Docutec Card

Gernika: koadro-garrasia

1981. urtean Picassoren "Gernika" margolana New Yorkeko MoMAtik Madrila eraman zuten, beste 23 irudirekin batera. Malagako margolariaren eta bere margolan apartaren hainbat jakingarri ekarri ditugu hona.

Picasso-ren Gernika koadroa (1937) txuri-beltzez pintaturiko neurri handiko olio-pintura da. Gernikako bonbardaketa iturburu zuela, 45 zirriborro egin zituen koadroari ekin aurretik. Estilo kubistakoa da eta Picassoren obra nagusitzat hartu ohi da. Sufrikario eta bortizkeriaren ispilu da.

 

 

Egoera politiko-soziala

Gernika
koadroa 1937ko udaberrian pintatu zuen Picassok. Urtearen hasieran Espainiako Gobernu Errepublikarrak eskatu zion Malagako margolariari mural bat pintatzeko udaran Parisen egin behar zen Nazioarteko Erakusketarako. Picasso apirilean hasi zen lehen marrazkiak egiten 7,5 x 3,5 metroko oihalerako. Helburu nagusi bat zuen: gerraren izugarrikeriak salatzea. Apirilaren 26an naziek Francoren onarpenarekin Gernika hiria bonbardatu zuten. Faxisten bihozgabekeria hark Picasso erabat hunkitu zuen eta prestatzen ari zen koadroa Gernikako erasoan oinarritzea erabaki zuen.

Parisko erakusketa amaitzean, Gobernu Errepublikarrak Ingalaterran, Norvegian, Suedian, Alemanian, Brasilen eta Estatu Batuetan... frankismoaren aurkako erakusketak antolatu zituen, Pinturak ez zuen antifrankista guztien onarpena izan. Errusiar komunistek eta eskuin-muturreko amerikarrek ez zuten inoiz koadroa begi onez ikusi. Agirre lehendakariak eta PNVko ordezkari artistikoek ezta ere. Dirudienez, Picassoren estetika berritzaileegia iruditzen zitzaien. Gernika izanik artelan izarra, ez zen inoiz bakarrik erakutsi, Matisse, Miro, Braque, Julio Gonzalezen... artelanekin batera baizik. Gernika, Espainiako gobernu legitimoarena izanagatik, Picassok koadroaren etorkizuna baldintzatu egin zuen: Francoren diktadura amaitu aurretik, pintura ezin zen Espainiara eraman. Erbesteratuta zeuden herritarrak Espainiara itzultzen hasi zirenean, artelanarentzat ere erbestealdia amaitu egin zen.

Itzulera

1981ean Picassoren familiak, MoMA museoko zuzendariak eta Espainiako Gobernuak, pintoreak jarritako baldintzak betetzen zirelakoan Gernika koadroa New Yorketik Madrila ekarri zen. Hasiera batean eztabaidak sortu ziren Picassok ez zuelako inoiz esan koadroa Estatuko zein hiritan kokatu behar zen. Batzuentzat Gernika hiria izatean koadroaren motiboa, han kokatzea zen bidezkoena: Gernika Gernikara. Malagako agintariek, berriz, beraien museoetako batean ikusi nahi zuten koadroa, hura zelako Picassoren jaioterria. Azkenik, Estatuko Gobernuaren aginduz Madrila eraman zen pintura. Zergatik? Espainiako Gobernu Errepublikarrak eskatu ziolako oihala pintatzeko Picassori eta, batez ere, Estatuko Gobernuak ordaindu zuelako. Askatasunaren sinbolo unibertsala izateak ez zuen esan nahi jaberik ez zuenik. Artelanak saldu aurretik egilearenak izanagatik, ondoren erosleenak bihurtu ohi dira. Arrazoi ekonomikoak beti izan dira erabakigarriak. Askatasunaren sinbolotzat eta gizon-emakume guztion ondaretzat hartzen den pintura honek oraindik historia egiten jarraitzen du.

Picassok gerraren aurka beste koadro batzuk ere margotu zituen. Esate baterako, "Francoren ametsak eta gezurrak" izenburuarekin marrazki asko egin zituen. 50eko hamarkadan Koreako gerra piztu zenean "Koreako sarraskia" oihala pintatu zuen eta Bigarren Mundu-Gerraren garaian "Katua eta Txoria" eta "Idia eta Buru-hezurra" koadroak. Gerraren aurka pintatutako lan guztietatik Gernika izan da sinbolorik esanguratsuena.

Irudien esanahia

Gernika
artelan bat baino zerbait gehiago da: bakearen aldeko garrasia. Pinturaren inguruan era askotako interpretazioak egin dira. Picassok berak ez zuen berea azaldu nahi izan. Teknikoki esan dezakegu surrealismoaren eta kubismoaren ereduak izan zituela gogoan koadroa margotzerakoan. Bere hizkuntza zuzena eta bat-batekoa da. Herritarren arteko borrokak barne-barnean egin zion min Picassori eta trazu bakoitzean bere haserrea dago gauzatuta. Lehen irudiak koloretan margotu zituen, berehala ohartu zen, ordea, zuri-beltzean koadroa errealistagoa zela. Zaldiaren, emakumearen, haurraren... irudiak hunkigarriak dira. Koadroak zentzu gizatiar handia du nahiz hiriaren kondaira ez ezagutu.

Koadroaren egitura hiru zatitan dago banatua. Eskuinean, emakumea eta sutan dagoen etxea. Erdiko zatian, zaldia eta lanpara. Eta ezkerrean zezena eta ama haurrarekin. Kubismoaren eragina irudiak kokatzeko eran nabarmentzen da. Triangelua da oinarrizko forma. Marra zuzenak eta biribilak espazioa mugatzen. Mantxa zuriak eta beltzak elkarrizketan. Gorputz atalak zerratuta. Ezpatari heltzen dion eskuan lore bat. Emakumezkoaren lau irudi: eskuinean, beheran, emakumea arrastaka eta goian garrasika besoak jasota; erdian emakumea argiarekin eta ezkerrean, emakumea garrasika umea besoetan duela. Zaldiaren mihia labana bezain zorrotza da. Leihotik indarrez sartzen da argia daraman besoa. Sarraskiaren aurrean ezin da itxaropena galdu. Zezenaren eta zaldiaren irudien esanahiaz ez datoz bat arte-adituak. Larrearentzat zaldiak faxismoa irudikatzen du, hankapean gudaria daukalako eta zezenak herriaren indarra, haurra eskuetan duen emakumea babesten duelako. Jeromne Secklerrentzat zaldia da herriaren sinboloa eta zezena, berriz, heriotzaren eta basakeriaren irudia.

Gernika
koadro bat izateaz gain dokumentu bat ere bada. Picassok pintatutako eskuek, oinek, begiek... gerrak gizartean eragiten duen samintasuna azaltzen du garraztasun guztiarekin.

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B2
Oct 24, 2006
Number: 313083
Source:
Dialect:
  • Batua
Number of visits: 15229