Docutec Card

Ritxi Lizartza: "Hitanoa ikasteko idatzi dut liburu hau" 2/2

Urteak daramatza Ritxi Lizartza donostiar filologoak hitanoari buruzko eskolak ematen. Gaiaren inguruan duen ezagutza eta eskarmentua Mintza hadi, lagun! Hika egiten ikasteko eskuliburua izeneko lanean jaso du eta Durangoko Euskal Liburu eta Diskoen Azokan aurkeztuko du.

Liburuak DVD osagarri bat ere badu, hainbat entzungai eta Interneterako estekekin. Teoria eta praktika uztartuz, azalpen eta ariketa ugari proposatzen dizkigu Ritxi Lizartzak, zuzenketa eta guzti, nork bere kasa egiteko modukoak. Horrez gain, irakasleentzat propio sortutako tarteak ere baditu liburuak: eskoletan ikasleekin egiteko moduko proposamenak jaso ditu bertan.

Euskal filologia ikasi zuen Ritxi Lizartzak Deustuko Unibertsitatean, Donostiako fakultatean. Euskaltegiko euskara-irakasle izana, urteak eman zituen Euskal telebistako fikziozko produkzioen (telesailak, filmak, tvmovie-ak...) zuzentzaile. Geroztik, itzultzaile aritu da, besteak beste, antzerki-munduan (berrogei bat antzezlan itzuliak ditu eta denak estreinatu dira).

Eginkizun hauetaz guztiaz gain, hitanoari buruzko ikastaroak ematen ditu, oso gustagarria egiten zaion zeregina, gainera.

Fikzioa abiapuntu
Telebistako fikziozko ekoizpenetan eta antzezlanetako itzulpen-lanetan aktoreekin zuzenean aritzetik era askotako ondorioak ez ezik kezkak ere bildu ditu Ritxi Lizartzak, besteak beste, nola idatzi eta itzuli aktoreentzat, alegia, nola egin elkarrizketak sinesgarri. Eta testuinguru honetan sortu zitzaion kezka nagusietako bat, hain zuzen, liburua idaztera eraman duena: nola egin hika.

Gogoan du Goenkalen hasi zenean, aste osoan emititzen zela telesaila eta bost gidoilarik osatzen zutela asteko egun banako lana. Ingurune berekoak ziren, baina nork bere herriko eredua erabiltzen zuen gidoietan, eta pertsonaia berak astelehenetan Zarauzko eran egin zezakeen hika, asteartetan Bergarakoan eta asteazkenetan Azkoitikoan, adibidez.

1994an Beñat Oihartzabalen eredua Euskaltzaindiak arau bihurtu izanak erabateko garrantzia izan zuela aitortzen du, une hartan EiTBk (bere aholkuari jarraituz) estandarrerako eredua bere egin baitzuen.

Liburuaren premia
Arauak arau, hitanoaren erabilera zertan zen ikertzen jarraitu zuen Ritxi Lizartzak. Eta eredu estandarrak eskaintzen zituen aukerak euskalkietan zeudenekin konparatu eta arazoak bazirela atzeman zuen. Ondorioz, aztertzen hasi zen: hitanoaren erabilera behatzen, nork bere euskalkitik ekartzen zituen moldeak biltzen eta kasuistika guztia antolatzen: "1994ko arauak sortu zuen burrunbaren eraginez —dio liburuaren egileak—, erabilera oker batzuk azaldu ziren. Jendeak ez zuen oso ondo ulertu zein den alokutiboaren esparrua. Egindako sintesi-lan honekin, abstrakzioarekin eta ikastaroen interesa ikusita, ikusi dut jendeak ez duela alokutiboa ondo ezagutzen. Herrietan oso ondo hitz egiten da hika, jantzita dagoen hiztunak ondo egiten du eta horretan ez dago ezer esateko, baina badira menperatzen ez diren hainbat erabilera: hiztunak ezagutzen ez dituelako edo besterik gabe ez delako horretaz jabetu; eta okerrena da ezjakintasunetik egiten den erabilera okerra".

Ritxi Lizartzaren ustez, hika euskalkiari lotuta egon da beti, baina gaur egun euskara estandarra erabiltzen den esparruetan, komunikabideetan, eskola-liburuetan, literaturan, egunkarietan edo telebistan alokutiboa erabili beharra dago eta herrietakoak ez du balio, ez dituelako biltzen entzule guztiak bilduko lituzketen ezaugarriak: "Euskaltzaindiak 1994an argitaratu zuen adizki-taula arautua dugun tresna bakarra da, baina hortik aurrera alokutiboak argitu gabeko alderdi asko dauzka: mendeko esaldietan edo galderetan erabili behar ote den edo agintera nola esan behar den; hiperhitanoa, hiperzuzenketa, adizki ihartuak, erabilera okerrak. Nik, irakasle izanda, ikasleei hika egitea ote daukadan, esaterako".

Hitanoari buruzko azterlan honek ikertu beharreko puntu asko izan zituen, baina euskara estandarrean hika egin ahal izateko proposamen bat aurkeztuko bazuen, bildutako guztia sailkatu eta sintetizatu behar zuen: "Hitanoari dagozkion alor guztiak bildu, bakoitza sintetizatu, azalpen teorikoak eman, ikusi zein testuingurutan erabiltzen den eta hori ariketekin osatu dut, nork bere kasa liburua hartu eta hika egiten ikasteko. Zalantzarik gabe, esku-liburuak bigarren atal bat ere badu: mintzamena lantzeko mintzamen-tailerrak antolatzea. Liburuaren izenburua horretara dator eta mailegu hori horri zor zaio: mintza hadi, lagun! da nolabait mintzapraktika bultzatzeko modua".

Hamar urtetan ibili da ikastaroak ematen; dagoeneko dozena eta erdi, adibidez, Donostiako Bagera elkartean, Nafarroako Gobernuaren Iruñeko EIBZn (Euskararen Irakaskuntzarako Baliabide Zentroa), HABEn, Ikastolen Elkartean, IRALEn, eta abar.. Teoria ondo dago, baina teoria hori gauzatzeko modua behar du jendeak, bestela, hizkuntza bat ikasi eta ez erabiltzea bezala da. Beraz, derrigorrezkoa da praktika egitea. Egileak bide hau gehiago zabaltzea espero du.

Liburuaren osagarriak
Liburuak osagarri asko ditu: zuzenketa-orriak, Euskaltzaindiaren adizkien taula guztiak eta DVD batean eskulibururako sortu dituen fikziozko istorioen audioak biltzen dira. Audioak bikoteka datoz antolatuta. Bata lanerako proposamena da, trukatuta baitago, eta bigarrena eredu zuzena. Bi aldaerek idatzizko eredua ere badute. Hartara, ikasleak elkarrizketak irakurri, entzun eta zuzendu egin ditzake. (Elkarrizketetako protagonista nagusiak Lander eta Itziar dira eta aurki atari honetan aurkituko dituzu).

Ritxi Lizartza: nire helburua litzateke hika euskalkian egiten duenak bere horretan jarraitzea, baina jakitea zergatik egiten duen modu batera edo bestera; eta estandarrean ari direnek, berriz, eredu txukuna hartzea.

Zure proposamen horien aurrean, zer espero duzu jendeak esatea?
Orain arte egin izan diren lanetan aztertu izan da Euskaltzaindiak hikako molderako hartutako erabakia. Alegia, aditz trinkoei bukaeran -n edo -k jarrita, alokutiboa lortzen dugula: NAGO dugu eta NAGO + -n edo -k eragiketa eginez gero, NAGON edo NAGOK, neskarentzat edo mutilarentzat, lortzen dugula.

Nire lanean beste zerbait planteatzen da, askoz ere zabalagoa eta aberasgarriagoa, Gainera, gaur egun ez dago horrelako produkturik kalean. Horrek, batetik, burrunba bat ekarriko du, mugimendua, seguru asko, jendea ikastaro-eske hasiko baita. Baina ekarri arautzeko ardura daukaten erakundeen aldetik erreakzio bat ekarri beharko luke. Nik uste dut Euskaltzaindiak liburu honekin badaukala abiapuntu bat —beste hamaika ere izango ditu— hainbat puntu arautzeko. Nire helburua litzateke lortzea hitanoaren erabilera gizartean araututa egotea.

Jon Urruxulegik ere gai beraren inguruko liburu bat argitaratu berri du.
Urruxulegirena bezalako liburuetan planteatzen dena da NOR-NORI lantzen denean, adizki-taulen arabera -n edo -k jartzen zaio eta orduan, ZAIZKION edo ZAIZKIOK lortzen dugu. Hori dela eta ariketak esaldi mailakoak dira: "Umeari liburuak lurrera erori zaizkio" esaldian jar ezazu ZAIZKIO alokutiboan. Hau da, ZAIZKION edo ZAIZKIOK. Hori da dena. Horretarako egon bazegoen Gontzan Fontanedaren liburua, aspalditik idatzia (duela hogei urte) eta gauza bera proposatzen duena. 

Nik modu landu eta sintetizatuan hitanoaren erabilera aztertzea dut helburu, 14. arautik harago. Gizartean gaur egun euskal hiztunak sortu dituen hainbat erabilera, euskalkian ondo daudenak, aztertu eta euskara estandarrera ekarri behar diren ala ez planteatu behar da. Eman dezagun, hiperhitanoa edo hiper hiperhitanoa edo hiperzuzenketekin gertatzen ari dena. Hiperzuzenketak Euskaltzaindiaren taula horietatik abiatuta, edota beste hainbat kasu (neutralizazioak gertatzen ari dira, adizki sorkuntza okerra gertatzen ari da...) aztertu beharko lirateke. Baina, kasuistika guztia aztertuta, nire ustez, koherentzia landu behar dugu. Eta koherentzia-mailan era askotako asimetriak topa litezke literatura testuetan, telebistako gidoietan, pelikuletan eta abar.

Oro har, orduan, ez dago koherentziarik...
Oro har, jendeak badaki NAGO NAGON/K esaten dela. Baina ez daki euskara estandarrean HUKEK formaren ordaina HUAKE, HUNAKE edo HUKE bera den. Idazle ezagunekin ere gertatzen zaigu (nire liburuan aipamen ugari dago), nork bere herrian dagoen hitano-erabilera asimetrikoaren eraginez ez daukatelako garbi zer hitano aukera hartu behar duten. Liburu askotan alokutiboaren erabilera ez da zuzena eta liburuak, berez, gaur egun arte, behintzat, ezin dira eredutzat hartu. Are gehiago, EHUk sortua du Ereduzko prosa gaur izeneko proiektua. Bertan era guztietako erabilerak biltzen dira; hiperhitanoko molde batzuk ageri dira, baina beste batzuk ez. Interesgarria litzateke ikustea zer hartu irizpide duten horretarako.

Hitanoak asko dauka egiteko, garapen bidean dago eta espero dut nirea bezalako lanek eraginda eztabaida sortuko dela eta denontzat aberasgarria izango dela.

Izango al du liburu honek jarraipenik?
Hori baino garrantzitsuagoa da hitanoaren irakaskuntza sistematizatzea, bai euskaltegietan, bai derrigorrezko hezkuntzan. dut liburu honek daukan balioa proposamen bat izatea dela. Nire ustez, Euskaltzaindiak hikako moldeko adizkiak baino zerbait gehiago arautu beharra dauka. Alegia, alokutiboaren ingurunea: alde batetik, gramatikala, morfosintaktikoa, eta beste alde batetik erabilera soziala (nork norekin hitz egin behar duen etab.). Eta noski zuzendu behar dira hainbat joera oker, esan bezala, gaur egun kalean daudenak. Era berean, haur eta gazte literaturan hikako formatuak lantzen saiatu behar dugu. Gaur egun haur edo gazteei zuzenduta argitaratzen diren hamar liburutik bat edo beharbada bi egongo dira hika idatzita eta parte batzuk bakarrik. Nik uste dut gazteei edo haurrei hika egiteko beldurra izan dugula. Kalean koadrilek hika egiten dute normalean. Literaturan, ordea, zuka.

Anima itzazu ikasle eta irakasleak hika egiten.

Niri gustatuko litzaidake jendeak ikustea hitanoak bere lekua duela gizartean eta gazteen hizkera aztertzen ari garen une honetan oinarrizko zutabe dela. Inportantea litzateke hika egiten duten gazte horiek kezka izatea hika ondo egiteko. Erronkatzat har daiteke hau.
Irakasleak animatzea zailagoa egiten zait. Izan ere, asko izan ditut ikasle eta ez dut lortu horietako inork hitano eskolak ematea. Deia zabaldu nahi dut, norbait animatuko balitz, nirekin harremanetan jartzeko.


Argibide gehiago nahi izatera, www.maramara.net web orrira jo.


 
 

Comments
Login for comment

C1
Dec 1, 2009
Number: 451279
Source:
Dialect:
  • Batua
Number of visits: 6153