Docutec Card

"Arima usteltzen zidaten minak garbitu nituen Alkoholiko Anonimoetan"

78 urte bete dira Alkoholiko Anonimoak sortu zirenetik. Euskal Herrian, milaka pertsonak sufritzen dute alkoholismoa, eta adituek uste dute hainbat alorretatik egin behar zaiola aurre.

Testigantza
Alkoholiko Anonimoak taldeko kide batek alkoholak bere bizitzan izan duen eragina kontatu dio BERRIAri. Bere anonimotasuna gordetzeko eskatu du.

 “Arima usteltzen zidaten minak garbitu nituen Alkoholiko Anonimoetan”

 “Oso gaztea nintzela hasi nintzen edaten. 14 urte nituela, osaba batek lehengusuoi joko bat proposatu zigun: ea nork edaten zuen gehiago. Lehen mozkorra izan zen hura, eta ez zidan onik egin. 16 urterekin, soldaduskara joan nintzen. Helduen erritmoa jarraitzeagatik, gehiegi edaten hasi nintzen orduan. Denetarako edaten nuen gaztetan: dibertitzeko, harremanetarako… Bizitzaren toki guztietan zegoen alkohola. Noizean behin edaten nuenez, ordea, pentsatzen nuen ez nuela arazorik. Bestelako arazoak baneuzkan, baina alkohola beste alde batean uzten nuen. Pentsatzen nuen tabernaz taberna txikiteoan aritzen ziren mozkorrek bakarrik zutela arazoa.

Adinean aurrera egin ahala, edozertarako edaten nuen. Emazteak esaten zidan ez nuela kontrolatzen. Gutxiago edateko eskatzen zidan. Tristeena neure burua engainatzea zen, ez nuelako arazoa ikusten. Txorakeria batzuk tarteko, alkoholemia kontrol batzuetan harrapatu ninduten. Aparatuak gaizki zeudela uste nuen nik.

Duela hamabost urte, emazteak Alkoholiko Anonimoak taldean eman zuen nire izena. Edateari uzten ez banion utzi egingo ninduela esan zidan. Talde batera joan, eta bertakoak gixajo batzuk iruditu zitzaizkidan. Bizpahiru bileretara joan nintzen, baina sekta bat iruditu zitzaidan. Ez nuen neure bizitza aldatu nahi. Kontrolatuko nintzela esan nion neure buruari.

Handik bolada batera, arazoak eskuetatik ihes egin zidan berriro. Graduazio txikiagoko edariak edaten hasi nintzen arren, alkohol kopuru txikienak gauzak distortsionatzera eramaten ninduen. Eztabaidatzeak ere beldurra ematen zidan, hurrengo egunean zalantzak bainituen esandako txorakerien inguruan. Alkoholarekin arazoa nuela ukatzen jarraitzen nuen, ordea.

Azkenean, emazteak esan zidan bazihoala etxetik. Erantzun nion nik joan behar nuela etxetik, eta pentsio batera jo nuen. Akitua sentitu nintzen, hilda. Gauetan ere nekatuta esnatzen nintzen. Hutsik nengoen.

Eguberri eguna iritsi zen, eta familiako bazkarian sekulako istilua izan zen. Bakarrik gelditu nintzen, edaten. Hurrengo egunean, lur jota nengoen. Alkoholak erotu egiten zaitu, eta ingurua erotzen du. Neure buruaz beste egitea erabaki nuen. Banekien non. Itxaropenaren telefonoa bilatzeko kale izendegi bat hartu nuen, azkeneko deia egiteko asmoz. Alkoholiko Anonimoen zenbakia agertu zen. Zazpi urte lehenago egona nintzen han, sektan. Igandea zen. Deitu, eta gizon batek hartu zidan telefonoa. Ez nengoela bakarrik erantzun zidan. Une horretan hartu nuen azkeneko tragoa.
Hurrengo egunean, Alkoholiko Anonimoen bilera batera joan nintzen. Neure lekua zela ikusi nuen. Gertatzen zitzaidana sentitu nuen han. Taldean jarraitu nuen, baina gaizki sentitzen nintzen. Familia galdua nuen. Burua ukitua nuen orduan, eta zentro psikiatriko batean sartu nintzen. Berrogei egun gogor egin nituen zentro hartan.

Zentrotik ateratzean, banekien trago bat hartzen banuen nire amaiera izango zela. Osatuz joan nintzen, egunez egun. Arima usteltzen zidaten minak garbitu nituen Alkoholiko Anonimoetan. Bizitzeko filosofia berri bat zen. Orainaldiaz kezkatzera pasatu nintzen, iraganaz eta etorkizunaz kezkatu gabe. Hau ez dela behar dutenentzat, nahi dutenentzat baizik. Nork bere buruarengatik hartu behar du erabakia, aurrera egiteko.

Bi urtez, familiak ez zidan hitzik egin. Familia berreskuratzea ikaragarria izan zen. Orain, arazoa duten beste pertsona batzuei laguntzea eta aurrera egiten dutela ikustea funtsezkoa da ni suspertzeko”.

 

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B1
Jun 18, 2013
Number: 1341614
Source:
Dialect:
  • Batua
Number of visits: 2185