Docutec Card

Andoni Aizpuru: "Mapa batekin iragarpenik luzeena bederatzi egunekoa da" 2/2

Hizketagaia esan beharrik ba al da? Eguraldia bere luze-zabalean.

HABE.- Lau urtaroak aipatuko ditiagu... Eguraldia eta heure bizitza lotu, eta heuretzat bakoitzak zer esanahi duen.

ANDONI AIZPURU.- Neguarena ia gaixotasuna duk neurea. Negua esan eta elurra esan. Niri hotza eta izotza egiteak, bost! Elurra esan eta gaixotu egiten nauk. Elurra datorrela esan, eta oraindik ere, eta ez nauk ume-umea, kapaz nauk gauean jaiki, eta leihora irteteko, ari duen ala ez. Eta ari ez badu, eta teilatuko ituteak ttin-ttin-ttin... ari badira, horrek esan nahi dik 0°C baino gehiago daudela, elur bustia egin dezakeela, baina elurra ez... Igual amorratu, ez duelako elurrik egin behar, eta lorik egin ez! Ni Gabiriakoa nauk, kaskokoa, herri altukoa, 400 metrotik gora, Gipuzkoan egoteko altu xamarra, eta negukoa zuan festa, politta dena... Elizako kanpaiak: dan-dan-dan! Normalean kanpaiak jotzen dik tan-tan-tan! Ni eliza ondokoa nauk, eta goizeko bostetan, esna igual, eta dan-dan-dan... Elurra! Bosgarren kanpairako komuneko leihoan nengoan, eta elurra mara-mara, izugarrizko matazak, eta lodituta gure etxeko pikondo hartan. Nik grabatuta zeukaat txikitako irudi hori, eta oraindik barruko ume hori, eta ez hain barrukoa... Udaberria? Politta duk.
Ni oso naturazalea nauk: arbolak asko gustatzen zaizkidak, loreak... Baratzean ere ilarrak, babak... Marrubizale amorratua nauk ni, eta nire familia guztia, alaba... Naturaren esnatze hori, Lizardik esaten zian musker kolore hori... oso gustukoa diat. Udazale amorratua ez nauk, beroa ez zaidak gustatzen. Uda bai, oporrak eta hondartzara gustura joaten nauk, baina ez nauk horrela, bereziki, udazalea. Eta asko gustatzen zaizkidak udazkenean basoak hartzen dituen kolore horiek. Batez ere, orbela: Argiñetako Nekropolisean orbel artean ibiltzea. Eta footing egitea basoan. Uso-pasea, antzarak... Ni ez nauk hirizalea, niri naturak esaten zizkidak gauzak: zapelatza bazebilek hemen umeekin, beleak ere bazeudek, eta mikak... Mika asko zegok... Gabirian bazegok bat. Oraindik bizi duk, Nikolas.

 

H.- Hi heu ere Gabiri haiz ezizenez. Jende askok ezagutzen al hau horrela?

A.A.- Jendeak bazekik giputxa naizela, baina Gabiriakoa... Jendeak jakingo dik, gazteek beharbada ez, Gabirian pasionisten komentua zegoan, eta Bizkaitik ere asko joan zituan eta esan izan zidatek: 'Nire neba joan zen, edo osaba'. Hori bai.

 

H.- Loreak ikusten ditiat hor kanpoan.

A.A.- Neronek jarritakoak dituk denak. Amarengandik zetorkidak loreenganako afizioa. Eta gero ortua eta... Horregatik nahi nian nik baserria, kaleko pisu batean ezin errenditu, mutil! Ahuntzak mendira... Orhiko xoriak Orhi laket, Erramun Martikorenak abestutakoa...


Tenporak
 
H.- Jendeak geroz eta epe luzeagorako iragarpenak eskatzen ditik.

A.A.- Halaxe duk. Arreba ezkonduko zaiola hiru hilabete barru, eta ze eguraldi egingo duen. 'Baina zuek ba al dakizue eguraldia zer den?'. Orain ari gaituk Pello Zabalarekin tenpora asunto hori aztertzen. Epe luze xamarreko joera ematen diate tenporek, baina ez eguraldia zehatz-mehatz zehazteko adina. Pasa den udazkenean oso ondo asmatu diate tenporek, lehorra joango zela, oro har behintzat, hor erdiko hilabetea kenduta... Baina mapa batekin eperik luzeena bederatzi egun, eta bederatzi egun horietatik, bosgarren-seigarren egunetik aurrera oso zaila duk asmatzea, joera agian bai...


H.- Pello Zabalari esker gehiago fidatzen haiz tenporez?

A.A.- Bai. Nik beti aditu izan diat zerbait. Oso tipo jatorra, bizkorra eta serioa duk. Bere notak oso ondo apuntatuta eramaten ditik, eta sinisten hasita nauk Pellori esker, hor zerbait badela. Ilargiaren lotuta, ilargialdiak... Hilabete honek hogeita hamar egun, hurrengoak hogeita hamaika... horrek ez zeukak eguraldiarekin zerikusirik.


H.- Entzuna diat enbata oso hemengoa ote den.

A.A.- Bizkaiko Golkoko fenomenoa duk. 'Zikloi' txiki bat duk nolabait, baina baldintza batzuk daudenean bakarrik gertatzen dena. Normalean goizean goizetik sargori izaten duk, hezetasun handiko egunak izaten dituk, eta gero behar dik presio baxua, borraska txiki bat, hor Galizia-Asturias alde horretan. Tenperatura-aldaketa dela eta 'zikloi' moduko bat sartzen duk, ia-ia urtero gertatzen dena. Egin ditik ederrak. Akordatzen nauk San Ignazio egun batez, orain hiruzpalau urte edo... Gu Lekeition eta asko ibiltzen gaituk eta. Izugarrizko harria, pertsiana guztiak txikitu zizkian... Polita duk barrutik ikusteko, ze itsasoan harrapatuz gero...


H.- Bazegok hemen-hemengo beste fenomenoren bat?

A.A.- Beno, zirimiriarena aipatzen duk. Frentea fuerte sartzen denean, euri- zaparradak eta 'frente ocluido' edo sartzen denean, nahasia, mantso-mantso, poliki-poliki, batere indarrik gabea. Orduan sortzen duk euri txiki hori, ezta? Lekeitio aldean eta euri zirina esaten ziotek. Hori baduk Bizkaiko Golkoko zerbait, ez bakarrik Euskal Herrikoa. Baina, Iruñean eta gutxiago egiten dik.

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

C1
Feb 3, 2002
Number: 108368
Source:
Dialect:
  • Batua
Number of visits: 3175