Docutec Card

Hondarribiko alardeaz

Aurreko irratsaioan, Bernardo Atxaga idazlea bidaia batean abiatu zen eta ibili eta ibili zeruraino iritsi. Han norekin topo egingo, eta Euskal Herrian izan duen maisurik handienetako batekin, Koldo Mitxelenarekin.

Atxagak Mitxelenari hemengo gorabeheren berri eman zion, besteak beste Hondarribiko alardeaz, eta horko giroa konpontzeko irteeraren bat bururatzen ote zitzaion galdetu. Mitxelena maisuak eman bide zion soluzio moduko bat.

Transcription:[+] Transcription:[-]

BERNARDO ATXAGA. Ba bai. Lehengo astean etxetikan gai bila atera eta goraka abiatu nintzen, gora eta gora, eta gorako eta, halako batean, zeruaren atarian gertatu. Ez nuen han, ordea, han, uste bezala, S. Pedrorik ikusi, baizik eta gizaki bat, Euskal Herrian maisu izandakoa, Salamancan Don Luis deitzen zutena.
KAZETARIA. A, Don Luis.
BERNARDO ATXAGA. Eta Euskal Herrian, Koldo. Ba bai, Koldo Mitxelena zegoen zeruan zigarro bat erretzen bere betiko moduan: bokilarekin.
“Hara, hemen al zara”, hots egin nuen haren parera iristean. “Hemen nago bai”, erantzun zidan, “Badakizu, infernura joateko aukera ere eman zidaten, baina infernuan ezin da zigarrorik erre; ez da leku ona ni bezalako takakozaleentzat”. Hala, paseoan abiatu ginen biok belardi zabal batetik. Esan behar dizut, informazioa nahi baduzu, Urbiako goi-zelaien antzekoa dela zeruetako belardia.
KAZETARIA. A ba begira!
ATXAGA. Eta gure mundu honetako kontuen berri ematen hasi nintzaion. Halako batean bere jaioterria Errenteria aipatu genuelarik, eta segidan Irun eta hurrena Hondarribia, Honddarribi, ba alardearen gaia etorri zitzaidan burura. Baita etorri behar ere, ze aspaldi honetan kezkatuta bainago nola konpondu daitekeen horko auzia, uler dezagun elkar. Horko auzia, Hondarribiko alardearena, Arantxa Urretabizkaiak “Bidean ikasia” liburuan zehazki eta ondo kontatzen duena da.
KAZETARIA. Bide batez, oso gomendagarria liburua.
ATXAGA. Oso gomendagarria; horregatik hartu dut gaur ere aintzat. Ba dio, “Herriko emakume batzuk, berdintasuna aldarrikatuz desfilean ateratzen hasi zirenak, ikara batean bizi izan direla urteetan. Puta bezalako irainak ez ezik, golpe fisikoak jasanez. Hala ibili dira bai emakume haiek eta bai gerora haien seme-alaba eta familiak ere. Hunkigarria, alde horretatik, Arantxa Urretabizkaiaren liburuko pasarte bat, zer gertatu zitzaion mutiko bati “opilaren” egunean. Opilaren egunean, nonbait, Jaizkibel mendira joaten dira kuadrillan herriko neska-mutilak eta festa egiten dute Guadalupe ermitaren inguruan. Egun handia gazteentzat, haur izatetik nagusi izatera pasatzeko zeremonia ere bai nerabe askorentzat. Ba joan da mutikoa pozik bere patata-tortilla eta bere urdaiazpiko bokadiloarekin joan da eta handik gutxira itzuli egin behar izan du etxera. Amak sukaldean aurkitu du, mahai gainean motxila betea, aurpegia ilun, malko-arrastoak masailean. Zer gertatu den galdetzen dionean, mutikoak ezinean, lotsatuta bezala, dio: “Esan didate que no aceptan hijos de escopeteras”. Beste hitzetan, arbuiatu eta kuadrillatik bota dutela beste gazteek, zergatik? Eta bere amak berdintasunaren aldeko Jaizkibel konpainian parte hartzen duelako.
    Guraso den edornork badaki ze eragin izan dezakeen halako arbuio batek nerabe batengan, oso larria. Theodor Adorno irakurri dutenek, berriz, badakite zer adierazten duten gazte baztertzaile horien otso-jarrerak, taldean ez, otsoak bezala. Adornok Alemanian nazismoaren iragarpen edo epifaniatzat hartu zituen. Alarde ofizialaren aldekoen jarrerak, bistan da, higuina eragiten du baina ez harridura, ez dugu zertan harriturik. Askotan gertatu da, egunero ari da gertatzen: xenofobia, homofobia, klasismoa, arrazismoa… izen desberdinak hartzen ditu fenomenoak baina fenomenoa, funtsean, berbera da. Alde bakarra, kasu honetan, Hondarribian gertatzen dela, Euskal Herrian, eta lotsagarri uzten gaituela munduko jende zintzo guztiaren aurrean.
KAZETARIA. Hori kontatu zenion Mitxelenari,
ATXAGA. Horixe, hau dena kontatu nion eta gauza gehiago ere bai, baina funtsean hau kontatu nion Mitxelenari maisuari, zeruko belardietan paseatu bitartean.
KAZETARIA. Eta berak?
ATXAGA. Nola?
KAZETARIA. Eta berak?
ATXAGA. Eta berak orduan –badakizu, orduan ere zigarroarekin– kendu zuen ezpainetatik zigarroa bere bokilarekin eta esan zidan:
–Eta agintariak, bizitza sozialaz arduratzeko obligazioa daukatenak?”
–Itxura batera epelak dira –erantzun nion–. Hitzaren bi zentzuetan esanda, ez daukate zuk behe-alde horretan erakutsi zenuen jeniorik.
–Ba hobe dute zuzentzea –esan zidan berak–. Dantek arrazoi zuen, fede egiten dut: epelek ez dute sarrerarik izango zeruan.
–Kontua da, maisu –esan nion– konponbide bat bilatu beharko litzatekeela. Bukatu beharra dago alarde horietako giroarekin. Zein izan daiteke soluzioa? – Maisua, Salamancako Don Luis, gure Koldo, pentsatzen egon zen une batez eta gero, zigarroa itzali eta irribarrea zabalduz, esan zidan: “Zatoz nirekin, ezagutzen dut arazo horren konponbidea eman dezakeen jakintsu bat”. Eta hala jakintsuaren bila abiatu ginen. Eta aurkitu ere aurkitu genuen baina, beti bezala, ezin dizuet haren ezaguerarik orain eman, zeruan sobera dagoen denbora falta handia baitaukagu hemen. Beraz, minutuak bukatzen ari zaizkidanez, hurrengo saioan eman beharko ditut zehaztapenak: nor zen zeruko jakintsua eta zer soluzio eman zidan Hondarribiko alardearena konpontzeko. Hondarribiko alardearena eta beste auzi batzuena.
    Nor izan zen jakintsua esan dezaket e.
KAZETARIA. Zer esan zizun esan gabe.
ATXAGA. Ba Salomon izan zen.
KAZETARIA. Salomon.
ATXAGA. Badakizu Salomon soluzio onak emateko gauza zen, ikusi zen. Bibliak dio, badakizu, bi emakume haiek ume berbera aldarrikatzen zuten, beraiena zela eta hola. Eta orduan Salomonek oso ondo erabaki zuen nork maite zuen ume hura eta nor zen ume haren ama, eta horrelako soluzio salomoniko bat eskatu nion alardeari buruz eta
KAZETARIA. Eman zizun.

ATXAGA. Eman zidan, eman zidan.

 

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

C1
Sep 12, 2017
Number: 15110769
Source:
Duration: 00:06:28
Number of visits: 199