Docutec Card

Iñaki Mendiguren: "Ez naiz pottermaniaren adierazpenekin batere identifikatzen"

Harry Potterren euskarazko seigarren alea (Harry Potter eta odol nahasiko printzeaHarry Potter and the Half-Blood Prince—) jada prest dago eta udazken honetan —iraila bukaeran edo urriaren hasieran— plazaratuko dute. Aurrekoak bezala, azkena ere, Harry Potter and the Deadly Hallows, Iñaki Mendigurenek (Ezkio-Itsaso, Gipuzkoa, 1954) itzultzea aurreikusita dago. Datorren urte bukaerarako egiteko gai izanen dela dio itzultzaile gipuzkoarrak.

Tristurarik sentitzen al duzu saga amaitzeagatik?

Harry Potterrek zazpi urte egin ditu gurekin eta adin nagusiko bihurtu da, beraz, etxetik joateko adina badu. Ez dut penarik sentitzen, nahiko denbora egin dugu elkarrekin eta. Gustura nago lan hori egokitu zaidalako, baina ziklo bat bete da eta, aldi berean, beste gauza batzuk egiteko askatasuna emanen dit.

Dagoeneko irakurri al duzu zazpigarren alea?

Ez zait gustatzen itzuli aurretik dena irakurtzea. Kapituluka irakurri eta itzultzen joatea gustatzen zait, misterio guztiak berehala estalgabetu gabe. Gisa horretan itzultzen jarraitzeko interesa mantentzen dut.

Zazpigarren alea eskuratzeko errenkadan izan zen horietako bat izan zinen?

Ez, ez. Bizitza hori baino lasaiago hartu behar da. Errenkadan izan zirenei errespetu guztia edukita, niretzat liburu bat irakurtzearen plazerra ez dago lehenbailehen amaiera nolakoa izanen den jakitean, baizik eta irakurketa osoa gozatzean, patxadaz.

Beraz, Harry Potterren inguruan munduko zenbait tokitan dagoen zaletasun amorratu hori gehiegizkotzat jotzen duzu?

Bai, ni ez naiz batere identifikatzen pottermaniaren adierazpen horrekin. Marketing eta publizitatearen ondorio den fenomenoa da. Egungo gizartean gauza asko konpultsiboki egiten ditugu, kontsumismoa dela-eta. Nik ez dut ildo hori batere gogoko, baina norberaren esku dago fenomenoari neurria hartzea.

Hala ere, literatura aldetik, Harry Potter saga kalitatezkoa da?

Bai, eta hori da baliotsuena. Istorio onak dira, ondo idatzita daudenak, gainera. Lehengo liburuak erakutsi zuen hori, batere publizitaterik gabe arrakasta lortu baitzuen, alegia, irakurleen eta kritikaren onespena. Gero, bigarren aletik aurrera, fenomeno mediatikoa sortu zen.

Fenomenoak, baina, gazteek liburu gehiago irakurtzea ekarri du?

Fenomeno honek erakutsi du arrazoi batzuengatik edo besteengatik irakurlea harrapatzeko gai diren liburuak sortzen direnean, jendeak irakurtzen dituela. Gaztetxoek liburu arinak, irakurterrazak eta batez ere orrialde gutxikoak bakarrik irakurtzen dituztela dioten topiko horiek oso gaindituta utzi ditu fenomeno honek. Dena dela, ez da Harry Poterrekin soilik gertatu, adibidez, Fernando Morillok duela bi urte argitaratutako Dragoien orroa (224 orrialde) obrarekin gauza bera erakutsi zuen, asko saldu zen-eta. Literatur atsegin eta ona kaleratzen denean, jendeak oraindik hartzen du gogoa irakurtzeko.

Nahiz eta Harry Potteren liburua euskaraz bai irakurtzen den, badirudi filma erdaraz nahiago dutela gaztetxoek. Zer deritzozu?

Behin ordu berean gaztelaniazko eta euskarazko filma eman zuten ETB1en eta ETB2n. Jasotako datuen arabera, askoz jende gehiagok ikusi zuen gaztelaniazkoa euskarazkoa baino. Halere, etxeetako soziologia aztertu beharko litzateke, etxe batzuetan denek ez baitute euskara jakinen. Geroztik, bakarka eman direnean, ez dakit zein datu izan diren, ETB1ek eskaintzen dituen gainontzeko filmekin alderatu beharko lirateke datuak. Gaztelaniazko liburu eta filmak lehenago etortzen dira, eta horrek ere eragiten du ikuslego edo irakurlego gehiago izatean.

Filmak ikusi dituzu?

Azkena kenduta, bai, denak.

Eta zer iritzi duzu horien inguruan?

Filmak beti izaten dira liburuak baino partzialagoak. Liburuak, berez, aberatsagoak dira askoz gauza gehiago kontatzen dituelako. Beti gertatzen da hori nobela batean oinarritutako filmak egiten direnean. Halere, Harry Potteren filmak nahiko leialak dira liburuei. Horrez gain, liburuek hizkuntza oso zinematografikoa dute, eszena oso bisualak deskribatzen dituzte.

Azken ale hau salbuetsiz —batera aterako baitira—, zergatik ateratzen ohi da euskarazko itzulpena gaztelaniazkoa baino beranduago?

Itzultzaileok ezin gara itzulpen literarioetatik bizi eta beste era bateko itzulpenak behar ditugu: komertzialak, erakunde eta enpresentzat egiten ditugunak. Horregatik, ezin dugu hori guztia albo batean utzi eta liburuen itzulpenean soilik lan egin. Gaztelaniaz, dena den, ez pentsa egoera askoz hobea denik. Harry Potterren sailean, adibidez, liburu bakoitza itzultzaile batena da, eta hori ez da ona. Azkar itzuli dira batzuk, azkarregi, eta asko ez dira itzulpen onak, presaka egin baitira.

Orain arte, argitaratutako Harry Potterren 3.100 orrialde inguru itzuli dituzu. Askotxo.

Bai, eta orotara, ia 4.000 izanen dira. Oso nekez errepikatuko dudan fenomenoa da, harrigarria.

Hamaika pasarte horrenbeste orrialdetan, baduzu horietatik kuttunen bat?

Adibidez, agian berri xamarra daukadalako, aurki argitaratuko den seigarren alean, bereziki hunkigarria iruditu zitzaidan Hogwarts-ko eskola zuzendariaren heriotza azaltzen da. Oro har, heriotzak oso ondo tratatuta daude liburu hauetan, Rowlingek ondo asmatu du gehiegizko sentimentaltasunik, dramarik gabe heriotza aurkezten eta tratatzen.

 

Interesatzen zaizu

  • Harry Potter

    Harry Potterren itzultzaileari egindako elkarrizketa da ariketaren oinarria.

    Harry Potter
  • Ordaina

    Ordaina

    Liburu honetako ipuinak zientzia fikziozkoak dira, Elfoen Erregea ipuina salbu. Ordaina da ipuin-bilduma honen lehen lanaren izena, bere garaian film bihurtua, liburuko beste bost bezala. Egilea literatura fantastikoaren eta zientzia fikzioaren artean kokatzen da. Pertsonaiek zailtasun handiak dituzte bereizteko zer den erreala eta zer ez.

    Ordaina
 
 

Comments
Login for comment

B2
Aug 1, 2007
Number: 351995
Source:
Dialect:
  • Batua
Number of visits: 4964