Docutec Card

Koltzaren auzi eskandalagarri hura gogoan

Bernardo Atxagak Espainian 1980ko hamarkadan izan zen "koltza olioaren izurritea" izan du gogoan.

Koltzaren olioa faltsutzeagatik milatik gora hildako izan ziren eta sekuela larriekin 25.000 inguru. Egindako epaiketan, halere, nahiz eta milaka urteko zigorrak eskatu fiskalak, azkenean oso zigor arinak jaso zituzten errudunak.

Transcription:[+] Transcription:[-]

BERNARDO ATXAGA. Ba udaberria da munduaren alde honetan. Eta haren koloreei begiratuz nindoan zerurako bidean. Baso batetik pasa nintzen aurrena, eta han ikusi nuen Lizardik, gure poetak, aipatutako neskatxa urdinez jantzia. Gero, berriz, leku, zelai eta zabal batera atera nintzelarik, urdinaren ordeko bi kolore nabarmendu zitzaizkidan: berdea eta horia; biek ere argi egiten zuten eguzkitan. “Ze landare ote dira?” –galdetu nion neure buruari. “Kolore berdea gariaren zuztar eta hosto, hostoena da –esan zidan orduan alboan azalduz nire aingeru guardakoak. “Eta kolore hori-horia zeinena da?” –galdetu nion. Eta berak: “Koltzarena: koltzak hori-horiak ditu petaloak”. Koltza hitza entzun orduko, halako hotzikara bat sentitu nuen. Arrazoia, Espainiako estatuan gertatutako epidemia edo izurrite delako baten oroitzapena etorri zitzaidala kolpetik: koltza-olio toxikoaren sindromea deitu zitzaion gaitzari. Ez zen aspaldi gertatu. 1991n, duela 37 urte. Hildakoak mila inguru izan ziren. Betirako kaltetuta gelditu zirenak, paralisiekin edo bestelako hainbat sekuela larrirekin, 25.000 pertsona.
Pausoan gindoazen aingeru guardakoa eta biok. Aurrean, gero eta zabalera handiagoa hartuz, koltza-sailak, haien horitasun alaia paisaian. Ze kontrastea nik une hartan buruan nire baitan neuzkan irudiekin! “Ze gogoratzen zaizu ba?” –galdetu zidan aingeru guardakoak. “Izurrite delakoarekin beldur handi bat zabaldu zen estatu guztian –esan nion– Gero eta jende gehiago gaixotzen zen, eta inork ez zituen gaitzaren nondik norakoak garbi azaltzen. Batzuek zioten airez zabaltzen zela, gripearen moduan. Beste batzuek elikaduraren bidez, irentsitako pozoi baten kausaz. Ministro batek interbentzio bat egin zuen Parlamentuan, eta zomorro bat, un bichito, aipatu zuen. Hainbestekoa zen ikara, non leku askotan jendea talismanak erabiltzen hasi zen, eritasunetik libratzeko gauza magikoak; Euskal Herriko toki batzuetan baratxuria. Jendeak badaezpada ere, zazpi baratxuri-ale sartzen zituen poltsatxo batean, eta hura eraman poltsikoan. Zurrumurruak ere sortu ziren, gerra biologikorako prestatuta zeukaten bakteria hilgarri batek alde egin zuela Torrejón de Ardoz base militar estatubatuarretik”. Azkenean jakin zen. Izurrite delakoaren arrazoia sasiolio bat zen, substantzia toxikoekin adulteratutako koltza-olio faltsu bat. Epaiketa egin zieten ekintzaren erantzule enpresariei, eta buru egin zuenari, eta ez dut esango izenik, bakarrik donostiarra zela…                   
KAZETARIA. Hara!
BERNARDO ATXAGA. Bai. 60.256 kartzela-urte eskatu zizkion fiskalak. Guztira, tartean ibilitako guztiei, 30en bat mila urtetik gora. Aingeru guardakoa eta biok koltza-sail inozenteei begira jarri ginen. Lore horiko landare haiek ez zeukaten kulparik. “Badakizue zenbat urte bota zizkieten azkenean mila hildako inguru eta 25.000 elbarri eragin ondoren?” –esan nion aingeru guardakoari¬ Jakina, berak bazekien, izaki zerutiarra den partez. Hala ere, adierazi egin nion. Ba buruzagiari 20 urte eskas. Ez da horrenbeste ere. Besteei gutxiago. Irudi berri batzuk etorri zitzaizkidan burura, latzenak garaiko egunkarietan azaldutakoak. Jende gaixo bat, asko eta asko gurpil-aulkietan edo lurrean etzanda gorputzak ez zielako esertzeko ere ematen, bere onetik aterata, sententzia arin haren berria ezin sinistuz, haren kontra garrasika.
Ez, koltza-landareak ez zuen errurik. Hala ere, urtero-urtero udaberrian ikusi haren lore hori-horiak, eta epaile batzuek hartutako sententzia oker hura etortzen zait gogora. Eta loturaz, asoziazioz, denboran hurbilagoak zaizkigun beste sententzia paretsu batzuk. Aurten, nola ez, La Manadakoen aurkakoa. Aurten, baita ere, Altsasuko mutilen aurka etor daitekeena, kasu honetan kontrako norabidean okerra, neurririk gabeko kastigua larritasun apartekorik izan ez bide zuen gertaera bategatik. “Utz diezaiegun epaileei bere lana egiten. Ezin du kaleak agindu epaiketetan”. Holakoak errepikatzen dituzte agintean dauden askok, gizarte-sektore progresistenak manifestazioetara eta protestara jotzen duenean. Argudioa, ordea, filisteoa da: ezkutatu egiten du bistakoa dena. Gauza bat dela justizia, eta bestea justiziaren administrazioa, leku jakin batean eta garai jakin batean. Esate baterako, 2018an eta Espainian. Esate baterako, lehenago Espainian eta koltzaren garaian. Ez, koltzaren, koltza-landareak ez zuen, ez du errurik. Eder egiten du zelaietan gariaren konpainia, alaia da haren horitasuna. Baina iragana dela eta, ez da erraz ohartzea, ez da erraz gertatzen. Altsasuko mutilen aurkako epaiketa onik gertatzen baldin bada, alegia, justiziaz lortuko dugu, beharbada, koltza-sail horiei begira jarri eta atsegin, eta atseden hartzea.
KAZETARIA. Koltzaren pasadizoa gogoan, Bernardo Atxaga, hori ere, horrelako pasarteak zenbat ahazten zaizkigun, ezta?
BERNARDO ATXAGA. Bai. Batez ere oso larria izan zen. Bizi izan ez zuenak ba ez dauka, noski, euskarririk. Baina, esate baterako, esaten dizut, edo aipatu dut, baratxuri, 7 baratxuri-ale sartu, hola, poltsa txikietan eta jende asko, edo ez dakit, hainbat jende harekin ibiltzen zen. Hori da ikara eta panikoa sortzen denean, nik uste denok ere halako erregresio batera joaten garela, ez? Denak umetu egiten gara; ikarak umetu egiten du. Eta orduan ikara horrekin ba halako fenomenoak gertatu ziren. Eta gero juizioa, epaiketa hura…
KAZETARIA. Bai.
BERNARDO ATXAGA. … eta irudiak benetan ba ahaztu ezinak, ez? Ikusiz, ikusten duzu jendea ba gaixotuta. Hondatu diote bizitza, halako arrautza frijitu batzuk jateagatik, ulertzen duzu? Eta, eta gero epaiketan gertatu zena, urte gutxi haiek. Pentsa: 60 milatik gora urte eskatu, eta 20 baino gutxiago eman. Bo, eta orduan, gaur egun ere badaukagu kezka, eta nik uste dut alarma ere, eta nik uste larritasuna ere bai, ez? Gainera, denboran luzatzen baita, eta badakizu, ez bada oinarria –eta oinarria dira bizitzan, politikan, erakundeak eta instituzioak–, oinarri hori kolokan jartzen baldin bada, ba bueno, ez dut nik ikusiko, baina ez dakit ze eboluziotara joko dugun.              

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

C1
May 3, 2018
Number: 22467893
Source:
Duration: 00:08:08
Number of visits: 748