Docutec Card

Rorschach Testa

1884ko azaroaren 8an jaio zen Hermann Rorschach psikiatra suitzarra. Ezaguna da, batez ere, bere izena daraman Rorschach Testa sortu zuelako.

Rorschach Testa orbanak dituzten hamar orrik osatzen dute eta aztertu nahi den pertsonak orri horietan ikusten duena deskribatu behar du. Orrietako batzuk zuri-beltzean daude eta beste batzuk koloretan. Aztertutako pertsonaren erantzuna emandako informazioaren arabera sailkatzen da eta honek kolorea, forma edota edukia izan dezake.


Nahiz eta aspaldikoa den, gaur egun ere asko erabiltzen den proba da hau.

1. ORBANA

Erantzunaren abiadak erakusten du nola erreakzionatzen den egoera berrien aurrean. Ageriko erantzunak, begi-bistakoak, azkar emandakoak dira erantzunik onenak. Adibidez: sagu zaharra, pinpilinpauxa, sitsa; edo emakumea (erdian, goian), baldin eta burua falta duela esaten ez bada. Hainbat interpretazio bitxik (katamaloa, animalia-aurpegia) paranoiaren zantzu izan litezke.

2. ORBANA

Garrantzizkoa da orban honetan bi giza irudi ikustea (emakumea, pailazoa). Hori ikusten ez duenak harreman-arazoak ditu jendearekin. Baleko beste hainbat erantzun: leize-ahoa, tximeleta edo baita alua bera ere.

3. ORBANA

Uste da orban hau sexu-joera detektatzeko dela. Gehienek giza irudiak ikusten dituzte, bular zein zakil handikoak. Bi irudiak gizasemeak direla dioena heterosexualtzat jotzen da, eta emakumeak ikusiz gero, homosexualtzat. Baina badira salbuespenak, zeren gay jendeak beste erantzun batzuk ematen ditu.

4. ORBANA

Hasiera batean zaila da bereizten (zakur-burua, dragoia?). Baina arretaz begiratuz gero, gizon bat da, azpitik ikusita. Gorila ere esan daiteke, edo hartza, edo gizona zamarrarekin. Arren, ez esan munstroa erasotzen ari dela. Halakorik!: hori dioenak esan nahi du aita ikusten duela.

5. ORBANA

Rorschach-en erantzuna da begi-bistakoena: saguzaharra edo pinpilinpauxa. Ez esan besterik! Hegoen izkinetan krokodilo-ahoak ikusten duena liskartsua den seinale; edo kastrazioaren seinale izkina horiek hankak edo guraizeak direla esatea. Eskizofrenikoak gauza gehiegi ikusten omen ditu, edo jendea mugitzen.

6. ORBANA

Hauxe zailena! Gakoa irudia azpikoz gora jartzea da. Gehientsuenek txilibitua ikusten dute, baina hobe da animalien gordelekua esatea. Edo hodeia, eta antzerkirako katamaloak edo maskarak, edo gizon sudur handiak, eta abar. Oro har sexurako jarrera inkoszienteak izango lirateke.

7. ORBANA

Amarenganako sentimenduen adierazle omen da! Denek bi emakume ikusten dituzte. Sorginak, mutxurdinak esateak liskarra adierazten du, maitasun eskasia edo baita higuina ere. Hodeia esatea, ezta pentsatu ere! Are okerrago intxaur-oskola esatea: hori dioenak alua buruan du. Bi aldeen arteko tartean olio-kriseilua dakusate eskizofrenikoek: hauek bakarrik ikusten dute halakorik.

8. ORBANA

Gehienek lau hankako animalia dakusate. Eta seinale txarra da hori ez ikustea, ezinegonaren seinale. Baleko da zuhaitza esatea, edo tximeleta. Are hobeto marrazki heraldikoa, edo Gabon arbola dekoratua.

9. ORBANA

Erantzun on gutxi da hemen. Sua ke eta guzti; eztanda (kontuz: emakume batek hori esanez gero, baten batek esango dio paranoia duela). Mapa bat izan daiteke, lorea… Hor erdian potota ikustea… Ez. Ez: txarto, txarto, txarto. Azken batean, ez dago ikusteko askorik. Psikologoa hor arituko da zenbat erantzun eman dituzun zenbatzen.

10. ORBANA

Antolaketarako ahalmena antzemateko da. Ia zernahi ikus daiteke: karramarroak, untxi-buru bat, arrautza frijituak… Erantzun onak: mikroskopiotik ikusten den zerbait. Aurpegiak ere ikusi izan ditu zenbaitek. Kea ikusten duenak, piparena, ahoarekin obsesionatuta dago. Barrabila edo zakilak ikusteak kastrazioari lotutako ezinegonaren seinale da.

 

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment