Docutec Card

Bhopaleko isurketak oraindik heriotzak sortzen ditu

Inoiz izan den isurketa kimiko larriena, hau da, Bhopaleko (India) hondamendia gertatu zenetik gaur hemeretzi urte beteko dira, eta oraindik ere hainbat eta hainbat pertsonaren heriotza sorrarazten du. Estatistiken arabera, bi egunetik behin pertsona bat hiltzen da isurketa toxiko haren ondorioz.


1984ko abenduaren 2tik 3rako gauean, Bhopaleko pestizida faktoriako tanke batetik 40 tona gas hilkorrek ihes egin zuten. Isurketa hartan, besteak beste, metilo isozianatoa eta hidrogeno zianuroa askatu ziren. Grenpeacek bildutako datuen arabera, isurketa jazo eta hiru egunetara 8.000 pertsona hil ziren. Ikerketen arabera, 520.000 pertsonak gasen eragin zuzena izan zuten, eta horietatik 150.000k gaur egun gaitz kronikoren bat dute. Indiako GKEen arabera, bi egunetik behin pertsona bat hiltzen da hondamendiaren ondorioz, eta, beraz, hildakoak 20.000 inguru izan daitezkeela uste da.

Hondamendi hartatik bizirik ateratzea lortu zutenek gaitz oso larriak dituzte, hala nola, biriketako fibrosia, ikusmen galera, asma, tuberkulosia, sukarra, depresioa edota desoreka neurologikoak. Isurketa haren ondoren jaiotako milaka umek garapen eta hazkunde arazoak dituzte. Hilda jaiotako umeen kopurua hirukoiztu egin zen, eta erditzean hildako emakumeena, berriz, bikoiztu.

Isurketa izan eta lehen orduetan jazotakoak eragin zuzena izan zuen ondorioetan: Union Caribek ez zuen eman gasen osaketa zehatza eta horrek, okerreko tratamenduetara eraman zituen osasun arduradunak. Kalte-ordainak ere berandu etorri ziren, eta ondorioz, gaixoek ezin izan zuten osasun arreta egokia jaso.

Krisia gertatu eta handik hogei urtera isurketaren arrazoien berri izatea lortu dute, eta egia ezkutatzeko Union Caribek hainbat ahalegin egin arren, jakin ahal izan dute hondamendia jazo zen gauean istripuak ekiditeko indarrean egon behar zuten segurtasun neurrietatik seik huts egin zutela edo deskonektatu egin zirela. Alarmaren sirenak, esate baterako, ez zuen inor ohartarazi.

Bestetik, Union Caribe enpresak berak munduko beste hainbat tokitan indarrean zituen aurrezaintza neurriak ez ziren bete. Adibidez, Europan gehienez metilo isozianato 0,5 tona biltzea baimentzen zuen bitartean, Bhopaleko pestizida enpresan 67 tona zituzten pilatuta

 
 

Comments
Login for comment

B2
Dec 2, 2003
Number: 29209
Source:
Dialect:
  • Batua
Number of visits: 1171