Docutec Card

Hizkuntza aniztasuna eta gure bizi-kalitatea

Arriskuan dauden munduko hizkuntzen atlasa (2009) berritu du Unesco erakundeak. Atlas honen helburua da desagertzeko zorian dauden hizkuntzen inguruan atentzioa deitzea, politikarien, komunitate linguistikoen eta, oro har, herritarren artean munduko hizkuntza aniztasuna babestearen aldeko jarrera hedatzea, eta munduan desagertzeko arriskuan dauden hizkuntzekin eta aniztasun linguistikoarekin gertatzen dena azaltzea. Egia esan, informazio oso erabilgarria ematen da atlasean. Modu interaktiboan, oso erraz lortu daiteke munduan zehar arriskuan dauden hizkuntzen egoerari buruzko informazioa.

Aniztasun linguistikoa izan da gure munduaren berezitasunetariko bat. Hizkuntza ugariz osatutako munduan bizi izan gara orain arte, eta horrek ezagutza sortzea eta, ondorioz, bizi-kalitatea hobeagotzea ahalbidetu dio gizateriari. Hizkuntzak nahitaezko bitartekoak dira kultur adierazpenerako eta ondare kulturala ikusiezina transmititzeko, eta beharrezkoak dira gizakien eta gizarte-taldeen identitaterako zein aurrerabiderako. Gure esku dago: edo nazioarte mailan hizkuntzekiko politikak eta jarrerak aldatzen ditugu, edo orain arteko hizkuntza aniztasuna desagertu egingo da, eta gure bizi-kalitatea murriztuko.

Zehazki, hizkuntzak sei biziberritze/arrisku mailatan sailkatuta agertzen dira atlasean:

- Salbu dauden hizkuntzak: desagertzeko arriskurik ez duten hizkuntzak dira.

- Salbu ez dauden hizkuntzak: umeek hitz egiten duten hizkuntzak dira, baina esparru zehatz batzuetan bakarrik (etxean, adibidez). Guztira, atlasean arriskuan dauden 2.498 hizkuntzen berri ematen da, eta horietako 607 hizkuntza talde honetan sailkatzen dira (arriskuan dauden hizkuntzen %24,3). Unescoren arabera, talde honetan dago euskara (Unescoren arabera, 660.000 eta 700.000 hiztun bitartean dauzka euskarak). Dena dela, Iparraldean euskararen egoera are eta kaxkarragoa da. Unescoren arabera, guztiz arriskuan dagoen hizkuntza da.

- Arriskuan dauden hizkuntzak: umeek ez dute hizkuntza ikasten etxean. Orotara, 632 hizkuntza daude talde honetan (%25,3). Aragoiera (10.000 hiztun inguru) asturiera-leoniera (150.000 hiztun) eta gaskoia (250.000 hiztun guztira, 3.841 Estatu espainiarrean) hemen kokatzen dira, eta zerbait egiten ez bada laster desagertu daitezke.

- Guztiz arriskuan dauden hizkuntzak: aiton-amonen belaunaldiak hitz egiten du bakarrik, eta gurasoen belaunaldiak ulertu egiten du, baina beraien artean ez dute hizkuntza erabiltzen eta ez die euren seme-alabei transmititzen: 502 hizkuntza daude egoera honetan (%20,1)

- Desagertzeko zorian dauden hizkuntzak: aiton-amonak eta belaunaldi zaharrenak dira hizkuntza dakiten gazteenak, eta, gainera, oso gutxitan erabiltzen dute: 538 hizkuntza denetara (%21,5)

- Desagertutako hizkuntzak: hiztunak desagertu egin dira: guztira 219 hizkuntza (%8,8).

Atlasaren arabera, munduan hitz egiten diren 6.700 hizkuntzetatik erdia inguru desagertu egin daiteke mendea bukatu baino lehen. Gainera, 1950. urtetik 241 hizkuntza desagertu dira munduan. Besteak beste, Australian sei hizkuntza desagertu dira, Brasilen 12, Txinan bederatzi, Indonesian 10, Papua Ginea Berrian 10, Errusiar Federazioan 19 eta Amerikako Estatu Batuetan 53. Bereziki, atentzioa deitzen du Hego Ameriketan gertatzen ari den hizkuntzen heriotza. 1950. urtetik 35 hizkuntza desagertu dira Argentinan (4), Bolibian (4), Brasilen (12), Txilen (1), Kolonbian (4), Ekuadorren (1), Hondurasen (1), Nikaraguan (3) eta Perun (5).

Aniztasun linguistikoa izan da gure munduaren berezitasunetariko bat. Hizkuntza ugariz osatutako munduan bizi izan gara orain arte, eta horrek ezagutza sortzea eta, ondorioz, bizi-kalitatea hobeagotzea ahalbidetu dio gizateriari. Hizkuntzak nahitaezko bitartekoak dira kultur adierazpenerako eta ondare kulturala ikusiezina transmititzeko, eta beharrezkoak dira gizakien eta gizarte-taldeen identitaterako zein aurrerabiderako. David Crystal hizkuntzalariak dioen bezala, "Hizkuntza batek herri baten oroimena, sentimenduak eta historia gordetzen ditu bere baitan" . Gure esku dago: edo nazioarte mailan hizkuntzekiko politikak eta jarrerak aldatzen ditugu, edo orain arteko hizkuntza aniztasuna desagertu egingo da, eta gure bizi-kalitatea murriztuko.

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

C1
Mar 4, 2009
Number: 410432
Source:
Dialect:
  • Batua
Number of visits: 4143