Docutec Card

Juan Kruz Igerabide: "Egun bakar batzuetarako baino ez gaude hemen"

'Mailu isila' lanagatik Espainiako kritika saria jaso du Juan Kruz Igerabide adunarrak. Idazlearen lana bakartia eta esker txarrekoa dela uste du, eta sariek aurrera egiteko bultzadatxoa ematen dutela. Alde horretatik pozik dago jaso duen azkenarekin. Poesia berba maite du, olerkia baino gehiago gustatzen zaio, 'poesia' hitza unibertsalagoa delako. Poesiaz mintzatu gara berarekin.

Goizalde Landabaso.- 'Mailu isila' lanean beste idazle zenbaiten erreferentzia egiten duzu, omenaldia egin nahi izan diezu?

Juan Kruz Igerabide.- Omenaldia baino neure ibilbidean pausaleku bat hartu nahi izan dut. Euskarazko literaturan, eta batez ere poesian jarri ditut hankak. Lehendik egindako bideari nire zatitxoa erantsi diot. Sentikortasunez idatzitakoak dira. Bestetik, ordea, garbitu ere egiten du, eta eraman egiten du, denboraren sinbologia ere bada alde horretatik. Eta nireari dagokionez, eraikitzailea ere bada. Sinbolo handiak, giza harrotasunak egindakoak ezabatu egiten ditu, eraman. Sinbolo izatetik antisinbolo izatera pasatzen da ura. Existentziaren aurrean apaltasun apurra ematen duena da ura.


G.L.- 'Penak elefanteak dira', idatzi zenuen behin, 'pozak, zaldiak... amodioa, inurriak...' Zer da mailua?

J.K.I.- Kontzientzia da. Gabriel Arestiri hartutako mailua da, Arestirena, baina, mailu soziala zen, komunismotik hur zegoena, mailu indartsua, aldarri egiten zuena, ahots gogorrekoa. Neurea, berriz, isila da. Barne gogoetaren mailua da, kontzientzia isilarena. Isilik dago, barru-barruan, baina mailuka segitu nahi du.


G.L.- Gizakiaren gaineko gogoetak eta hausnarketak egitea atsegin duzu... zure ustez zalantza gutxiegi egiten du gaur egungoak?

J.K.I.- Gaurko gizarteak kontraesan handia dauka. Alde batetik, segurtasun handia bilatzen du, diruaren edo materiaren bidez bilatzen du. Bestetik, ordea, sekula baino zalantza gehiago du. Bizitzaren zentzuaren gainean, existentziari berari dagokiona. Gaur egun gehienok ez dugu sinismen bat goitik behera sinisten. Ez dago dogmarik, ez dago pentsamendu sistematikorik. Egun dauden sinismenak zatiak dira. Azken batean, zalantza da gaur egungo existentziari buruzkoetan abiapuntu nagusiena. Eta zein da honen ondorioa? Ba begira apala. Hemen nago, mundu honetan, eta etengabe galdetzen ari naiz zer egiten ari naizen, zertara etorri naizen, zein den bizitzaren zentzua. Egun gutxi batzuetarako etorri gara. Honek batzutan larritasuna sortzen digu, eta presaka ibili beharra. Momentu honetan, nik uste dut, duela 2000 urteko estoikoen jarrera dela egokia: patxada bilatu, begirada pausatu eta galderak egiten jarraitu. Eta ez larritu hainbeste; jaio gara, eta hilko gara, horiek seguru ditugu. Saia gaitezen bien arteko tartean ahalik eta erantzunik aberatsenak topatzen.


G.L.- Poesiaren harian honela idatzi zenuen zuk: 'Garai berezi batean aurkitu nuen poesia. Ez nuen ezertan sinisten garai hartan; bizitzari zentzurik aurkitzen ez nion momentuan topatu nuen poesia. Bizitzari beste ate bat zabaldu nion poesiaren laguntzaz, eta 25 urte geroago zabalik jarraitzen du ate horrek'.

J.K.I.- Bai, ez dakit askoz gehiago eransterik ote dudan. Desenkantuaren garaia izan zen. Munduari buelta emango geniola uste genuen, eta utopiaren bat gauzatuko genuela. Baina porrot egin zuen. Horren aurrean irtenbide bi gelditzen zaizkizu: zeure buruaz beste egin, edo beste ilusio batzuk topatu eta bizitzen jarraitu. Nik azken horri heldu nion. Poesiak asko lagundu zidan; ez poesiak bakarrik, bizitzaren aurrean hartu nuen jarrerak, eta horren barruan zegoen poesia.


G.L.- Lirikarako garaiak al dira?

J.K.I.- Ez, inolaz ere ez. Horregatik oso garrantzitsua da lirika. Gauza baterako garaia ez denean, ba falta horrek, gabezia horrek adierazten du zein den garrantzitsua.


G.L.- Haur eta gaztetxoen poesigintzan urteak daramatzazu, zelan hartzen dute eurak poesia?

J.K.I.- Harrigarria bada ere, oso ondo. Kontua da nola aurkezten zaien poesia. Garrantzitsuena eurentzat interesgarria izan dadila da. Haurrak, azkenean, liluratu egiten dira, eta asmatzen ere, asmatzen dute. Haurrak oso argiak dira: onak edo txarrak izan litezke baina atsegin ez badituzte bazter batean uzten dute eta kito. Gazteen artean zailagoa da, adin zailagoa da. Baina, konektatzen duten poesiak aurkituz gero arrakasta ziurtaturik duzu.


G.L.- Heldu batek zer egin behar du haur eta gaztetxoentzat poesia idazteko, barruan daramazun umea askatu, erregistroa aldatu...?

J.K.I.- Bakoitzak bere trikimailuak ditu, baina nire esperientziaren arabera gauza bi. Batetik, barruan neraman haurra berpiztu behar izan dut, ni izan nintzen haurra ekarri behar izan dut. Bestetik, aurrean duzunarekin enpatia lortu behar duzu. Bere barruan sartu behar zara, oso zaila izaten da, baina konexioa lortzen baduzu asko lor daiteke. Hitzen aurrean duten erreakzioak eta begiradek asko esaten dute. Horien bidez idatzia egokitzen zoaz.


G.L.- Helduentzat ere idatzi izan duzu...

J.K.I.- Bai, erregistro kontuak dira. Azkenean, arotz batek logelarako edo garajerako atea egin behar badu badaki, jakin, ezberdina dela. Eta poesigintzan ere bereizten ikasten duzu. Badira formulak eta ikerketak, baina niri senarekin jokatzea gustatzen zait. Sen horrek esaten dizu nola egin berba, zer esan behar diozun helduari eta zer haur edo gazteari.


G.L.- Laburtzeko joera omen duzu, zenbat eta hitz gutxiago orduan eta hobe?

J.K.I.- Nire ustez bai. Eta lanik zailena kentzea da, zer kendu erabakitzea. Eskultura bat egiten ariko bazina legez, kenduz-kenduz, geratzen da poesia. Niri poemak ahalik eta indartsuen egitea gustatzen zait, esentzia agertzea, eta lanik zailena kentzea da.


G.L.- 'Kultu idazlea' etiketa ezarri dizute. Gustatzen al zaizu?

J.K.I.- Nik kontu horietan ez dut gehiegi sinisten. Urte dezente daramatzat honetan, eta ikerketak egiteko-edo ondo etortzen dira. Baina, azken batean idazle bakoitzak nahikoa lan izaten du bere nortasuna eraikitzen, bere ibilbideari bere-berea dena ematen. Sailkatu egin liteke, baina azken batean idazlearen bidea eta ibilbidea bereak dira. Eta 'kultu' horri dagokionez, nik uste dut esan nahi zutena zera dela: jendetza handietara baino bakar batzuetara iristen garen idazleak garela. Ez garela arrakasta zabala izan dugunok, bakar batzuk baloratutakoak baizik.

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

C1
May 19, 2003
Number: 108928
Source:
Dialect:
  • Batua
Number of visits: 2390