Docutec Card

Mertxe Rodriguez, "Marimotots", euskara-ikasle

Antzerkia eta pailazo-bizimodua ditu ogibide. Berrogeita bi urte ditu eta Lasarte-Oriakoa da. Gurasoak erdaldunak izaki, bera euskara ikasteko abenturan murgildu zen gaztetxoa zela. DVD, karta, liburu eta beste hainbat produktutan ikusiko dugu eta etxe askotan dago. Marimototsen papera egiten du Pirritx eta Porrotx pailazoekin batera.

Noiz eta nola jaio zen Marimotots?
Orain dela lau bat urte jaio zen. Hamaika urte inguru daramatzat pailazoekin lanean eta urtero aldatu izan dut nire pertsonaia. Marimotots horietako bat zen, bat gehiago. Gabon batzuetan Porrotx eta biok joan ginen ospitalera minbizia zuten ume batzuei bisita egitera eta handik atera ginenean, Porrotxek esan zidan: "Mertxe, datorren urtean Marimotots mototsik gabe geldituko da"; eta bigarren urtea egin genuenean, minbiziaren gaia hartu genuen lantzeko. Hortik aurrera, hirugarren urtean hasi zen Marimotots oholtza gainean dantzari, kantari, kontu-kontari eta abar. Hasiera batean asmoa ez zen pertsonaia finko bat izatea.

"Ongi etorri Pupu eta Lore", hori da zuen ikuskizun berriaren izena. Nor dira Pupu eta Lore?
Pirritxen seme-alabak dira. Aiora Zulaika, Pirritxen papera egiten duena, haurdun geratu zen iaz. Urtebetez gurekin lan egiteari utzi zion eta pentsatu genuen Pirritx ere haurdun gera zitekeela, beste edozein emakume bezalaxe. Aiorak bi mutiko dauzka, gaur egun zazpi hilabete dituzte. Pupu eta Lore, Pirritxenak, orain jaio dira eta haurdunaldia oso luzea izan da. Porrotxek esaten du Pirritxen haurdunaldia 16 hilabetekoa izan dela. Denon artean haziko ditugu haurrak.

Zuk euskara ez zenuen etxetik jaso
Ez, nire gurasoak, aitona-amonak eta senideak erdaldunak dira, Caceresetik etorri ziren, baina ni hemen jaioa naiz, nire anai-arrebak ere bai, baina nire familian ni naiz euskaraz dakien bakarra, nire ilobez gain.

Giro horretan, nola sortu zen euskararekiko txispa?
Lotsatu egin nintzelako aste berean 17-18 urte nituela. OHOn jasotako euskara-maila nuen, buruz ikasitako esaldiak bakarrik nekizkien eta gainera zaila gertatzen zitzaidan euskara. Usurbilgo festetara lagun euskaldun batekin joan nintzen eta han geundela, pertsona bat hurbildu zen eta zeozer galdetu zidan euskaraz. Zer erantzun ez nekiela geratu nintzen, ez bainion ulertu. Aste horretan bertan Oriora joan eta gauza bera gertatu zitzaidan. Orduan esan nion neure buruari: Mertxe, hau ez da posible". Lotsa handia sentitu nuen eta erabaki nuen euskara ikasi behar nuela, behintzat ulertzeko eta honelako egoeretan erantzun bat eman ahal izateko. Euskaltegian hasi nintzen.

Non ikasi zenuen?
Lasarte-Orian hasi nintzen, AEKn urte pare batez. Baina iritsi zen momentu bat pixka bat gehiago ikasi nahi nuena eta barnetegi batera joan nintzen, Errigoitira, Gernika ondoko herri txiki batera. Lau hilabete pasa nituen han. Kosta egin zitzaidan. Lehenengo egunean ez nuen inor ezagutzen. Batek galdetu zidan "Zelan?" eta nik ez nion ulertu... uste nuen galdetu nahi zidala zertan egiten nuen lan... gero konturatu nintzen zer moduz? esan nahi zuela bizkaieraz...

Zurekin egon zen taldeari buruz... zer motako jendea zen?
Denetatik zegoen. Ni ez nintzen joan lanagatik, nik ez nuen beharra sentitzen lan egiteko, kontu pertsonala zen.

Zenbat denbora behar izan zenuen euskaraz hizketan konfiantzaz aritzeko?
Asko ez, niri inguruak asko lagundu dit. Koadrilan, gazteak ginenean, mutilak euskaldunak ziren, neskak ginen erdaldunak. Koadrilako harremana gaztelaniaz zen. Euskaltegitik bueltan hasi nintzen pixkanaka euskaraz hitz egiten, kostata. Baina bazen koadrilan neska euskaldun bat, andereño zena Iruñean. Oso ohituta zegoen bera euskaraz egiten eta erantzuna gaztelaniaz jasotzen eta orduan berarekin honela egiten nuen. Berak beti euskaraz egiten zidan eta nik erdaraz erantzun. Horrela hasi nintzen. Halako batean, konturatu gabe buelta ematen diozu horri eta euskaraz erantzuten hasten zara, modu naturalean.

Ikasten hasi zinenetik askatzen hasi zinen arte zenbat denbora eman zenuen?
Lauzpabost urte.

Euskara ikasteko bide horretan muxu asko jaso al dituzu?
Bai, zeren inguruko jende euskaldunak eskertu egin dit eta zoriondu egin nau lortu dudalako euskara ikastea. Horrek poza eta jarraitzeko gogoa ematen dizu. Euskararekin ez dut hizkuntza bakarrik ikasi, zerbait gehiago ere ikasi dut, nire ustez: kultura bat ezagutu dut, lehen ezagutzen ez nuena, oso aberatsa eta handia.

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B1
Feb 8, 2011
Number: 493800
Source:
Number of visits: 14726