcription:[+] Transcription:[-]

Esataria.- Baionatik berriemaile, Andoni Lizeaga.
Andoni Lizeaga.- Landibarren sortua, hirurogeiko hamarkada bukaeran Uztaritzeko seminarioan hasi zen euskal kulturaren alde lanean. Mitxel Labegerieren lekukoa hartu zuen eta orduan ezagutu zuen, adibidez, Pantxoa Carrere.
Pantxoa Carrere.- Pixka bat, elizako kantuak bezala, melodia ederrak, sinpleak, baina ederrak eta bon, ukan dut suertea ze Peiorekin bere kantuak ezagutaraztea. Nik beti erraten dut izugarrizko zorra dudala Manexekin.
Andoni Lizeaga.- Peio Ospitalekin bat, bere zenbait kantu ezagun egin zituzten.
Pantxoa Carrere.- Zori hori eduki izan dugu, ez? bere kantuak plazaratzeko eta ezagutarazteko zorion hori, ez? Soiltasunaren freskotasuna. Hori nik azpimarratuko nuke bere kantuetan, hori da, sinpletasunaren aberastasuna.
Andoni Lizeaga.- Biek Manexen abertzaletasuna azpimarratu dute. Zazpiri bai ikuskizunaren sustatzaile izan zen 70eko hamarkadan eta hor ziren Gexan Alfaro eta Pantxika Erramuzpe.
Pantxika Erramuzpe.- Zazpiri bai ikusgarria, Manexen ideia izan zen eta bultzatu ninduen kantatzeko ni ere eta, egia erran, ez nuen biziki sinisten nigan eta beti konfiantza egin dut eta hara, ari da., ari da.
Andoni Lizeaga.- Kantua bai eta kultura, oro har, kultura eta sozial antropologian doktore izan baitzen, Baionako Euskal Museoko arduradun ere eta euskaltzain laguntzaile izendatu zuten duela gutxi.
 

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B2
Jun 8, 2018
Number: 23700275
Source:
Dialect:
  • Iparraldeko euskara
  • Batua
Duration: 01:40
Number of visits: 831