Docutec Card

Urrunekoa zein hurbilekoa ondo ikusteko


Arizonako Unibertsitatean kristal berezi bat garatu dute, ikusmen nekatua dutenen arazoa konpontzeko. Hain zuzen, adin batetik aurrera oso arrunta da ikusmen nekatua izatea, hau da, fokatzeko gaitasuna galtzea.

Izan ere, urteak igaro ahala, begiaren kanpoko geruzak malgutasuna galtzen du, eta, ondorioz, urrutiko objektuetatik hurbilekoetara fokua aldatzea zaila izaten da. Hori konpontzeko erabiltzen ditu jendeak foku biko betaurrekoak. Hurbileko objektuak ikusteko, lentearen behealdetik begiratu behar da, eta goiko aldetik, berriz, urrutikoak ikusteko.

Betaurreko horiek ez dira gaur goizekoak; XVIII. mendean asmatu zituen Benjamin Franklinek. Baina eragozpen bat dute: bi lenteak banatzen dituen marra oso nabarmena da, eta estetikoki ez da polita. Gainera, begiak gora eta behera mugitu behar dira, ikusi nahi dena zer distantziara dagoen. Horrek buruko mina eta nekea sortzen die askori.

Gaur egun badaude kristal progresiboko betaurrekoak; horietan ez da hautematen lente-zatien arteko bereizketa. Gainera, urrutitik hasi eta gertura arte ikusteko, hainbat lente dituzte jarraian, denak bateratuta; hartara, baliagarriak dira tarteko distantzian daudenak ere ondo bereizteko.

Baina horrekin konforme ez, eta ikertzaileek lanean jarraitu dute, automatikoki fokatuko duten betaurrekoen bila. Orain, badirudi Arizonako Unibertsitatean bete dutela helburua.

Kristal likido elektronikoa

Nabarmena da ikertzaileek ahalegin handiagoa egin dutela optikan diseinuan baino, betaurrekoak ez baitira oso ederrak. Hori bai, kristalak benetan bereziak dira, fokua egokitzeko ahalmena baitute. Hori lortzeko, kristal arrunteko bi geruzaren artean, kristal likidozko beste bat dute. Erdiko geruza horrek, bestalde, elektrodo ñimiño gardenak ditu zirkulu zentrokideetan, eta zirkulu horiek dute kristalaren ezaugarri optikoak kontrolatzeko ardura.

Kristal likidoa erdisolidoa, erdilikidoa da, eta osatzen duten molekulen konfigurazioa aldatu egiten da korronte elektrikoa ezarriz gero. Ikertzaileek ezaugarri hori aprobetxatu dute korronte elektriko txiki baten bidez nahi duten konfigurazioa lortzeko. Hala, betaurrekoak itzalita daudenean, urrutira ikusteko balio dute, eta piztuta daudenean, berriz, hurbilerako.
Unibertsitatean proba ugari egin dituzte bai ordenagailuaren bidez bai pertsonekin, eta emaitzak oso onak izan dira. Beraz, merkaturatzeko asmotan dabiltza, eta dagoeneko eman dituzte kalera ateratzeko lehen pausoak.

Hala eta guztiz ere, are gehiago hobetu nahi dituzte kristalak, argazki-kameren autofocus funtzioak bezala funtziona dezaten. Bezeroak, behintzat, dezente izan ditzakete. Ea onak izateaz gain, merkeak eta politak izatea ere lortzen duten!

 

 
 

Comments
Login for comment

C1
May 25, 2006
Number: 297053
Source:
Dialect:
  • Batua
Number of visits: 1844