Docutec Card

Pako Aristi

Pako Aristi idazleari egindako elkarrizketa interesgarria: idazlearen datu biografikoak, zer den idaztea, bizipenak, obrak...

37. DVDa

Transcription:[+] Transcription:[-]

Pako Aristi Urrestillan jaio zen 1963an. Kazetaritza-ikasketak egin zituen eta ordutik hona hainbat komunikabidetan kolaboratu izan du. Kazetaritza-arloan egindako zenbait lanengatik Rikardo Arregi saria jaso zuen bi urtez jarraian. 1985ean Kappo, bere lehen nobela, argitaratu zuen, eta haren ostean hogei liburutik gora kaleratu ditu, dela narrazioak, dela poesia zein haur eta gazteentzako lanak. Gauza txikien liburua dugu Aristiren azken liburua.

Hasier Etxeberria: Pako Aristi, zer liburu ekarri diguzu aholkatzeko?

Pako Aristi: Bueno, bi ekarri dizkizuet, nik ohitura daukat binaka edo hirunaka irakurtzeko liburuak, kontrastea bilatzea gustatzen zaidalako. Eta ekarri dizkizuet niretzat deskubrimenduak izan diren bi autore: Slawomir Mrozek, poloniarra da, Stefan Zweig, austriarra; Erika Ewald-en maitasuna da bat, nobelatxo erromantikoa, eta bestea da Bizitza zaila.

H. E.:¿La vida difícil?

P. A.: Bai, La vida difícil. Ipuin-bilduma bat. Hau oso idazle umoretsua da, ironikoa, barre eginarazten duena, gauza zaila dena liburuen bitartez lortzen, eta hau da erromantiko hutsa, eta kontrastea bilatzeko.

H. E.: Gehien markatu zaituen gizonezkoa?

P. A.: Gizonezkoa? Bi esango nituzke esatekotan, eta dira institutu garaian izan nituen bi irakasle: Iñaki Azkune eta Joserra Treviño (Treviño da apaiza).

H. E.: Eta emakumea?

P. A.: Emakumeak… emakumeak ere bi esango nituzke: nik bi ama izan nituen, neure ama, oraindik bizi dena, eta gero gurekin bizi zen izeba bat, alargundua. Eta beharbada… nik uste bi ama horiek izan dira… ze errieta egiteko bi ama nituen baina maitasuna jasotzeko ere bi izan nituen.

H. E.: Inoiz idatzi den poemarik ederrena?

P. A.: Asko dira. Bat esatekotan orain gogora datorkidana da Pablo Nerudaren “Me gustas cuando callas porque estás como ausente…” , horrela jarraitzen du poemak.

H. E.: Esadazu egia bat.

P. A.: Egia bat? Bueno elkarrizketa honetan ez dut gezurrik esango.

H. E.: Eta gezurra?

P. A.: Ezin dut esan, beraz. Dena den, literaturan gezurrari fikzioa deitzen zaio.

H. E.: Toki bat bizitzeko?

P. A.: Toki bat? Igualtsu zait. Nik uste dut Euskal Herrian edozein; euskara hitz egiten bada nahiago dut eta herri txikia baldin bada nahiago dut hiri handi bat baino.

H. E.: Eta bisitatzeko?

P. A.: Bisitatzeko? Lehendik gustatu zaizkidanen artean edozein: Dublin, Lisboa, Amsterdam, Habana…

 

Erokeria asko egin ditut gaztetan. Behin hegan zihoan tximeleta bat harrapatu eta jan egin nuen bizi-bizirik; beste batean nire arnasots eszitatua grabatu eta nire testuen irakurketa batean jarri nituen. Pattarra edan dut odola botatzeraino, pixa egin dut postontzietan, haxixa erre eta bi ordu koruan erorita egon nintzen Jesusen aurpegia ikusten nuelarik. Ordea, zertarako gogoratu ezer? Nik oraina maite dut baina betikotasuna ulertzen duen oraina, ez betebeharretan itotzen dena.

 

H. E.: Pako Aristi, oraintxe atera berri duzu Gauza txikien liburua. Ikusten dugu hemen zure argazki eta guzti. Oker ez bagaude, lehenengo aldia da euskal idazle bat horrela azalean bere burua erakutsiz datorrena. Hautu deigarria.

P. A.: Bai, badauka bere esplikazioa e? Esplikazioa luzea da baina, bueno, funtsean horrekin nahi izan dudana da… erreibindakatu nahi dut idazlearen lana, idazlearen papera, idazlearen nortasuna, ezta? Ni asko amorratzen nau… amorratu edo…, bueno,  pixka bat haserrarazi egiten nau euskal idazleak hasten direnean elkarrizketetan esaten “Nik ez dut neure burua idazletzat kontsideratzen, nik ez dut bertsolaritzat nire burua …, beti konplexu horren azpian gabiltza, eta pixka bat horri kontra egiteko eta idazlearen presentzia gizartean erreibindikatzeko bide bat irekitzea pentsatu dut neure argazkia jarriz, eta jendeak jakin dezan fisikoki zein den idazle hau. Futbolistak ezagutzen ditu jendeak, politikoak ezagutzen ditu ba… has daitezela idazleak ere aurpegiz ezagutzen.

H. E.: Esango genuke sasoian eta inoiz baino zintzoago ikusten zaitugula, behintzat zentzu batean. Esan nahi dugu oso sintonian aurkitzen ditugula, alde batetik, darabilzun hizkuntza, bestetik, kontatzeko modua eta, bestetik, nolako “biluztea” egiten duzun, ez, zure bizikizunen biluztea, esaten dutenez, “esperientziaren idazketa” dei daiteke zure hau.

P. A.: Bai, nolabait, nire testu horiekin erreibindikatu nahi dut Euskal Herrian existitzen ez den idazle-tipo bat eta niri asko gustatzen zaidana, eta da, nolabait bere bizitza erakusten doan idazlea, alegia, bere datu biografikoak esplotatzen baino gehiago bere buruan ematen ari diren aldaketak, izan dituen ideia berrien aurkikuntzak, izan dituen dezepzioak pixka bat eboluzio hori agertzen ari diren idazleak oso interesgarriak iruditu izan zaizkit beti, eta nik pixka bat bide hori…

H. E.: Aurreko poema-liburuan, hemen dugun honetan, Libreta horiko poemak izenekoan ere bide hori erakutsi zenuen. Pudoreak ez al du lekurik?

P. A.: Bueno, nik uste ez naizela biluzten hainbeste. Gertatzen dena da nola euskaraz ia inork ez duen ezer pertsonalik, benetan ezer pertsonalik kontatu, ez baldin bazen fikzioaren estalki horren azpian, orduan badirudi ba ikaragarri ari naizela biluzten, baina nik ez dut hori hala sentitzen, nik uste dut behin adin bat ezkero, pertsona batek ez duela eduki behar beldurrik, lotsarik, nor den agertzeko, zer pentsatzen duen agertzeko gauzei buruz, eta zer bizipen izan dituen eta haien bidez bizitzan zer pozaldi eta zer sufrimendualdi jaso dituen agertzeko, eta horixe besterik ez dut egiten.

H. E.: Oso sarrera polita dauka liburuak eta bertan kontatzen duzu nola maisu galego zahar batek erakutsi zizun gaita jotzen eta nola ikasi zenuenean, eta tresna egin zizunean azkeneko aholkua nola luzatu zizun esanez: “Orain negarrarazi egin behar diozu gaitari”. Eta pixka bat hori da zuk liburuari eskatzen diozuna, ez, hunki dezala hartzailea.

P. A.: Bai, “faike achore” esaten zidan gizonak. Alegia, gaita jotzea ez zen nahikoa, jotzen banekien, hori ez zen nahikoa, hori da gauza oinarrizko bat, ebidente bat, gero horrekin sentimenduak piztu behar dituzu, eta iruditu zitzaidan metafora polita zela idaztearen lana definitzeko. Idaztea ere ez da idazten jakitea, idaztea da horrekin norbait hunkitzea, edo norbait haserraraztea, edo zerbait mugiaraztea bere barruan. Eta iruditu izan zait euskararekin pixka bat, batuak euskarari eman dion eboluzioagatik-edo, galdu egin dela, edo ez dela landu behintzat behar adina, hizkuntzaren hunkitzeko ahalmen hori, eta hori da... hemen saiatu naiz.

H. E.: Zatietako batean diozu: “Hitzak indartsua behar du izan, guk eman genion esanahiaren zamari luzaro eutsiko badio. Idaztea hoztea baita, sentitzea eskatzen du lehenengo, sentimendu hori hoztea hurrena, eta gero berriro irakurlea kiskaltzerainoko berotasuna lortuko duten hitzak aurkitzea”. Horixe duzu helburu nolabait.

P. A.: Alkimia zail bat da, idaztea ez da emozionatuta zaudenean bat-batean eta azkar-azkar  parrafoak idaztea, ez, idaztea da pixka bat sentitu duzun hori guztia zeure baitan ondo tenplatu, aztertu, interpretatu, ikusi zergatik gertatu den, zergatik ez, eta horren ondoren berriro sentimenduen berotasuna sentiaraziko duen testua sortzea, alkimia zail bat da eta pixka bat hor barruan nabil, ba, ez dakit.

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B2
Oct 29, 2004
Number: 30520
Source:
Dialect:
  • Batua
Duration: 00:10:00
Number of visits: 3560