Docutec Card

Zahartzea, ezinbestean heltzen den prozesua

Zahartzeari buruzko artikulua. Animaliekin alderaketak egiten ditu hasieran. Ondoren zahartzeari buruzko hipotesia onartuena azaltzen du. Bukatzeko ekiditeko ahaleginei buruzko iruzkinak.

Aitziber Agirre Ruiz de Arkaute

 
Gizakia katua baino 5 aldiz gehiago bizi da; katua sagua baino 5 aldiz gehiago eta eulia baino 125 aldiz gehiago. Zergatik ote? Bizidun guztiak zahartzen al dira? Zalantza ugari sortzen da zahartzearen inguruan. Zientzia galdera hauetako askori erantzuna ematen hasia da. Hala ere, bada erantzunik ez duen galdera: inoiz lortuko al dugu zahartzea geldiaraztea? Alegia, inoiz lortuko al du gizakiak denboramenpean hartzea?

Zahartzea prozesu jarraitua eta dinamikoa da; ez dago zehazterik noiz hasten den gizakia zahar izaten. Amaiera puntua, ordea, jakina da: heriotza. Baina, bitartean, 20 eta 30 urte inguruan gorputza aldatzen hasten da. Poliki bada ere, aldaketa morfologikoak, fisiologikoak eta psikologikoak gertatzen dira: nekea hasten da, ikusmena eta entzumena galtzen dira, hezur eta muskuluek ere masa galtzen dute, malgutasuna galtzen da eta, gainera, gaixotasunekiko sentikorragoa bihurtzen da gorputza.

Baina zahartzea giza espeziean soilik behatzen den fenomenoa da, higienearen eta biomedikuntzaren ezagueraren ondorio zuzena baita. Aspaldian, zahartzen hasi aurretik gizakumea edo emakumea gaixotu eta hiltzen ziren; baina, XX. mendean gure ohiturek gaixotasunak izugarri murriztea lortu dute eta horrek gizakia denbora luzeagoz bizitzea ahalbidetu du. Beraz, gizarte industrializatuetan gertatu den adinekoen kopuruaren emendapena giza-zibilizazioaren «artefaktua» dela esan daiteke.

Bestalde, gizakion bizi-itxaropena asko handitu bada ere, gehienezko bizi-iraupena azken ehun urtetan iraunkor mantendu dela uste dute adituek. Gaixotasunen murrizketak ez du zahartzea geldiarazi eta gizakion gehienezko bizi-iraupena 120-130 urte ingurukoa dela dirudi. Gainera, oraindik badira heriotza eragiten duten gaixotasun kronikoak —minbizia, eritasun neurodegeneratiboak eta bihotzeko gaixotasunak, kasu—.

Espeziearen onerako?

Gizabanakoaren zahartzea espeziearen onerako gertatzen dela aipatu izan da. Kontutan hartu behar da animalia zaharrak ez direla beharrezkoak espezieen bizi-iraupenerako, ugalkortasun-adina gainditu baitute. Horrela, gizakiak, Lurrean bizi izan den denboraren % 99,9an, 30 urte inguruko bizi itxaropena izan du. Orain arte, behintzat, inoiz ez da azaldu 50 urte baino gehiagoko gizaki prehistorikoen aztarnarik.

Duela urte batzuk arte, zahartzea eta heriotza populazioaren tamaina mugatzeko edo belaunaldien berriztapena azkartzeko zela uste zen, horrek ingurugiroko aldaketei egokitzen laguntzen baitie organismoei. Baina teoria horrek badu arazo bat: espezie guztiek gehienezko bizi-iraupena badute ere, naturan gutxitan ikusten da une horretara iristen den izakirik. Animalia basatiak ez dira zahar hiltzeko adina bizi, infekzioek, harrapaketak, goseak edo hotzak hiltzen baitituzte lehenago. Hori dela eta, teoria horrek ez du azaltzen zertarako duten espezieek gehienezko bizi iraupena eta berezko heriotza, naturan ez baitira inoiz iristen adin horretara.

Espezieen iraupena ziurtatzeko izakiak, ugaltzeko eta, behar den kasuetan behintzat, kumeak independizatzeko adina urtez bizi behar du. Baina espeziearentzat hobe da energia ugaltzen erabiltzea nork bere bizitza luzatzen baino. Gizakia, hala ere, denbora gehiagoz bizi da. Zergatik ordea?

Zahartzea genetikaren menpe ote dago?

Pentsa daiteke zahartzea ez dela zuzenean geneek kontrolatutako prozesua, izaki guztiak ez baitira era eta abiadura berean zahartzen. Eskuarki, genetikoki bideratutako prozesuak izaki batetik bestera oso gutxi aldatzen dira; zahartze-fenomenoa, ordea, erabat aldakorra da. Baina, bestetik, hainbat gene aldatuz animalien bizi-iraupena luzatu edo laburtu daitekeela ikusi dute zientzialariek.

Badirudi zahartze-fenomenoa zeluletan sortzen diren molekula oxidatzaileek eragindako kalteen ondorioz gertatzen dela. Oxigenoaren erradikal askeak izena dute molekula horiek, eta metabolismoaren produktu arruntak dira. Erradikal aske horiek neurri batean beharrezkoak dira; immunitate-sistemako hainbat zelulek infekzioen aurka borrokatzeko erabiltzen dituzte. Baina ugaritasunak, kalte larriak eragin ditzake zelulan: inguruko molekulekin erreakzionatu, oxidatu eta kalteak eragin ditzake, ADNan batez ere. Hori dela eta, zelulak erradikal horiek desegiteko modua sortu du baina, akatsen eta urteen poderioz, erradikalak pilatzen eta estres oxidatiboa pairatzen hasiko dira zelulak.

Hori dela eta, urteak aurrera doazen ahala, ADNan akatsak pilatzen doaz, eta kaltetutako ADNak ez du sorraraziko zelulan energia lortzeko erabiltzen den makinaria. Horrela, zelularen energia-ekoizpena murriztuko da. Energiarik ezean, zelula hil egingo da, eta zelula askoren heriotza gertatzean ezinbesteko ditugun organoek ere funtzional izateari utziko diote. Beraz, ez dirudi zahartzea genetikoki programatuta dagoen prozesua denik; denboraz ADNan gertatzen diren kalteen pilaketaren ondorio da, konponketarik ez duten kalteen pilaketaren ondorio.

Etorkizuneko aukerak

Inoiz gaur egun heriotza sorrarazten duten gaixotasunak gainditzerik balego, lortuko al genuke zahartze-prozesua moteldu eta gehienezko bizi-iraupena handitzea? Moduren bat izatekotan, estres oxidatiboa eragotziz izan beharko du. Hala ere, orain arte behintzat, antioxidatzaileen (A eta E bitaminen) terapiak ez du emaitza kliniko onik izan.

Azken urteotan, ordea, kaloria-sarrera murrizteak ere lagun dezakeela ikusi dute. Kaloria gutxi hartzean, horiek digeritzeko metabolismoa moteltzen da, eta sortzen diren molekula oxidatzaileek ere behera egiten dute. Hala ere, kaloria gutxi hartzeak bestelako eraginik ere izan dezakeenez, adituek oraingoz ez dute gizakiekin saiakerarik egin.

Bestela, organo zahartu edo gaixotuak aldatzeko aukera dugu; klonazioaren bidez lortu genezake hori. Baina hori gorputz zahartuari partxeak jartzea baino ez litzateke izango. Izan ere, klonazioaren bidez ezin dugu lortu adina kontrolatzea eta zahartzea etetea.

 

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

C1
Apr 27, 2002
Number: 27725
Source:
Dialect:
  • Batua
Number of visits: 5231