Docutec Card

Liburuei goratzarre

Liburuaren Nazioarteko Eguna dela-eta, Bernardo Atxagak aprobetxatzen du zerura egiten ari den bidaian liburuekin lotutako narrazio bat egiteko.

Bere fikziozko kronika honetan, Atxaga idazleak irakurzaletasuna bultzatzeko dauden bi etsai aipatzen ditu: hezkuntza-sistema eta denbora falta. Bukaeran, euskarara itzulita dagoen nigeriar baten liburu bat gomendatuko digu.

Transcription:[+] Transcription:[-]

KAZETARIA. Lehen entzuleei eskatu diegunean Liburuaren Egunari begira liburua gomendatzeko…
BERNARDO ATXAGA… Bai.
KAZETARIA. Ba, jakina, batek baino gehiagok zureak gomendatu ditu.
BERNARDO ATXAGA. Bueno, hori asko estimatzen da.
KAZETARIA. Ea zuk besterik gomendatzen diguzun. Ahal duena…
BERNARDO ATXAGA. Gaurko bidaia…
KAZETARIA. Benga.
BERNARDO ATXAGA. Bueno, ba. Abiatu nintzen, ohi bezala, zerurantz, eta hor non purgatorioren paretik pasatzerakoan hango izaki batek dei egin zidan: “Aizu, hurbildu zaitez, mesedez!” Dorre baten barruan zegoen, eta leihatila edo saietera batetik ari zitzaidan. “Ba al daramazu alboan libururik?” –galdetu zidan hurbildu nintzaionean. Ezetz erantzun nion, zeruan nahi adina liburu eta gehiago zeudenez, ez nuela halakorik igotzen. “Bai. Zeruko jende hori ondo bizi da, –komentatu zuen– purgatorioan gaudenok, berriz, hainbestean.” “Zergatik zaude hemen liburuzale hori?” –galdetu nion. Bere historia kontatzen hasi zitzaidan orduan.
“Ba gu 10 irakurle ginen, eta 10 besterik ez, ze beste guztiek -auzo eta lagunek- ez baitzuten behin ere irakurtzen. Zaletuenak, gazteetatik, Andoni, Beatriz, Daniela eta Elisabet ziren, eta literatura ikasteko gogo biziarekin joan ziren ikastolara. Jakin egin nahi zuten zer zegoen hortik barrena, munduan, ze poesia, ze ipuin, nobela edo autore. Baina, ai, aurreneko astean ezinezkoa izan zen. Irakasleak polisemia eta homonimia izan baitzituen gai, eta bigarrengoan ere ez, gaia, oraingoan, metaforaren eta eufemismoaren arteko bereizketa izan baitzen. Bi hilabete geroago On Kixote Mantxako obraren pasarte bat aipatu zien irakasleak: “On Kixote Mantxako, ni ilargi zuriko zalduna nauzu, zurekin lehian jardutera nator, zure besoen indarra neurtzera, ezagun dezazun eta aitor dezazun nire anderea, nornahi den ere, zure Dulcinea Tobosokoa baino ederragoa dela, zalantza bage. Irakur dezakegu atal osoa klasean? ¬– galdetu zuten Andoni, Beatriz, Daniela eta Elisabetek. Ondo legoke, erantzun zien irakasleak, baina, zoritxarrez, oso atzeratuta gabiltza programarekin.
Pasa zen beste hilabete bat, etorri zen negua, hoztu zuen giroak eta halako egun batean, irakaslea metaliteraturari buruz ari zela, Andoni, Beatriz, Daniela eta Elisabetek ihes egin zuten literaturatik betiko. 10 irakurle ginen, 4 galdu baino lehen, ai, ai, ai!, 4 galdu baino lehen… “
Purgatorioko dorrean zegoen gizakiak arnasa hartu zuen jarraitu aurretik. “Gure taldean, Hector, Iñaki eta Josebe ere bazeuden, astero biltzen ziren hontaz eta hartaz hitz egiteko, eta irakurritako liburua komentatzeko. Baina halako batean, zerbait gertatu zen: siniestroa. Denbora, XX. mendearen erdira arte-edo zernahirako zena, txori baten kantua lasai entzuteko aukera ere ematen zuena, urritzen hasi zen, eskasten. Luze gabe galeraren mende geratu ziren: hamabostero biltzen hasi ziren, ez astero, gero, berriz, hilabetero, hurrena, berriz, bi hilabetez behin… Ikaratuta, lehenengora itzultzen ahalegindu ziren, baina alferrik: ez zeukaten denborarik. Orain Eguberritan biltzen dira urtean behin eta lehengo garai zoriontsuei buruz hitz egiten digute. Ez, ordea, liburuez, ez baitute halakorik erosten. Ai, Hector, Iñaki eta Josebe, 10 irakurle ginen, 7 galdu baino lehen, ai, ai, ai, 7 galdu baino lehen… Felix eta Garazi ere taldean zeuden, halako batean, ordea, hirukiak izan zituzten, eta nekatuta ibiltzen ziren beti lo faltan. Hala ere, jarri elkarren ondoan eta irakurtzeari ekiten zioten. Irakurtzen zuten lehen lerroa, bigarren lerroa, hirugarrena, eta zapla!, lo gelditzen ziren seko. 10 irakurle ginen, 9 galdu baino lehen, ai, ai, ai, 9 galdu baino lehen…”
Purgatorioko dorrean zegoen gizonak hasperen egin zuen. “Orain, berriz, purgatorioan nagoela ni erori naiz zerrendatik: ez daukat irakurtzeko libururik”. “Zergatik, ordea, horrelako kastigua?” –galdetu nion. “Bakartasunak txartu egin zidan jenioa –erantzun zidan berak. Jainkotu egin nintzen, eta batere irakurtzen ez zuten auzo eta lagunei burla egiten nien. Ahaztu egin zitzaidan Danteren esana, soberbioak kastigatuak izango direla. Eta halaxe ni: zenbat burla egin lurrean, hainbat aste, hemen, libururik gabe”. “Gogorra benetan!”, -esan nion. “Bai –eman zidan berak arrazoi–, baina badira hemen liburu-kontuagatik purgatorioko leku okerragoan daudenak. Liburu-kontuagatik merke-zurrean jokatzen zutenak, esaterako, sobratutako diru guztia arropetan edo bidaiak egiten gastatzen zutenak, eta xentimorik ez liburutan”. “Baina jende hori, jende horri ez zaio inportako libururik gabe egotea! A ze kastigua” –esan nion nik. “Ez dute, ordea, hori kastigu –berak–. Horien kastigua da beti arropa berberarekin ibili beharra eta bidaiak bakarrik Benidormera”. “Aizu, beste kontu bat –esan nion–, ze liburu irakurtzen zenituen zuk behealde horretan ibili zinenean? Aholkurik bai?” –esan nion, gaurko eguna gogoan, hain zuzen ere. Eta bai, eman zidan aholkua, et gero, ba purgatorioko barrenaldean galdu zen.
KAZETARIA. Eta eman zizun aholku horren berri eman behar diguzu ala?
BERNARDO ATXAGA. Bai. Emango dut, zergatik ni ere bat nator purgatorioko biztanle horrekin, eta da, begira, autorea, egilea da Tutuola, tutu ola bezala ez? Amos Tutuola, eta nobelaren edo liburuaren (nobela ere ez da, da ipuin-segida bat, da) izena da: “Mozkor bat sasirik sasi”. “Mozkor bat sasirik sasi”. Eta bere hasiera ere irakurriko dizut, hementxe daukat liburua…
KAZETARIA. Bai. Ea.
BERNARDO ATXAGA. Bai. Eta hasten da horrelaxe: “Palma-ardoarekin mozkortzen nintzen hamar urteko mutil-koxkorra nintzenetik. Nire bizitan ez nuen palma-ardoa edatea beste zereginik”. Bueno, Nigeriako autorea da, zen, Nigeriako autorea.
KAZETARIA. Eta euskarara itzulia dago.
BERNARDO ATXAGA. Bai, euskarara itzulita eta Pamiela argitaletxean argitaratua dago.
KAZETARIA. Amos Tutuola.
BERNARDO ATXAGA. Bai. “Mozkor bat sasirik sasi”. Liburua harrigarria da alde askotatik. Eta merezi du irakurtzea, eta oso atsegina da, behintzat niri -eta seguru asko purgatorioko horri ere- oso atsegina egi zitzaidan, ez?
KAZETARIA. Eskerrik asko gomendioagatik, Bernardo Atxaga.

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

C1
Apr 23, 2018
Number: 22162074
Source:
Duration: 00:07:24
Number of visits: 311