Docutec Card

Kepa Larrea: "Dena ez da EGA"

Arrigorriagako Udal Euskaltegian egin dugu hitzordua Kepa Larrea irakaslearekin, Nola atera EGA (euskara jakin gabe) liburuaren gainean hitz egin nahi baikenuen berarekin. EGA titulua bera, ikasleak, euskara... ere izan dira hizpide.

HABE.- Beno, Kepa, lehenengo galdera. Zuk ba al duzu EGA agiria?

KEPA LARREA.- Ez, ez dut EGA agiririk, alde batetik zaharra naizelako edo behintzat ikasleak baino zaharragoa eta bestetik, garai batean euskara ikasten hasi nintzenean ez zegoelako EGArik, zegoen bakarra Euskaltzaindiak 92an sortu zuen D titulua zen. Ni horretara aurkeztu nintzen eta harrezkero saiatu ere ez naiz egin.


H.- Eta EGA taldeetan eskolarik eman al duzu?

K.L.- Bai, askotan. Euskaltegian 17 urte daramatzagu eta sortu zenetik nagoenez, urrats guztietan eman ditut eskolak, baita EGA mailan ere.

 

H.- Nondik sortu zitzaizun Nola atera EGA liburua idazteko premia?

K.L.- Esperientzia batetik. Euskaltegian hainbat urte ibilita eta ikusita urterik urte ikasleek galdera berberak egiten dituztela eta eskolako apunteekin bageneukala lan multzo bat, ordenatu egin genuen eta kito. Eta gero, beste alde batetik, Adurren laguntza. Bere ikuspuntua oso interesgarria izan zen liburua egiteko garaian, bera euskaltegi honetako ikaslea baita, nire ikaslea eta iloba. Irudien bidez islatu du hitzetan jarri ez dudana. Arte Ederrak ikasten ari da eta komentatu genuen ideia, apur batez lagun moduan, eta egia esan, ez genuen espero izan dugun arrakasta. Hasiera batean pentsatu genuen bostehun bat ale argitaratzea eta agian lagunen artean edo edizioa ordaintzeko beste lortuko genuela. Gero gauzak nahastu egin ziren eta espero ez genuen erantzuna jaso dugu.

 

H.- Arrakasta esan duzu. Arrakasta horrek zer esan nahi du, zenbat ale saldu dituzue?

K.L.- 2.000 inguru. Ez dago txarto.

 

H.- Eta badakizue nork erosi duen liburua? zein jende-motak. Ikasleek erosi al dute?

K.L.- Ikasleek bai, erosi dute, baina askotan ikasle ez direnek, lagunei oparitzeko. Denok daukagu EGA atera nahian dabilen lagunen bat edo. Eta Gabonak inguruan argitaratu genuenez, opari polita izan zen. Gainera, liburu ezberdina da, ez da gramatika bat, ez da ikasteko liburu bat.


H.- Zertarako da?

K.L.- Alde batetik, EGAri beldurra kentzeko eta bestetik EGAren balio erlatiboa erakusteko. Dena ez da EGA.

 

H.- Badut ikasle baten galdera, eta hauxe da: EGA azterketari kritika al da zure liburua?

K.L.- Neurri batean, bai, hala da. EGArekin gertatzen da titulu guztiekin gertatzen dena, Unibertsitateko ikasleak askotan kexatu egiten dira, karrera amaitu bai, bost urte ez dakit zein lizentziatura ateratzeko hainbat ahalegin egin ondoren, baina gero konturatzen dira benetan ez dakitela, edo geroago ikasten dutela. Eta nik uste dut EGArekin horrelako zerbait gertatzen dela. Baina EGAk hainbat ate zabaldu ahal dizkigu, lan-mundua. ate asko ez, baina batzuk behintzat, bai. Zer da garrantzitsuagoa, titulua ala euskara bera? Nire ustez, batak ez du bestea halabeharrez ekartzen. Orduan, neurri horretan, jakina kritika dagoela.

 

H.- Zure liburua praktikoa iruditzen zaizu? Hau da, EGA atera nahi duen edonorentzat benetan lagungarri dela uste duzu?

K.L.- Beste ikuspuntu bat da, liburu hau ez da gramatika ikasteko, ez du balio euskara ikasteko, hainbat gauza kontuan hartzeko da. Azterketari begira egindako liburua da. Eta nik uste dut horrelako liburu bat falta genuela. Badira testa gainditzeko hainbat liburu, baina horrelakorik ez dut inoiz eduki, alde horretatik interesgarria iruditzen zait. Eta nik uste dut horrela ikusi dutela ikasleek ere.

 

H.- Eta zergatik idatzi duzu, ikasleei laguntzeko?

K.L.- Bai, baina hor bi gauza daude, alde batetik kritika bat eta bestetik, ikasleei laguntzea. Zer nahi dute ikasleek? Batzuek, behintzat, EGA. Bada, EGA ateratzeko, euskaraz gain beste hainbat gauza ere kontuan hartu behar dituzte. Euskara gutxi jakinda eta teknika menperatuta atera ahal duzu EGA, alderantziz, ez. Nahiz eta euskara asko jakin, filologo ona izan, baina teknika menperatu ezean, ez dago EGA gainditzerik. Eta horrelako ikasleak guk hemen eduki ditugu, euskaldun onak, euskaldun zaharrak, sinonimoetan bikainak, oso trebeak, ulermenean eta hitz egiteko arazorik ez, baina idazten ez zekitenak, eskolan ikasi ez zutelako, eta behin eta berriz atzera eta atzera, puntuazio-markekin zer egin ez zekitelako, adibidez.


H.- Pentsatzen al duzu EGA agiririk ez balego jendeak izena emango lukeela euskaltegian euskara ikasteko? Ez al da amu bat ikasleak euskaltegira ekartzeko?

K.L.- Amu eta amu pozoindua izan da. Ez, segun eta zein den ikaslearen helburua, eta ikasleei aukera emango bagenie 'zer nahiago duzue, titulua ala euskara jakin?' agian, ustekabe ederrak hartuko genituzke. Nik ezin dut esan denak titulua lortzera datozenik ezta euskara ikastera ere. Ikasle bakoitza mundu bat da eta bakoitzak bere gurak ditu, baina EGA atera nahi dutenei ere aukera eman behar zaie.


H.- Nolako emaitzak dituzue hemen, Arrigorriagako Udal Euskaltegian, EGAra aurkezten diren ikasleen artean? Teorian, zu bezalako aditu batekin, emaitza onak, ezta?

K.L.- Ikasleen mailaren araberakoak dira emaitzak. Askotan izan ditugu ikasle onak eta emaitza onak jaso ditugu. Bestetan, ez. Batzuk presa handiz joaten dira EGAra eta esaten dute 'ni probatzera noa, ea nolakoa den' eta guk badakigu gezurra dela, probatzera bai, baina bide batez lortzen badute, tira. Guk esaten diegu prestatuta dauden ala ez, baina beraiek askatasuna daukate aurkezteko.

 

H.- Izan al zara sekula EGAko aztertzaile?

K.L.- Ez, ibili nintzen ikasturte batzuetan, baina ez, ez zait inoiz egokitu. Ez nuke nahi, gainera.

 

H.- Zergatik?

K.L.- Aztertzea eta... niri notak jartzea ez zait gustatzen. Nik ikasleei esaten diet zer egiten duten ondo edo txarto, baina notak jartzea 0, 4,5, 3,9. Muga non jarri?. Baina erakutsi bai, hau ondo dago, saia zaitez honetan. hori bai.

 

H.- Zure liburua erosi duen ikasle bati iritzia eskatu diot. Hauxe esan dit: 'Erreferentzia ona da azterketa egin behar duenarentzat', esan du, eta gero esan du: 'zatiz zati, hau da atalez atal ematen dituen azalpenak ere oso baliagarriak , batez ere antolatuta dagoelako azterketaren atal bakoitzari nola aurre egin azalduz. Horrelako aipamen asko egiten dituzu eta adibide praktiko asko ditu'. Zer iruditzen zaizu kritika-iritzia?

K.L.- Ona, hau liburu txikia da, gure asmoa ez da oso handia izan, nahi izanez gero, ez dago amaituta, agian hobetu daiteke, baina beste alde batetik, beste ikuspuntu bat ere badugu, batez ere baliagarria izan nahi du ikasleentzat, baina ez da liburu osoa, aholku batzuk, gauza batzuk besteak baino gehiago landu ditugu, baina abiapuntu bat izan da.

 

H.- Irakasleen aldetik jaso al duzue kritikaren bat?

K.L.- Ez, kritikarik, ez. Baten batek galdetu dit ea HABEren aldetik ez ote dudan kritikarik jaso, eta momentuz, ez. Egia esan, kritika zorrotzik eta txarrik ez. Baten batek izenburuaz esan dit, zergatik 'euskara jakin gabe'? Hori jendea beldurtzeko ez ote den. Hori errealitatea da.


H.- Esango dizut izenburu hori dela eta, ikasle batek amorrazioa adierazi zuela, ez omen zitzaion batere gustatu, berak ulertzen zuen EGA ikasten ari zela, ikasi egiten dela EGA ikastaroan eta galdetzen zuen nola esan daitekeen euskara jakin gabe ere EGA gainditu daitekeenik. Haserre zegoen.

K.L.- Ikasle horri azaldu beharko litzaioke lehen esan dudana, bi gauza diferente direlako, bai arlo honetan bai Unibertsitatean, bai arlo gehienetan, ikastea eta titulua eskuratzea. Beti ez, baina kexa hori askotan entzuten da. Nik, dena den, animatu egingo nuke, ikas dezala EGArekin zein EGA gabe.

 

H.- Eta zergatik izenburu hori? Jende gehiagok liburua erosteko?

K.L.- Nik uste dut errealitatea dela eta liburuak berak daukan ukitu kritiko horren isla dela, bi gauzak bereiztu nahi ditugulako, euskara ikasteko agian beste liburu-mota bat egin beharko genuke, agian bigarren liburua. Baina hau ez da euskara ikasteko eta nik uste dut handik eta hemendik hainbat atarramentu eta hainbat gauza batera, baina bereiztu egin behar dela, euskaldun gehienek ez dute EGA agiria.

 

H.- Eta zuk zer nahiago dituzu, EGA lortu nahi duten ikasleak ala euskara ikasi nahi dutenak?

K.L.- Ni gusturago nago euskara ikasi nahi dutenekin. Eta askatasun handiagoa daukazu klaseak modu osoago batean planteatzeko. EGAk berak asko mugatzen ditu eskolak.


H.- Ondo-solasean jaso den ideia da egiazko ikasketa titulua eskuratu eta gero hasten dela.

K.L.- Bai, gauza askotan bezalaxe. Baina, beno, behintzat presio hori gaindituta eta ikasi nahi baduzu, gustura ikasten duzu, benetan nahi duzulako eta interesa duzulako, beste modu batera ikusten da.

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B2
Apr 21, 2004
Number: 109155
Source:
Number of visits: 7682