Docutec Card

Virginia Woolf, feminismoaren aitzindari

1882ko urtarrilaren 25ean jaio eta 1941eko martxoaren 28an hil zen ideia feministetan funtsezko idazle eta pentsalari bat: Virginia Woolf. Eguneroko gertakizunetan oinarritutako gogoeta berritzaileak utzi zituen, emakumeek bizi zuten zapalkuntza eta ikusezintasunarekin amaitzeko.

Euskadi Irratiko erreportaje honetan, Virginia Woolfen biografia kontatzen dute, eta bere liburu bat (Gela bat norberarena) euskaratu zuen Maria Colera itzultzailearen iritzia ere bildu dute.

Transcription:[+] Transcription:[-]

KAZETARIA. Gaur egun sarri aipatzen dugu feminismoa. Aipagai izan ohi ditugu gizarte parekide baten alde egin diren aurrerapenak eta egiteko daudenak. Bada, duela 136 urte jaio zen ideia feministetan funtsezko idazle eta pentsalari bat: Virginia Woolf.
1882ko urtarrilaren 5ean jaio zen Virgina Woolf. Jaiotze-agirian Adeline Virginia Stephen. Guraso kultuen alaba, garaian ezohikoa izan arren, unibertsitatera joateko aukera izan zuen, eta oso gazterik hasi zen idazten; abian zen idazle emankor eta pentsalari feminista. Lehen nobela 1915ean kaleratu zuen eta geroztik ez zen geratu: artikulu, nobela, saiakera… Idazle emankorra izan zen: fikzioa landu zuen, baina kontzientzia-isuriaren teknikaren bidez, eguneroko gertakizunetan oinarritutako gogoeta berritzaileak utzi zituen, emakumeek bizi zuten zapalkuntza eta ikusezintasunarekin amaitzeko. Maria Colera, interprete eta itzultzailea.      
MARIA COLERA. Landu zituen gaiek garrantzi eta berritasun handia izan zutela, ezta? Ze, adibidez, badago pasarte bat esaten duena Chloeri Olivia gustatzen zitzaiola, ezta?, alegia, emakumeen arteko maitasunaz aritu zen, eta hori bastante ezohikoa zen. Esaten du: “Izan ere, emakumeei beste emakume batzuk, edo emakumeak gustatzen zaizkie”. Beste gai oso garrantzitsu bat, aktualitate handia daukana, eskubide politika gauzatzeko askatasun ekonomikoa ezinbestekoa dela, ze esaten du ba halako egunetan iritsi zitzaiola bere izeba baten herentzia, eta aukeratu behar izango bazuen zein zen beretzako egun garrantzitsuena, ba emakume-botoa eskuratu zutena edo askatasun ekonomikoa eman zion herentzia hori jaso zuena, ba bigarrenaren alde egingo zuen.
KAZETARIA. Colerak Gela bat norberarena, Woolfen saiakera ezaguna itzuli zuen euskarara. Emakumearen espazio intimo eta propioaren beharra aldarrikatzen du bertan Woolfek, ideiak garatzeko. Eta idazkeran ere sumatzen da bere ideologia.
MARIA COLERA ITZULTZAILEA. Bere pentsamenduaren garapena ikusten da esaldietan, ezta? Ba hasten da subjektuarekin lehia bat garatzen, ezta?, baina etengabe sartzen ditu tarteki pila bat. Eta zergatik egiten zuen hori? Ba nik uste ba irudikatzeko emakumearen bizitzaren ezaugarri den etengabeko eten eta interrupzioak, eta horregatik aldarrikatzen zuen gela bat norberarena, leku bat edukitzeko patxadaz, ba idazteko edo emakumeek nahi dutena egiteko, ze beti, etortzen da senarra zerbait eskatzeko, edo umeak, edo hau edo beste…    
KAZETARIA. Buru argidun, garaiko giro intelektualean erabat txertatua, istorio ederrez gain aldarrikapen ugari utzi dizkigu. Esaterako, zioen idazlan anonimo asko emakumeenak zirela, eta anonimotasunean ezkutatu nahi zirela. Berak argi zuen aldarrikatu beharra, baina indar horren barruan ez zuen bizitza oso erraza izan. Woolfek nahasmen bipolarra zuen eta depresio ugari izan zituen. Horietako batean, 1941eko martxoan, Bigarren Mundu Gerra betean, berokiko poltsikoak harriz bete eta etxe ondoko Ouse ibaian murgilduta, bere buruaz beste egin zuen. Heriotza ere nobela batekoa izan zuen emakume aitzindaria, Virginia Woolf, gaur gogoan.

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B2
Jan 26, 2018
Number: 19462620
Source:
Duration: 00:03:35
Number of visits: 1687