Docutec Card

Pako Aristi: "Euskal Herriko organo-jole ateo bakarra naiz"

Haurtzaro nahiko "basatia" izan zuen 1963. urteko irailaren hamazazpian Urrestillan jaiotako idazle-kazetari-musikari honek. Harrika ibiltzen ziren Pako eta bere lagunak herriko beste koadrilen aurka, baita baserritarrei sagarrak eta lapurtzen ere. Hura zen martxa, hura!

Bederatzi urterekin –berak dioenez– heldu zitzaion zentzatzeko garaia. “Orduan han herrian organo-jole zahar bat zegoen –Donato– eta nik ez dakit nola bururatu zitzaidan hari organoa jotzen erakustea eskatzea eta harekin hasi nintzen ikasten. Ni izan nintzen haren ikasle bakarra, eta garai batean maisu batek bere dizipulu edo ikasleari erakusten zion bezala, hark zekien guztia erakutsi zidan niri. Gero moja batengana joaten hasi nintzen, Azkoitira, harmonia ikastera. Eta hamabost urterekin hasi nintzen mezan jotzen. Gaur egun ere Urrestillan nagoenean jo egiten dut. Euskal Herriko organo-jole ateo bakarra naiz”.

Adin horrekin berarekin hasi zen Pako egunkariak irakurtzen eta horietara izugarri zaletzen. “Gure aitak ‘La Voz de España’ ekartzen zuen etxera eta goitik behera irakurtzen nuen. Gogoan daukat atzeko orrialdean anekdoten sail bat etortzen zela, ‘Parrastada’ izenekoa, egunero mozten nuena eta urtetan moztu izan dudana. Eta orduan hasitako egunkarietako zaletasun hura oraindik ere gordetzen dut: egunero bi edo hiru egunkari erosten ditut”.

“Ez dut idatzi dudanagatik sekula erremordimendurik izan”

Urrestillako eskolan ibili zen, OHO Azpeitian bukatuz eta hango institutuan batxilerra eginez. “Han, institutuan piztu zitzaidan literaturarako zaletasuna. Bagenuen irakasle bat –Iñaki Azkune– euskarazko klaseak ematen zituena, baina, ohizko klaseak eman beharrean, liburu-zaku bat ekartzen zuen gelara eta guk liburu bat hautatu eta ordu betez irakurtzen egoten ginen”. Batxilerra bukatu zen eta zerbait egiteko erabakia hartu beharra heldu: musikarekin jarraitu eta piano-karrera amaitu ala kazetaritza egin. “Eta bigarrena hautatu nuen, ez baitzegoen biak egiterik. Ordurako erabakita neukan idazle nahi nuela izan eta, idazten erakusten duen karrerarik ez dagoenez, kazetaritza aukeratu nuen nire asmoetatik hurbilen zegoena zelako”.

Hedonista xamarra

Garrantzi handia izan zuen Pakorentzat institutuan osatutako lagun taldeak, horien artean Juan Luis Zabala eta Iñigo Aranbarri idazleak. “Piper asko egiten genuen eta hortik zehar ibiltzen ginen. Denok ginen hippy xamarrak, txirula jotzen egoten ginen mendian, zelaian etzanda kanutoak erretzen… Bizitzari buruzko halako ikuspegi hedonista nagusitu zitzaigun garai hartan eta nigan gaur egun ere nahikoa sendo jarraitzen du: lan fijorik eduki ez, gauza serioetatik urrundu… Garai hartan, gainera, Franco hil berria zela, puri-purian zegoen politika. Eta nik uste dut gure joera horrek pixka bat gure adineko gainontzeko gazteengandik aldentzen gintuela, apolitikotasun horrek, gauza serioen aurkako joera horrek”.


"Basaurin hippy batzuen etxean bizi izan nintzen. Etxean larru gorritan ibiltzen ziren eta ni ere honelaxe, orduan ez neukan pudorerik eta".


Leioara joateko ordua heldu zen kazetaritza ikastera. “Hala ere, ez naiz sekula ikasle serio izan eta ez dut inoiz titulua lortzeko presarik izan. Aseguru bat besterik ez da, aseguru kaxkarra gainera”.

Leioan ikasten ari zela, edo gutxienez unibertsitateko ikasle-zerrendetan, Basaurin bizi izan zen urte betez hippy batzuen etxean “nik ere txima luzeak utzi nituen eta, etxean denak larru gorritan ibiltzen zirenez ba, ni ere hantxe, orduan ez neukan pudore handirik eta. Okerrena zen begetarianoak zirela eta urte bete haragirik probatu gabe egon nintzela. Gero aspertu eta Urrestillara itzuli nintzen gurasoen etxera. Bilbora apunteen bila bakarrik itzultzen nintzen, ez nintzen klaseetara eta joaten”.

Egunkarien bidetik literaturaren bidera

“Ez neukan karrera bukatzeko presarik, batzuek titulua behar zuten EITBn sartzeko edo halako lana lortzeko, baina nik ez nuen horren beharrik; bigarren kurtsoan nengoela “Egin”en idazten hasi nintzen”.

Astero bazuen zerbait Pakok “Egin”eko gehigarrian, gero etorri zen “Diario Vasco”n astean bitan zutabe bat idazteko aukera. “Hiru idazle txandakatzen ginen: Ramon Etxezarreta, Maite Glez. Esnal eta ni. Eta hor ibili nintzen –urte betez iraun behar zuen lan horretan– lau urtez, astero-astero bi lan eginez”.

Hilabete batzuk egin zituen gero “La Voz de Euskadi” egunkari sortu berrian, egunero orrialde bat idatziz eta astean behin elkarrizketa egiten nion euskal idazle bati: Lertxundi, Atxaga, Irigoien… Horrela sortu zen idazle horiekiko adiskidetasun bat eta horrek literatura idazten eta argitaratzen hasteko konfiantza eman zidan. Idazten urteak eman nituen, baina halako bultzatu bat behar nuen, nik miresten nuen norbaitek ‘ño, hau polita duk, hau ondo zegok’ esatea”.

“Diziplina usaintzen dudanean, izutu egiten naiz”

Garai hartantxe ezagutu zuen Pakok Asintxio, Erein argitaletxeko sortzaileetariko bat. “Asintxio ez du jende askok ezagutzen, baina bera halako patriarka bezalakoa da, mezenas-antzeko bat. Berak orain ospetsu diren idazle askoren hastapenak ezagutu ditu. Berari esker lortu nuen babesa, argitaletxearen babesa, eta bestetik, hango irakurketa-batzordearen iritzia jasotzeko aukera”. Prentsatik ezagutzen zuten Pako eta lan bat eskatu zioten: euskal kantagintza berriaren historia egitea. Hamasei kantariri egindako elkarrizketak bilduko zituen liburuak. Berriz ere bere saltsan zebilen Pako “harreman handia sortu zen elkarrizketen bitartez kantariekin. Geroztik egin izan ditut lan batzuk horiei buruz, baita artikuluak baterako eta besterako eta euskal kantagintzari buruzko hitzaldiak ere bai”. Eta, lan horrekin ari zela, eleberri bat idazteko astia ere izan zuen, bere lehen nobela izango zena: Kcappo. Tempo di tremolo. “Uda batez idatzi nuen, Urrestillan. Eta, idatzi ondoren, nobelak nire gaineko botere bat hartu zuen, nobela gehiago idaztera bultzatu ninduen. Horrela jaio ziren gero Irene eta Krisalida. Tarteka idatzi izan ditut haurrentzako liburuak ere eta orain ere bildumatxo bat ari naiz horientzat idazten, bi neskatoren abenturak dira: Mertxe Pandeletxe eta Mari Bexamel. Baina literaturaren ondoan beti jarraitzen du prentsarako lanak”.

Horrez gain, ETBko “Babel” saioan ere aritu da lanean gidoigile bezala, baina ez omen da oso gustura ibili “niretzat morrontza bat bezala izan da, beti beste batentzako lanean. Promesa egin dut ez dudala gehiago telebistan lan egingo”.
 

"Asintxio eta biok Michel Labergerie, lehenengo euskal kantariaren hilobiaren aurrean, "Euskal Kantagintza Berria" prestatzen ari nintzenean".
 

Idaztearen ondorioak

Makina bat erreportaje eta elkarrizketa ditu Pakok idatzita, baita horietako batzuen inguruan hamaika gorabehera ere. “Orain hiruzpalau urte Orion gertatutako krimenari buruz erreportaje bat idatzi nuen “Diario Vasco” egunkariko “Zabalik” gehigarrian. Hiltzaileak –emakume bat eta bere amorantea– Martuteneko kartzelan daude hogei urteko zigorrarekin eta emakume horrek hogeita bost milioiko indemnizazioa eskatu zidan idatzitakoa idazteagatik. Auzitara eraman ninduen eta benetan larritu egin nintzen. Larreak, orduan egunkariko zuzendariak esaten zidan: “Aristi, ya puedes preparar los bocadillos para Martutene”. Baina azkenean ez zen ezer gertatu”.

“Gauez gertatzen den den-denak nire interes pizten du”

Beizamako krimena ere gatazka bide izan zen, Pakok honetaz ere idatzi zuen egunkarian. “Bi zati zituen erreportajeak eta, lehenengoa argitaratu zenean, deika ibili zitzaidan emakume bat bigarrena ez ateratzeko, inplikatuak bere familiakoak zirela. Nik ez nuen amore eman eta ez nintzela benetako euskalduna esan zidan, euskaldun batek ez lukeela horrela jokatuko. Abokatu bat ere bidali zuen egunkarira, baina erreportajea atera egin zen. Eta ez daukat inolako erremordimendurik, garai bateko kontuak ziren. Baina, elkarrizketa batean norbaitek zerbait ez kontatzeko eskatzen badit, ez dut sekula ateratzen elkarrizketatuak nahi ez duenik”.

Horrez gain, badu Pakok beste “lan” bat ere: besterentzako eskutitzak idaztea. “Herriko jendeak eskatu izan dizkit horrelakoak. Behin txakurren txertoa zela eta –dohainik jartzen dena– 1.200 pezetatan jarri zien albaiteroak Urrestillako txakurrei. Emakume baserritar bat nigana etorri zen, nik eskutitza idatzi nion eta dirua itzuli zieten txakurren jabe guztiei”. Hau baino bitxiagoak ere idatzi izan ditu Pakok. “Katxo Albizurik Ekaineko kobak aurkitu zituen beste lagun batekin hirurogeiko hamarkadan.

 Zer iruditzen? Gaita jotzen ikasten ibili da Pako Galizian, besteak beste.

Horrelako aurkikuntza bat egiten denean, sari moduko errekonpentsa ematen zaie aurkitzaileei, baina garai hartako gobernadorea gelditu zen sariarekin. Katxok Pakorengana jo zuen erreginari –Sofia aurrehistoriazalea omen da– karta bat idatz ziezaion. Pakok hala egin zuen eta Katxo erantzunaren zain hil zen.


Idazleen bilera ematen du: Atxaga, Etxezarreta, Gartzia anaiak, Ibargutxi, Olariaga, Lete, Mujika Iraola, Jorge eta nola ez, Pakoren ondoan Asintxio.

Galiziak erakarrita

Bertakoa zen Azpeitiko institutuan ezagututako maisu hura, eta haren etxean egon zen bi hilabetetan Pako, Cangas de Mozarron. “Orduan hasi nintzen ‘Faro de Vigo’n idazten, egunero zutabe bat edo bi gazteleraz –baina gailegoz ere badakit dezente–. Nire ametsa bete zen horrela: Alvaro Cunqueiro zuzendari izan zuen egunkarian idaztea. Oraingoan, berriz, beste ilusio bat betetzera joan naiz: gaita jotzen ikastera. Egunean bi orduko saioak egiten nituen bertako maisu zahar batekin, Bartolorekin. Dantza-talde bateko zuzendari da eta baditu beste ikasle batzuk ere, gero festarik festa jotzen ibiltzen direnak. Ni ere haiekin joaten nintzen, baina ez zidan niri jotzen uzten ‘oraindik ez dakizu ondo’ esaten zidan. Berak egin dit gaita bat propio niretzat eta harekin ibili naiz kaleetan zehar Urrestillako festetan, beste lagun batekin; hura soinua eta ni gaita. Oso ondo datoz biak”.

Baina gaita ez da izan Galiziara eraman duen aitzakia bakarra, “erdi liatuta nabil hango neska batekin –ez da komeni gauzak garbi esatea, bestela hemen ez da ligatzen eta– “.


Azpeitiko inauterietan, ondoan Carmiña, bere bihotzeko azukre-koxkorra.


HIZTEGIA

ADISKIDETASUN.- Adiskide+tasun. Amistad.
ALBAITERO.- Veterinario.
ALDENDU.- Urrundu. Aurkakoa: hurreratu, hurbildu.
AMORANTE.- Maitalea. Amante.
AMORE EMAN.- Ceder.
ASTI.- Beta, denbora.
AURKIKUNTZA.- Aurki(tu)+kuntza. Descubrimiento. –KUNTZA atzizkiak ekintza eta horren ondorioa adierazten ditu. Adibidez: sorkuntza, atzerakuntza, bereizkuntza…
BABES. Geriza. Protección.
BASATI.- Baso+ti. Salvaje, silvestre. –TI atzizkiak izaera edo joera adierazten du. Adibidez: negarti, lotsati, gezurti…
BENETAN.- Zinetan, egiatan.
BITAN.- Bi aldiz edo bider.
BITXI.- Deigarria, berezia.
DOHAINIK.- Doan, debalde.
ELEBERRI.- Nobela.
EMAN BEHARREAN.- Eman ordez edo partez.
ERAKARRI.- Atraer.
ESKUTITZ.- Gutuna. Carta.
FESTARIK FESTA.- Festaz festa. De fiesta en fiesta.
GEHIGARRI.- Suplemento.
GIDOIGILE.- Gidoi+gile. Gidoiak egiten dituena. Guionista. Era berean: musikagile, eltzegile, sendagile…
HARRIKA IBILI.- Andar echando piedras.
HASTAPEN.- Hasiera. Comienzo.
HAURTZARO.- Haurtza+aro. Haur-garaia edo denbora. Infancia. Era berean: zahartzaro, helduaro, gaztaro…
HAUTATU.- Aukeratu. Escoger.
ITZULI.- Bueltatu. Regresar.
JO.- Tocar.
KAXKAR.- Eskasa, nolabaitekoa, erdipurdikoa.
KAZETARITZA.- Kazetari+tza. Periodismo.
LAPURTU.- Ostu, ebatsi, harrapatu.

LARRU GORRITAN IBILI.- Biluzik ibili. Andar desnudo.
MORRONTZA.- Servidumbre.
OHO.- EGB.
OSPETSU.- Ospe+tsu. Famatua.
PIPER EGIN.- Eskolara joan gabe gelditu. Hacer novillos.
PROPIO.- Berariaz. Expresamente.
PURI-PURIAN EGON.- Pil-pilean egon.
SORTZAILE.- Sor(tu)+tzaile. Creador. –TZAILE atzizkiak egilea adierazten du. Adibidez: laguntzaile, saltzaile, hornitzaile…
TXERTO.- Vacuna.
TXIMA.- Greña, melena.
ZALETASUN.- Afizioa, grina.
ZENTZATU.- Entrar en razón, hacerse sensato.
ZUTABE.- Columna.


 

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

C1
Oct 1, 1991
Number: 1292537
Source:
Dialect:
  • Batua
Number of visits: 4384