Docutec Card

Jon Iraola, berezko imitazio komunikatzailea

Jon Iraola Aldalur hogeita bost urteko ibartarra zaletasunez imitatzailea da lehendik eta gaur egun lanbidetzat izateko zortea du. Imitaziorako gaitasuna berezkoa du eta bere kasa landu behar izaten du, besteak beste, autoz doanean entzundako ahotsak aho bizian imitatuaz.


Keinuek ere izaten dute bere lanketa, baina Joxean Tolosa imitatzerakoan, berak dioenez, ez du alor honen lanketa handiegirik egin behar: oso estatikoa da. Lagunartean imitazioak berez egiten zituenean gustura aritzen zen, baina orain eskatu egiten diote hori.

Lehendik ere laurogeiren bat pertsonaiaren erregistroa egina zen radio Euskadiko Boulevard programan Santiago Segura, Boris Izagirre, erregea eta beste hainbat pertsonaia imitatuaz, baina arrakasta Wazemank euskarazko programatik iritsi zaio.

Bere euskara bizitasuna, etxean eta Aldabako osaba-izeben baserrian asteburuak pasatzera joatean, ttikitan, landu ahal izan du.

Wazemank programaren arrakastaren uhinetik ihes egin eta atseden hartzeko oporraldira joan aurretik harrapatu dugu, baina irailerako zenbait berrikuntzekin lanari ekiteko asmoaz. Oporretan ere pertsonaia bat baino gehiago lantzeko burua martxan izango du... Earki gatxik.

Imitatzerakoan inor haserretu al zaizu?
Ez, inor ez zait inor haserretu. Gazte batekin adarra jotzen aritzen naiz baina...

Imitazioaren lanketa nola egiten da?
Pertsonaia bakoitzak bere lanketa du. Pertsonaia bakoitza buruan hartu eta hitz egiten duen era, janzkera... landu egin behar da.

Zuk egiten al dituzu zure pertsonaien gidoiak?
Joxean Tolosarena nik egiten dut, baina ez da izaten gidoi finkoa. Hasiera, amaiera, zertaz hitz egin behar dugun zehazten dugu aurretik, oinarri batetik abiatzen gara, baina grabatzerakoan ez dago testu finkorik.

Wazemank-eko lankideen artean giro ona duzuela sumatzen da...
Bai, gure artean giro oso ona dago. Lanean gustura aritzeko beharrezkoa da giro ona elkarren artean. Elkarren arteko adar jotzea, umorea...

Nola osatu zen Wazemank-eko lantaldea?
Anjel Alkainen gaia da guzti hau. Berak sortu zuen proiektua, jende berria bila aritu zen eta ezustean Villabonako antzerkian ikusi ninduen gustatu egin zitzaion eta deitu egin zidan. Egun hartan ez omen zuen asmorik joateko, baina Berrian irakurri zuen gure emumore, euskara, hizkuntza, analdia zegoela eta horrelaxe gertatu da dena. Antzerki munduan ibilbide luzea dutenak ere badira...

Zein da zuen eguneroko lana?
Nik ez daukat egunero joan beharrik. Joaten naizenean, gidoia ikasita, jantzi, makilatu eta platora joaten gara. Makilajean denbora luzez egon behar izaten dut. Datorren urterako ilea moztu egingo dut, agian...

Zein da Wazemank-en arrakastaren giltza?
Erabiltzen den kaleko euskaran egon daiteke arrakastaren giltza. Dauden pertsonaiak... Bazen garaia umorezko honelako programa euskaraz egiteko. Hemen umore politikoa besterik ezin zitekeela egin ematen zuen.

Aipagarria da hika hitz egiteari eman diozuen indarra?
Ez bakarrik hika hitz egiteari; aktore bakoitzak bere tokiko euskalkia erabiltzen du. Bestela, oso euskara artifiziala izango litzateke. Ondarroako Ana Elordiri ez diot batzutan ulertzen, baina berdin dit: gustatu egiten zait eta. Hori da bere kaleko hizkera. Gipuzkoarrok gure euskara erabiltzen genuen eta bizkaitarrek bere euskalkia ere erabili behar zela esan eta horrelaxe hitz egiten dute bizkaieraz gure programan.

Zein izan da Wazemank programaren aportaziorik handiena?
Euskalki desberdinetan egiten duen kaleko euskararen erabilera izan daiteke Wazemank-en aportaziorik handiena. Programa adin guztietara iristen da. Gaztetxoengandik hasi eta helduenenganaino asmatu dugula ematen du.

Nola definituko zenuke zuen umorea?
Gure umorea naturala da. Inori minik egin gabe egiten den umorea, alegia.

Ba al dago euskal umorerik?
Euskal umorea baserriarekin oso lotua azaldu izan da; Paco Martinez Soria moduko ergel ukituaz... Gure programan denetik dago auto konponketa tailerra azaltzen da: denok dugu auto bat... Exajerazioan muturrera eraman den Arregitarren baserria oso berezia da...

Nola aukeratzen dituzue imitatzeko pertsonaiak?
Jendearentzat erreferentea den norbait izan behar du. Irratiko norbait imitatzea zaila da, ahotsaren baliabidea besterik ezin duzulako erabili... telebistan azaltzen den pertsonaiaren bat, ongi eginez gero ikusleek berehalaxe ezagutzen dute. Anjel Alkainek Dani Arizalaren imitazioa egiterakoan jendea azkar "harrapatzen" du.

Imitatu behar diren pertsonaien lanketa erraza al da?
Hasieran belarritik sartu behar zaizu. Norbait entzun orduko badakit imita dezakedan edo ez. Tonua, hitz egiteko abiadura, gehien erabiltzen dituen hitzak, urduria edo lasaia den... imitatzerakoan alde asko izan behar da kontuan. Jendeak, behin eta berriro errepikatu behar diren hitz jakin batzuk gogoratzen ditu: Arregitarren "moxolitoa" edo gure "eongo gatxik".

Wazemank programarekin arrakasta handia izan duzue...
Audientzia maila %4,7an edo horrela dago. Zaragoza eta Cadizen arteko futbol partiduarena baino gehixeago... Nik oraindaino, programaz ez dut ezer txarrik entzun. Kalean umeek ikusi eta begira-begira geratzen zaizkit.

Zein imitatuko zenuke gustura?
Mañukorta izan daiteke. Baina imitatzeko garaian ez da pentsatu behar pertsonaiarengan besterik gabe, ingurune bat bilatu behar zaio: istorio bat... Hori ez da erraza. Joxean Tolosarekin lortu dugu, ikusleek berehala kokatzen dute, baina Mañukorta non sartuko genuke? Juanan Larrañaga izan daiteke ere, baina futbola botatzen dutenean bera ez da ikusten eta oso zaila egiten da imitatzea... Baditut batzuk buruan....

Ba al duzue zentsura edo autozentsurarik zuen artean?
Guk daramagun bidean ez dago zentsurarik. Zentsura izan daiteke politika tartean ateratzen den programaren baten, baina guk ez dugu inolako zentsurarik. Kontuan izan behar da gaueko 9:30ean botatzen dela eta gaztetxo asko dagoenez ezin da edozein gauza sartu. Guk ez dugu maliziarik eta ez dugu zentsurarik behar.

Joxean Tolosak esan al dizu zerbait?
Binakako finalean Gasteizen izan nintzen eta kasualitatez hiru metrora zegoen Tolosa. Euskitzek ikusi ninduen eskailera behera nindoala tragoekin; Tolosari esan zion zerbait eta honek begira jarri, besoa altxa eta berearekin jarraitu zuen, geldi-geldirik. Gero Euskitzerekin egon nintzen eta zerbaitetan arituko zirela esaterakoan "ez duk asko mugitu" esan zidan.

Euskal rockak ez du dirurik ematen... eta umoreak ematen al du?
Lau urte eta erdi tailerrean aritua naiz. Badakit zer den eta oraingoarekin gustura nago. Radio Euskadirako ere, Boulevard programarako bost minutuko imitazioak egiten ditut telefonoz. Primerako futbolariek bezala ez, baina bizitzeko ematen du... Boulevard programan laurogeiren bat pertsonaia imitatzen ditut: erregea, Torrente, Boris Izagirre, Lauren Postigo... Duela bost urte hasi nintzen bost pertsonaiarekin. Astean atera den gai batez hitz egiten dut, egunero hiru-lau minutuz. Imitatzen erdaraz hasi nintzen eta ondoren etorri da Wazemank-eko aukera.

Sormen lanak asko nekatzen al du?
Sormen lanean ari zarenean, egun osoan ari zara lanean pentsatzen. Ezustean ideia bat bururatu eta apuntatu behar izaten dut. Eta gero etxean landu.

Zure lagunek oso ondo pasa behar dute...
Garai batean lagunartean imitatzen gustura aritzen nintzen, baina orain imitatzeko eskatzen didate eta gauzak aldatu egin dira.

Nola iristen da gazte bat imitatzaile modura telebistan lan egitera?
Erdarazko esaldiak dioen modura toki eta une egokian egotean, alegia.Guk Villabonan antzerkia egin izan ez bagenu eta Anjel Alkainek egunkarian gure emanaldiaren berri izan eta etorri izan ez balitz, gu ez ginen telebistan izango. Ordubete eta erdiko antzerki saioa Ibarrako garagardo ferian egina genuen aurretik.
 
 

Comments
Login for comment

B2
Aug 3, 2006
Number: 303154
Source:
Dialect:
  • Batua
Number of visits: 5972