Docutec Card

Lapurdiko kortsarioak, urrea eta odola

Lapurdi aldean izan zieren kortsario eta piratei buruzko artikulua. Izan ziren sona handiko pirata batzuen balentriak eta pirata izatearen arrazoiak azaltzen ditu.

1757. urtean zazpi mila kortsario zebiltzan Baionako eta Donibane Lohizuneko berrogeita bost ontzietan.

Hamabost urte baino ez zituen 1763an jaiotako Esteban Pellot hendaiarrak "Marquise de Lafayette" ontzi kortsariora aurreneko aldiz igo zenean. Mutil koskor hura ontzia garbitzeaz eta pistolak kargatzeaz arduratuko zen bere kortsario bizitzako lehendabiziko hilabeteetan, baina berehala erakutsi zuen abenturarako dohain bereziak zituela:

Ingalaterrako eta Antiletako uretan hainbat eta hainbat ontzi harrapatu zituen Pellotek. Ondoren baleak ehizatzen aritu zen, Islandiako kostaldean izandako hondoratze batean hiltzeko zorian egon zen arte. Berriro kortsariotzara itzuli zen eta hogeita bi kanoiko "Général Dumouriez" ontziarekin "Santiago de Chile" galeoi espainiarra preso hartu eta izugarrizko urre mordoa kendu zion.

Pirata azeria izateagatik itsaso guztietan ezagun egin zen Pellot Lapurdik XVI. mendetik aurrera emandako kortsario andanako beste bat baizik ez zen izan, azkenekotakoa. Euskal Herri osoan izan ziren kortsarioak, hau da, agintarien baimenarekin beste nazioetako ontziak abordatzen eta mendean hartzen aritzen ziren piratak, baina Lapurdik hautsi zituen marka guztiak. Eta kortsarioak bakarrik ez, bukaneroak eta filibusteroak ere izan ziren lapurtarrak, eta oso urrutiraino joan beharrak ez zien axolarik, zer harrapatua baldin bazegoen. Esaterako, XVII. mendeko bi kortsariorik sonatuenetakoak, Harismendi eta Saint Martin, Groenlandiaraino iritsi ziren eta han hamaika ontzi etsai eskuratzea lortu zuten.

Baina, nola banatzen ziren eskuratutako ondasunak? Hasteko, itsaslapurretan aritzen ziren ontzietan eskribau bat joan ohi zen eta hark etsaiari kendutako ondasun guztien zerrenda egiten zuen, eta kutxei zigilua jarri ere bai. Harrapakinaren zatirik handiena ontziaren jabearentzat izaten zen eta tripulazioak hamarretik hiru edo eskuratzen zuen. Horregatik, uste denaren kontra, kortsarioak ahalik eta kalte txikiena egiten saiatzen ziren erasotzen zuten ontziari eta, hango marinelei zer-nolako tratua eman erabakitzeko orduan, oso kontuan izaten zuten haien jokaera. Oso indartsu aurre egiten ez zietenak aske uzten zituzten eta leial borroka egiten zutenei ez zieten aparteko zigorrik jartzen, baina, norbait bere ontzia piratek eskura ez zezaten urperatzen saiatzen bazen, lepotik zintzilikatzen zuten.

SUHIGARAITXIPI

Lapurdiko kortsarioek ontzi txikiak erabiltzen zituzten, alde batetik, azkarragoak zirelako eta, bestetik, legeak debekatu egiten zuelako zeregin haietan 300 tonatik gorako galerak edo karabelak erabiltzea. Ezaugarri horrekin zerikusia zuen izena —"La légre"— jarri zion Joanes Suhigaraitxipi famatuak Sokoako portutik abiatzen zen bere fragatari. "Le coursic"—"kortsario txikia"— deitzen zioten baiones hari, baina egin zituen balentriek ez zuten txikitik ezer.

Horietako bat Donostia parean egin zuen, 1692an, eta bi ontzi holandar izan ziren biktimak. Bi eguneko jazarpenaren ondoren, haietako lehenarengana iritsi zen "Le légre" eta borrokari ekin. Suhigaraitxipiren gizonek, nahiz eta aurrean zuten ontzia bostehun tonakoa izan eta ehun marinel eraman. Bi aldiz abordatu zuen baionesak eta, zauritu egin zuten arren, ez zuen etsi. Bost orduko borrokaren ondoren, hemezortzi marinel holandar besterik ez zen bizirik geratu. Bigarren ontzi holandarra ere urperatu zuen Suhigaraitxipik, eta guztia bere tripulazioko bost gizon bakarrik galduta.

Beste behin batean ikusleen begiradapean aritzea gertatu zitzaion baionesari, urte berean, hain zuzen ere, Atturriko bokalean bertan ontzi ingeles batek bere hirurogeita lau kanoiekin eraso egin zionean. Goizeko zortzietan hasi zen borroka eta arratsaldeko hiruetan bukatu, Suhigaraitxipiren kortsarioak garaile, ikuskizuna ikustera inguratu zirenen txalo artean.

XVIII. mendea izan zen Lapurdiko kortsarioentzat onena. 1757. urtean, esaterako, 45 ontzi kortsario itsasoratu zituzten Baiona eta Donibane Lohizunen artean, 750 kanoiz hornituta. Zazpi mila gizon inguru zihoazen ontzi haietan eta ja helburu bakarra zuten:

Ameriketatik azukrez, kafez, kotoiz, ehunez eta espeziaz beteta zetozen ontziak.

Kapitain kortsarioek diziplina gogorra ezartzen zuten ontzietan, Lapurdikoetan zorrotzagoa Gipuzkoakoetan eta Bizkaikoetan baino. Azken horietan ez zegoen marinelei heriotza zigorrik ezartzerik, baina Lapurdikoetan bai. Izan ere, hilketa bat gertatzen bazen, hiltzailea hildakoaren gorpuari lotzen zuten... eta biak uretara. Eta lehendabiziko aldiz itsasoratzen zen kortsarioa mastari lotu eta kolpatzeko ohitura zeukaten.

Baionara sotoak ondo beteta itzultzen zen ontziko kortsarioek, ordea, nahikoa jan, edan eta bestelako plazerik hartzen zuten Cordeliers kalean, horixe baitzen itsasgizonen topalekua. Baina plazerak plazer, amets bat zuten nagusi Lapurdiko kortsariek: erregearen baimena —"kortso patentea"— lortutako ontzi jaberen batek deitzea eta abentura berriei ekitea itsaso zabalean.

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

C1
Feb 2, 2002
Number: 27414
Source:
Dialect:
  • Batua
Number of visits: 4324