Docutec Card

Xabier Montoia, euskara-ikasle

Xabier Montoia Gasteizen jaio zen 1955ean. Hertzainak taldeko sortzailea eta lehenengo abeslaria izan zen 1980ko hamarkadaren hasieran. Ondorengoak dira M-ak taldea eta bakarkako lanak. Literatura arloan, ere lan ugari argitaratu ditu. Besteak beste, Euskal Hiria sutan (2007), Euskadi Saria irabazi zuena. Xabierrek 20 urte zituenean erabaki zuen euskara ikastea. "Londonen nengoen eta erabaki nuen punk-musika talde bat sortzea Gasteizera itzultzerakoan. Taldea eta euskara elkarrekin etorri ziren". Gaur egun, EITBn egiten du lan, Donostiako Miramonen, produkzio-arloko itzulpen zerbitzuan.

Zein da zure familia-hizkuntza?
Gure etxean gaztelaniaz egiten genuen. Gasteizen euskaldunak izan dira beti 'los vascos'. Nire ustez, era justuan, gainera. Haiek ez dute euren burua vascotzat edo euskalduntzat jotzen. Gure auzoko euskaldunak ziren 'los vascos' eta euskaldun izatea euskararekin lotu da beti Gasteizen, eta gure etxean ere bai. Ni Alde Zaharrekoa naiz eta han gaztelania zen nagusi.

Noiz erabaki zenuen euskara ikastea?
Lehenengo saioa 14 urterekin egin nuen, baina ez zen oso serioa izan. Bigarren eta azken saioa, berriz, 20-21 urterekin egin nuen. Londonen nengoen, punka nintzen eta Hertzainak izeneko talde bat sortu nahi nuen Euskal Herrian.

Zergatik hartu zenuen erabakia?
Esan bezala, musika taldea sortzeko. Nire ustez, punk talde batek Euskal Herrian euskaraz kantatu behar zuen, eta ni erdalduna nintzenez, euskara ikastea erabaki nuen. Euskaraz kantatu nahi nuen eta hori izan zen nire motibazio nagusia. Punk-musika talde batek Euskal Herrian euskaraz egin behar duela uste dut orain ere.

Euskaltegian ikasitakoa al zara?
Londonetik itzultzerakoan euskara ikasteari ekin nion buru belarri. Urtebetez aritu nintzen, eta egunean sei ordu egiten nituen euskara ikasten, AEKn goizetan eta gero moja batek ematen zizkidan eskolak. Gasteizko ikastetxe batean moja batek euskarazko eskolak ematen zituela jakin nuen eta nik euskara ikasi nahi nuenez, bertara joan nintzen. Asko ikasi nuen mojarekin, bizkaitarra zen eta asko erakutsi zidan. Bi ikastaro trinko ere egin nituen, Lazkaon (Gipuzkoa) eta Orexan (Nafarroa).

Euskararen ikaskuntzan, zer izan da zuretzat zailena eta zer errazena?
Guztia zen zaila, hizkuntza bat zerotik hasterakoan oso zaila izaten da. Nor-nori-nork oso zaila iruditu zitzaidan iritzi formarekin: "Nik hari irizten diot". Hori mentalki oso gogorra egin zitzaidan. Logika hori barneratzea oso zaila izan zen, baina hortaz konturatu nintzen dagoeneko euskaraz hitz egiten nuenean. Euskara ikasi ondoren euskal filologian apuntatu nintzen, lehenengo hiru hilabeteetan ez nuen ezer ulertzen, baina gero kurtsoa gainditzea lortu nuen.

Beste hizkuntzarik ba al dakizu?
Ingelesa, gaztelania, frantsesa eta alemana hitz egiten ditut. Oro har, ondo moldatzen naiz hizkuntzekin.

Nolako hizkuntza iruditzen zaizu euskara?
Hizkuntza logikoa iruditzen zait, samurra. Euskarak ez du generorik, eta horrek asko errazten du ikasteko garaian. Beste hizkuntza gehienetan aditzak irregularrak dira, generoak dituzu, eta euskara baino askoz zailagoak dira. Nire ustez, euskara askoz hizkuntza errazagoa da gaztelania baino.

Zer esango zenieke euskara ikasi nahi dutenei?
Ikasi nahi badute, ikasi dezatela. Oztopoen gainetik, lan egin dezatela eta euskaraz egin dezatela.

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

A2
Dec 3, 2009
Number: 451803
Source:
Dialect:
  • Batua
Number of visits: 8502