Docutec Card

Kerman mintzalagun bila. Lapurreta

Transcription:[+] Transcription:[-]

 AITZIBER: Kerman, badakit aspaldi honetan erantzun bat zor dizudala … Baina ez nekien ondo nola heldu gaiari… 

KERMAN: Aa…
AITZIBER: Baina, beno, bada garaia nik ere nire sentimenduak azaltzeko, ezta?
KERMAN: Aa…
AITZIBER: Kontua da, maite ninduzula esan zenidanean, nik… Kerman!!!!!! Ez al zaizu interesatzen zer esaten ari naizen?
KERMAN: Ez...
AITZIBER: Adarra jotzen arituko zara, ezta?
KERMAN: Barkatu, Aitziber... Ez haserretu... Ez naiz zurekin geratzen ari... Despistatuta nengoen bi tipo horien hizketaldia entzuten...
AITZIBER: Bi horien hizketaldia hemendik? Zer uste duzu? Tuntuna naizela, ala? Adarra jotzen jarraitu behar baduzu, nik hanka egingo dut hemendik!
KERMAN: Aitziber! Aitziber! Ez naiz ilea hartzen ari!!! Ezpainak irakurtzen ari naiz...
AITZIBER: Ezpainak irakurtzen? Kerman mesedez! Ez da posible! Eta, hala izanda ere... Hain interesgarria al da bi horien hizketaldia?
KERMAN: Lapurreta antolatzen ari dira!!!!!!

AZALPENAK
«Zurekin geratu» edota «ilea hartu» esapideak saihestu egingo ditugu. Horien tokian, «adarra jo» edota «ziria sartu» erabil ditzakegu. «ez naiz zuri adarra jotzen ari» edo «ez naiz zuri ziria sartzen ari».

KERMAN: Begira, Aitziber! Arrazoi nuen nik!!! Banda bateko lapurrak dira bi horiek! Nafarron aritzen dira!!!
AITZIBER: Kerman, tipo hauek aurpegia estalita daukate! Ez dago jakiterik eurak diren...
KERMAN: Hara! Gipuzkoara ere heldu dira! Azken kolpea Getarin egin zuten... Eta jende asko bahitu zuten! Ama!
AITZIBER: Kerman, egunkariaren arabera, tipo horiek atxilotu zituzten...
KERMAN: Bai, hala da... Baina honezkero kalean ibiliko dira... Ama!!!! Gipuzkun egingo dute hurrengoa!!!! Betaurrekodun tipoak esan du!!!!
AITZIBER: Benetan? Hau da beldurra!
KERMAN: Beste tipoak esan du ekarri duela Errenterin erositako materiala!!!!! Baietz metrailetaren bat izan!!! Ikusi duzu zer daukan altzoan????
AITZIBER: Bai... Gitarra, sekulako erreminta arriskutsua...
KERMAN: Ai, ai, ai!! Hemen bertan, Donostin egingo dute lapurreta!!!!!! Betaurrekodun tipoak esan du!!!! Ene!!!! Agian hor ondoko banketxea garbituko dute!!! Poliziari deitu beharko diogu!
AITZIBER: Kerman, erotu egin al zara? Utzi bakean bi gizajo horiek...
KERMAN: Gizajoak? Kriminalak bai!
AITZIBER: Bai, sekulakoak...
KERMAN: Aaaa!!!!!!

AZALPENAK
Donostian, Errenterian, Nafarroan eta Gipuzkoan esango dugu. Gogoan izan –a itsatsia dutela toki izen horiek. Donostin, Errenterin, Nafarron eta Gipuzkun, horrenbestez, baztertu egingo ditugu.

KERMAN: Ai ama!!! Aaaaa!!!
AITZIBER: Shiii!! Entzun egingo dizute!!!
KERMAN: Arrazoi duzu, Aitziber!!! Euren trikimailuen berri badugula konturatzen badira... Gureak egin du! Hobe dugu disimulatu eta beste zerbaiti buruz hitz egin!
AITZIBER: Zergatik ez dugu gure harremanari buruz hitz egiten? Izan ere... Horretarako gelditu gara...
KERMAN: Ama... nik Ondarroara joan behar nuen... Zergatik etorri ote naiz Gipuzkoara? Are gehiago... Zergatik etorri ote naiz Donostiara?

AITZIBER: Hara! Ba gure harremanari buruz hitz egiteko geratuta geundelako!
KERMAN: Adarra jotzen ari zara, ala? Une egokia iruditzen zaizu horrelako kontuez hitz egiteko?
AITZIBER: Ba, bai! Nik ezin dut gehiago, lehertu egingo naiz bestela...
KERMAN: Amaaaaa!!!! Tipoa poltsa zabaltzen ari da...
KERMAN: Eta gitarra atera du... Kar, kar...
AITZIBER: Ikusten????
KERMAN: Baina niri ez didate ziria sartuko... Trikimailua besterik ez da... Estaltzeko trikimailua!!! Nafarroan mozorrotuta ibiltzen ziren, banketxerik banketxe.
AITZIBER: Hara Kerman... Zurekin ez dago hitz egiterik! Ni banoa!
KERMAN: Aitziber! Aitziber!

AZALPENAK
Ezpainak irakurtzen ere badaki gure Kermanek. Ikusi dugunez, «ilea hartu», «nirekin geratu» eta tankera horretako esapideak ez dira oso jatorrak euskaraz. Horien tokian, «adarra jo» edota «ziria sartu» balia ditzakegu. Bestalde, gogoratu hainbat toki izenek –A itsatsia duela euskaraz. Hala, Donostian, Errenterian, Gipuzkoan, Ondarroan eta Nafarroan esango dugu. Horixe gaurkoa, lagunok. Zuek badakizue zer esaten dugun, ezta? Honekin edo harekin, baina egin!

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

A2
Jun 18, 2010
Number: 1027069
Source:
Number of visits: 3053