Docutec Card

Kresal usaineko liburuak

Zaharra da itsasoaren gaia literaturan. Ordea, beti bera eta aldi berean beti berria den gaia da. Izan ere, itsasoaz idazten duen bakoitzean itsaso berri bat asmatzen du idazleak, itsaso bera desberdin ikusten baitu pertsona bakoitzak, idazle bakoitzak.

Edorta Jimenez izango da ziurrenik euskal literaturan itsasoaz gehien idatzi duen idazleetakoa. Mundakarra eta itsasoan lanean ibilitakoa izanik, itsasoz blaituta daude haren liburu asko. Baleen berbaroa (Txalaparta, 1997) nobela historikoan, esate baterako, XVI. mendera garamatza Jimenezek, kostaldeko Mundatxa herri alegiazkora. Itsas aldean agertutako balearen harrapaketatik abiatuta, abenturaz eta emozioz betetako thriller historikoa osatu zuen, heriotza misteriotsu baten inguruan harilkatua. Nobelak bete-betean sartzen gaitu XVI. mendean, Inkisizioa edo protestantismoaren inguruko giro iluna erakutsiz. Horrez gain, Atoiuntzia (Susa, 1990) eta Laudanoa eta sutautsa (Txalaparta, 1996) ipuin-bildumak ere, gai oso desberdinak lantzen dituzten arren, itsas giroan kokatu zituen idazle bizkaitarrak. Patxi Iturregi laudiarrak ere itsasoa eta nabigazioa izan ditu bizibide. Eta baita inspirazio-iturri ere. Izan ere, gaur arte argitaratu duen liburu bakarra, Haize kontra (Elkar, 1996), itsas giroan murgiltzen da goitik behera. Bederatzi ipuinek osatzen dute liburua: antzinako piraten gorabeherak kontatzen dituena, Lisboara doan petroliontziaren ingurukoa, itsasontzira lehenengoz igotzen den emakumearena... Giro, garai eta pertsonaiak oso desberdinak izanik ere, ipuin hauek badute elkar lotzen dituen zerbait: itsasoa. Alabaina, gordina da ipuin-liburu hau, itsasoaren ikuspegi erromantikoaz oso bestelakoa ematen diguna. Septentrio (Alberdania, 2001) du izena Aurelia Arkotxa baigorriarraren bigarren liburuak. Atari ahantziak (Pamiela,1993) poema-liburua idatzi ondoren eman zen argitara iazko Durangoko azokan. Oso liburu berezi eta originala da Septentrio, itsas bidaien ikuspegi berritzailea ematen duena. Izan ere, geopoetikaren inguruan kokatzen du liburua egileak; hots, paisaiak edo inguruneak gizakiari eragiten dizkion sentimenduak ditu oinarri. Marco Poloren bidaiak edo Ternuako antzinako arrantzaleen istorioak aurki daitezke proposamen berri honetan. Itsasoarekin aspaldi maitemindutako idazlea dugu, azkenik, Joseba Sarrionandia iurrretarra. Poesian nahiz narratiban, marinel zaharrak eta itsas kondairak maite dituena. Kritika saria irabazi duen Lagun izoztua (Elkar, 2001) eleberrian, bere beste hainbat lanetan bezala, urak eta itsasoak pisu eta sinbologia handia dute. Bertan, Antarktikarako itsas bidaia bat kontatzen zaigu zehaztasunez, besteak beste. Orain ia hogei urte, bestetik, itsas giroko bi ipuin eman zituen argitara Narrazioak (Elkar, 1983) liburu gogoangarrian: Marinel zaharra eta Arima naufrago bakartiak. Azken honen pasarte bat da hona dakarguna:
Eta arratsalderako ekaitza ekarri zuen. Lei haize bat ailegatu zen lehenengo, mastak bere zurrumurruaz ikaratzeko, hodei beltz eta erraldoi batzuk gero, eta olatu izugarriak. Belak tolestu eta zain geratu ziren. Goibeldu eta dardaratu egin zen itsasoa, munstro izugarri bat bihurtu zen laster, eta ontzia ez zen han intxaur azal bat baino. Uhinek ontziaren gainetik egiten zuten salto, otsoek arditegietako atramaden gainetik bezala. Goraka eta beherakada beldurgarrietan, Acushnet hura, lainoak ukituko zituela zirudien batzuetan, eta uretan murgilduta, hondoko harea joko zuela bestetan. Zur ahulezko hormen barruan, itoko zirela pentsatu zuten marinelek gau osoa eta goiza iraun zuen galarrena amaigabe haren erdian, eta otoitz ere egin zuten guti batzuek. Finean, atertu eta, arratsalde barean agertu ziren berriro. Itsasoa bare, baina bezperara arte bortitz eta harroa izandako belauntzia hondaturik zegoen, masta nagusiak erauzirik, ontzigaina itsas belarrez lohiturik. Marinelek, herioak kolpatu baina eraman ez zituelako alegrantzia herabeaz begiratzen zuten elkar. Zerua erori bailitzen, itsasoa ere urdin gardena zen, ez zen igartzen ortzi mugan marrarik. Eta eguzkiak tanta biribil eta gorri bat zirudien, ez goian ez behean, baizik eta ontzi bat bezala, istriborrean. Marinelek galerrenan galdutako lagunen izenak eta gauzen zerrenda eman zizkioten kapitainari. (J. Sarrionandia, Narrazioak)
Ale bakan batzuk soilik aipatu ditugu hemen eta beste hainbeste (edo gehiago) geratu zaizkigu aipatzeke. Hala ere, liburuen bidez itsasora abiatu nahi duenak badu non aukeratu eta zer irakurri. Arriskurik hartu gabe gainera. Horixe eskaintzen baitigu literaturak: etxeko salatik mugitu gabe abenturak bizi eta bidaiatzeko aukera. Zuzenketa-orria EKAITZ: Atmosferaren nahasmendu bortitza, haize gogorrez eta gehienetan euriz edo elurrez eta trumoi-tximistez gertatzen dena. LEI HAIZE: Oso haize hotza. MASTA: Ontzietan, belei eusteko zutik kokatzen den haga. ONTZI: Itsasontzia. UHIN: Olatua. URETAN MURGILDU: Uretan osorik sartu. GALARREN: Galerna, ekaitz gogorra. ITSASO BARE: Lasai dagoenean. ITSASO BORTITZ ETA HARRO: Itsasoa haserre dagoenean. BELAUNTZI: Belak dituen ontzia. ITSASO URDIN ETA GARDEN. Itsaso garbia. ISTRIBOR: Ontziaren eskuineko aldea, popatik brankara begiratuz gero. KAPITAIN: Itsasontziko buruzagia.

Interesatzen zaizu

  • Aral itsasoa

    Aral itsasoa

    Komiki hau ez ohikoak diren bost istorio laburrek osatzen dute. Istorioek ez dute elkarrekin zerikusirik, baina guztiek dute giro dekadentea. Gehienetan adinekoak dira protagonista, edota animaliak, gizakiekin harreman bitxia dutenak.

    Aral itsasoa
 
 

Comments
Login for comment

Jun 10, 2002
Number: 108565
Source:
Number of visits: 3808