Docutec Card

Zuri guztiak ez dira elurrak

Neguko eguraldiaz hitz egiten dugunean berehala lotzen dugu elurrarekin, nahiz eta askotan ezer gutxi jakin berorri buruz. Esate baterako, zenbat elur-mota ezagutzen ditugu? Edo Groenlandian, eskimalen artean, zenbat elur-jenero bereizten dituzte? Goazen bada elurretara!

Eguraldia aipatu eta Pello Zabala hortxe dugu, ezinbestean. Eta eguraldiak badu jada testu biribila, liburuetan liburua, Naturaren mintzoa.

Pello Zabala, Naturaren mintzoa. Egunez egun, sasoien gurpilean. ALBERDANIA, 2000.

Irakurgai duzu liburutik hartutako pasarte hau:

Ilbeltza txuri? Elur-motak
Urtarrilak 12
 

Zenbat elur-mota edo zenbat elur-klase ezagutzen dituen galdetu diot lagun bati. Mingainean ospelik inoiz izan ez dituen horietakoa da, eta agudo bota dit. Nik? Bat bakarra, txuria eta hotza! Bejondeiala!

Elur-mota edo klaseak, asko direla bertatik ikus daiteke bailara bakoitzean erabilitako elur-kontuak errepasatzen badira.

Elur urtua ari duela esan ohi dute Iparraldean. Elur bustia deitzen diogu inguru hauetan: euriarekin nahasian eta artean ere maluta egin gabe, trinkotu gabe datorrenean. Elur-euria ere bai, beheraka agudo eta txuxen jausten delako, pisutsu baitator, euritsu edo urtua. Horrek ez du ezartzea lortzen; jardun eta jardun, bota eta bota, dakarren abiaduran antzematen zaio, urtsuegi, bustiegi datorrela, eta lurrera iristean elur-gelasa uzten du, elur-baltsa, elur-kresala esango dute beste herri batzuetan. Elur busti horrekin ez da elur-maindire edo elur-izararik ezartzen, ezta barrutietan eta teilatuetan ere. Elurra elurxeago denean, orduan, jardun-ahala, elur-lapar edo elur-nabar gelditzen da, alde hauetan elur-lapatsa esaten dioguna, ezartzen hasi ez hasi, laster xurituko lukeenean. Edurra nabartu xok diote Oñati-Araozko hauetan.

Bueno, elur-kontuetan sartuz gero, zerrenda ikusgarria osa daiteke. Hitzek dasaigute elur-mota guztien zerrenda askotarikoa dela oso: elurra, berez, egituraz eta gorputzez, klase askotakoa dela. Ez alferrik, eskimalen artean, Groenlandian, 60tik gora elur-jenero bereizten dituzte. Hemen ez dugu horrenbesteko eskaparaterik izaten neguan, baina bada aukerarik, bai. Elur ttiki-ttiki horri, adibidez, ba al dakizu zenbat modutara deitu izan zaion gure euskal hizkera honetan? Ez da posible denak biltzea, baina, torizu zerrendaxka hau: Hasi elur-hautsetik, elurxe, elurxehe, elur pikor eta pikorta, eta segi, elurxintar, elurgillo, elurpirrin, elurtxingo, elur-txipitx, eta, zu lasai, badira oraindik beste batzuk eta: elur-geldo, elur-irin, elur-izpi, elur-gazura, elur-kixika, elur-zirin...pentsa zenbat izen, elurttiki xume eta xehe horrentzat.

Enuit edo eskimalen artean bezainbat ez, baina, gurean, esanguratsua da honako Azkuek dakarren esaldi hau: Araiñegun egin eban edur-gazurea, atzo edur-malutea, gaur edur-matasea, bihar izango da edur-kresala.

Hor garbi bereizten da elur-gazura, herenegungoa, atzoko maluta eta gaurko matazagandik. Baina, zeinen ongi adierazita dagoen elur tamaina eta jeneroena. Izan ere, denok eduki gaitu inoiz txundituta, leihoko beiran suturpuntta xanpa-xanpa eginda, edur-maluten jaitsiera baldar eta balantzazko horrek. Eta malutak bata besteari esku emanda badatoz, matazea osatuz, elur-luma eginda etorri ohi dira.

Horregatik, elurra gorputz hartuta datorrenean, elur-malko deitu izan zaio, elur-malo ere bai, malo-malo edo mara-mara ari duela adieraziz; hortik elur-maluta edo elur-mallo edo edur-mulleta ere; beste batzuetan, elur-bela, elur-kana,eta elur-gixixa. Eta elakarri lapata, pega-pega, multzotuta datorrenean, elur-moltso, elur-hosto, elur-zafla, hauek jada puska handiak direnean, mataza baten irudian, hortik elur-matazea deitzearena, batez ere elur-erauntsi formala eta itxia ari duenean.

Azkenean, dena urtzen hasiko da, eta elur-kresala geldituko da, elurra mehetu eta gesaltzen denean, eta plisti-plasta ibiltzeko tamainako elur-salda bihurtuko da. Eta akabo, akabo elurrak ekarritako goraintziak, lurmentzen hasiko baita agudo.

Nolanahi ere, zalea da urtarrila elur malutak erakusteko eta inguruak di-da batean zuriz janzteko. Luzatzen badu, orduan lanak. Artzainak neguaren bihotzetik begira, debozio zipitzik ere ez dio elurrari: Urtarrila txuri, ez ardi ta ez axuri. Baina, gorago geniona, nondik begiratzen den, hor dago koxka. Bada elurrarekin poztuko denik ere, eta baratze bazterretik esango dizunik: Ilbeltza hil zuria? Baba gainezka itzuli! Urtarrilak kentzen dizuna, hara, gainezka itzuliko dizu laster.

Gaur egun, nolanahi, ez digula ematen horrenbesteko lanik elurrak. Elurte trinkorik apenas baitator, neurriak hartzen ikasi dugunetik. Baina, honetaz, otsailean jardungo dugu (Ik. Otsailak 6koa).

 

Eta agurrerako, Joseba Sarrionandiaren azken lanaren pasartetxoa dakarkizugu. Txikitako kontuak berriro. Goiok hamalau urte zitueneko Kalaportu elurtuan jasotakoaren kronikatxoa. Joseba Sarrionandia, Lagun izoztua, ELKAR, 2001, 268. or.
 

Adinik eta ardurarik gabeko begiradarekin, negu hark besteek baino elur gehiago ekarri zuen. Itsasertzeko elurra berehala urtzen da, baina negu hartan hainbat bider elurra egin eta egunetan geratu zen urtu gabe, eta elurraren pisuaz teilatuak okertu ere egingo zirela beldurtuta zebilen jendea. Eta elurrik egiten ez zuenean ere, gauez izarrik hotzenekin leia egiten zuen sarritan, eta patioko ur putzuak izoztuta topatzen genituen goizargitze zurbiletan. Putzu izoztuen gainera salto egiten genuen eta krik krak hausten ziren kristal apurtuen moduan, eta izotz zati zorrotzak hartu eta zurrupatzen genituen. 'Gaixotuko zara, izotzean bizi diren mikrobioekin'. 'Mikrobioak hil egiten dira ura izoztu eta igerian ja egin ezin dutenean,' esan zuen Lodiak. Hotzak harrapatu, oratu eta estutzen gintuen, baina han jarduten genuen, irristaka, bultzaka eta estropezuka, oinak bustirik, atzamarrak hozmindurik, belarriak gorriturik, begiak gaziturik, sudurra zaldiko nekatuen antzean lurrina zeriola.

Transcription:[+] Transcription:[-]

Aitor Arana

Historia lazgarria, Euskaltzaindia-BBK Fundazioa, 2001, Bilbo. 43-44.orr.

Gau hartan elurra ari zian. Egunez ere egin zian: dezente, egia esateko, hiriko zenbait parketan sendotu eta guztiz zuritu baitzuen lurra, belarra eta ibiltokiak estaliz. Niri txikitan poz handia ematen zidaan elurrak, baina gero –hogei urtetik aurrera bereziki- traba eta eragozpen bihurtu zitzaidaan trafikoan sortzen dituen arazoengatik. Hirian ezin dik luzaro iraun hainbeste trafiko eta jendetzarekin. Berehala zapaldu eta elur-lapatsa bihurtzen diagu. Zeharo desagerrarazten ez dugunean, berriz, espaloi bazterrera mugatzen diagu bere eremua, eta hantxe egoten duk, gero eta zikinago, eguzkia irten eta urtzen duen arte.

Hamabi-hamahiru urte nituenean, baita hamalau ere, atsegina izaten zuan elurra gogotik botatzea, gehienbat nik ordurako aitari berebiziko gorrotoa niolako. Gorrotatu egiten nian etxean sudurreko muki lehorra hatz batez ateratzeko zeukan ohitura nazkagarria, eta gorrotatu egiten nitian nirekin “normal hitz egiteko” egiten zituen ahaleginak. Bizitza osoan egiarekiko zordun garelako esango diat umetan ongi moldatzen nintzela aitarekin, eta aitak bazekiela umeekin jolas eta hitz egiten. Baina, auskalo zein arrazoi misteriotsuagatik, umeak kozkortzen hasi eta nerabezarora iritsiz gero, haiekin hitz egiteko ahalmena galtzen zian: estu eta larri aurkitzen zian bere burua. Nirekin ere berdin gertatu zitzaioan eta hamahiru-hamalau urte bete nituenerako ez nian nahi hurbildu zekidan, eta neuk ia ez nioan hitz egiten.

Baina elurra egiten zuenean gauzak aldatu egiten zituan. Amak oilaloka baten moduan oihuka esaten zian:

-    Maitea! –aitari “maitea” esaten zioan zerbait eskatu edo agindu behar zion bakoitzean-. Maitea! Inazio! Zoazte lorategira jolastera! Bota duen elurrarekin ongi pasako duzue!

Halakoetan nik, aitaren harrigarri, onartu egiten nian eta lorategira ateratzen ninduan berarekin. Egiazko arrazoia erraza zuen asmatzeko, aitak inoiz susmatu ere ez egin arren: elurrezko piloten aitzakiaz jo egiten nian nire aita babua, eta barre egiten zian babuen moduan. Benetan jo eta jo aritzen ninduan, eta bera barrez, jaso eta jaso. Berak ni pilota batez ondo jotzen ninduelako, nik lau aldiz jo nian bete-betean. Aurpegian jotzea maite nian gehien, edo buruan. Ez diat horregatik ukatuko atsegin izaten nuela belaunen batean edo hankartean ematea noizean behin. Eta bera, kaikua halakoa, barre eta barre aritzen zuan etengabe.



 

Interesatzen zaizu

  • HABE Aldizkaria - 322 alea

    HABE Aldizkaria - 322 alea

    HABE Aldizkaria - 322 alea AURKIBIDEA 6 GAURGERO MOTZEAN 8 GAURGERO Victor Hugo (1802-1885) Otsailaren 21a: Ama-hizkuntzaren nazioarteko eguna Zortzi euskal galeria ARCOra, arte garaikidearen gunerik handienera 15 INTERESGUNEA Eguraldia gora, eguraldia behera 23 HAMAIKA TRIKIMAILU Julio Ibarra 24 OSTUTAKO PASARTEAK 27 BIZILEGE APARTAK Katalina Erausoren erasoak 28 BIDAIA Santeria: Amerikako herri-erlijioa 30 EUSKALKIAK Lekeitio 32 KULTURONTZIA Otsaileko kultur agenda Guggenheim museoak badu zerikusia 2002an Arte elektronikoa Euskal Herrian erakusketa Argitalpen berriak 36 SALTSAN 37 DENBORA-PASAK 41 IKASLEAREN KOADERNOA

    HABE Aldizkaria - 322 alea
 
 

Comments
Login for comment

C1
Jan 30, 2002
Number: 21990262
Source:
Dialect:
  • Batua
Duration: 03:25
Number of visits: 236