Docutec Card

Munduko erlijioak, oraindik ere gertuago

Erlijio handietako idazki sakratuak euskaraz irakurtzeko aukera izango dugu hemendik aurrera. Horien artean, Korana, munduko libururik irakurrienetakoa, euskaraz irakurri ahal izango dugu orain. Iñaki Ugaldek egin du itzulpena. Jakin-minak bultzatuta, euskarara ekartzea erabaki zuen eta bi urtez lanean aritu ondoren, oraintxe plazaratu da. Dionisio Amundarain arduratu da bere lana berrikusteaz. Musulmanen liburu sakratuaren euskarazko bertsioa Erlijioen Jakinduria izeneko bildumaren baitan argitaratu du Ibaizabal argitaletxeak. Munduko erlijioen testu fundatzaileak biltzen dituen bilduma hau 15 liburuk osatzen dute eta, dagoeneko, kalean dira lehenengo hirurak: Korana, Budaren hitza eta Dao De Jing.

Ibaizabal argitaletxeak, Deustuko Unibertsitateko Teologia Fakultatearekin batera eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzaz, jarri du martxan egitasmo hau. Beren asmoa munduko erlijio nagusietako zenbait "idazki sakratu" euskaratzea eta argitaratzea da. Ahal den neurrian, jatorrizko hizkuntzetatik itzuliko dira idazkiak, edo jatorrizko hizkuntza ezagutzen duen norbaitek berrikusiko ditu. 15 liburuko bilduma osatu dute eta euskarazko jakituria aberastera datoz.

Joxe Arregi da proiektuaren koordinatzailea eta honako hau adierazi du bildumari buruz: "Bilduma euskararen aspaldiko zorra kitatzera dator. Zalantzarik gabe, gailur-gailurreko obrak ditugu kultura unibertsalean. Gizakiaren betidaniko galderen eta bilaketen, barne-minaren eta argi-senaren lekuko apartak. Eta Jakinduria hitz eta idazki bihurtu ziguten, eta hitzak eta idazkiak isiltasunaren atari. Gizakien eta herrien arnasari eutsi diote menderik mende Ekialdetik Mendebaldera. XXI. mendean ere, zientzia eta teknika guztiak, hain ongarri izanik, ez ditugu aski. Idazkiotako Jakinduria zaharrak, belaunaldien altzoan luzaro umotuak, erakuts diezaguke gaur ere on eta zoriontsu izaten."

Oraingoz, hiru liburu kaleratu dira: Korana, Budaren hitzaeta Dao De Jing. Hauen ondoren, Konfuzioren Analektak, Ebanjelio Apokrifoak edota Zen tradizioko irakaspenak irakurri ahal izango ditugu, besteak beste. Juduen eta kristauen Biblia, berriz, ez da egitasmo honetan sartzen, bai baitugu euskaraz dagoeneko.

Korana itzultzea, bi urteko lana
Iñaki Ugalde arduratu da Korana itzultzeaz, Dionisio Amundarainen laguntzarekin. Iñaki teologian aditua da eta erlijioarekiko jakinminak bultzatu zuen lanean hastera. Bilduman sartzeko proposamena, berriz, lanean ari zela jaso zuen. "Bilboko liburu-denda batean gaztelaniaz idatzitako Koran batek arreta deitu zidan eta erosi egin nuen, musulmanen liburu sakratua irakurri gabe nuelako. Irakurtzen hasi nintzenean, berehala, euskarazko bertsiorik ez zegoela konturatu nintzen eta euskaratzea erabaki nuen. Lanean hasteko, ordea, musulmanek ontzat emango zuten bertsioa erabili nahi nuen. Musulmanek baliozkotzat jotzen duten Korana arabieraz idatzita dago eta besteak sasi-koranak direla kontsideratzen dute. Hori dela eta, musulmanen komunitate batekin harremanetan jarri eta gaztelaniaz idatzitako liburu-zerrenda eman zidaten". Zerrenda horretatik bi Koran aukeratu zituen, egile desberdinek idatzitakoak, itzulpena ahalik eta zehatzena izan zedin. Egileetako bat gizarte kristauan hezitakoa zen; bestea, berriz, musulmanean. Eta liburuen artean ezberdintasun nagusirik ez badago ere, ñabardurak ezagutzeko baliagarria izan dela esan digu Iñaki Ugaldek.

Bi urteren buruan, itzulpena eginda zegoenean, Dionisio Amondarain egokitze eta zuzenketa-lanaz arduratu zen, euskarazko testua Bilboko musulmanekin kontrastatuz. "Jatorrizko testuari zuzenketa batzuk egin zizkioten, baina oro har, ontzat eman zuten", azaldu du Ugaldek.

Korana goitik behera ezagututa, giza harremanak zehaztasun handiz arautzen dituela azpimarratzen du Iñaki Ugaldek: "Korana ez da liburu erlijiosoa bakarrik. Gizakien arteko harremanak arautu egiten ditu zehatz-mehatz, kristauen Bibliak baino xehetasun handiagoz: herentziak nola banatu behar diren, eztabaidetan nola jokatu behar den, biolentzia noiz erabili behar den, gerra santua noiz egin behar den, zenbat emazterekin ezkondu daitezkeen, zenbat esklabu izan ditzaketen... Finean, musulmanen legearen oinarria da".

Liburu sakratua Sura edo kapitulutan banatuta dago eta hona hemen Koranaren lehenengo kapitulua. Biltzen diren guztietan kapitulu hori errepikatu egiten dute musulmanek. Orain, soinu ezberdina dauka, euskarazkoa, alegia:

Allahren, Errukiorraren, Bihozberaren izenean
1 Aintza Allahri, munduen jaunari,
2 Errukiorrari, Bihozberari.
3 Saritze Eguneko Erregeari.
4 Zu bakarrik adoratzen zaitugu, Zugan bakarrik bilatzen dugu laguntza.
5 Gida gaitzazu bide zuzenetik,
6 mesedez bete dituzunen bidetik,
7 ez haserrearen zergatia direnen bidetik, ezta desbideratuen bidetik ere.
 
 

Comments
Login for comment

C1
Mar 31, 2008
Number: 381688
Source:
Number of visits: 3963