Docutec Card

Zinema eta zarata

Zinema modernoek ekintza pelikuletan erabiltzen duten soinu ozenegiak arriskutsutzat jotzen den neurria gainditzen duela eta, Adecavi elkarteak sentsibilizazio kanpaina jarri du abian

Aitziber LASKIBAR | BILBO

Oporraldia amaitu eta egunerokotasunera itzultzeko garaia iritsi da. Baina lanegunetan eta asteburuetan ere izaten dugu aisialdirako denborarik, eta hemen ere lasaitasuna izan ohi da bilatzen den arlo nagusietako bat. Zinema da denboralditxo horiek igarotzeko hautatzen den lekuetako bat. Baina, hau ere lasaitzeko leku apropostzat jotzen den arren, bertan eskaintzen diren pelikulek gehiegizko bolumena izaten dute elkartearen esanetan

Beraz, soinu ozenegi hori salatu berri du elkarteak, nahiz eta ez den zinemako bolumenaren inguruan egingo den ekimen bakarra izango, irailean hasita sentsibilizazio kanpaina jarri baitu martxan Adecavik.

Soinu handiak emateko prestatutako sistema berritzaileak dituzten zinema modernoak eta akziozko pelikulak dira zarata horren eragile nagusiak. Ildo honetan, Adecavik azaldu duenez, edozein zinematan akziozko pelikulak ematen dituztenean, oihuek, leherketek, makinek eta efektu bereziek soinu dardaratiak sortarazten dituzte. Eta, pelikula horiek zinema modernoetan ematen dituztenean, produktoreek gomendatutako bolumenean ipintzen dituzte, eta, noski, oso ozena izaten da bolumen hori, pelikulan behar bezala murgildu nahian edo.

Ocu-Salud aldizkariak joan den otsailean dozena bat zinematan eginiko azterketa batek Adecaviren salaketa baieztatzen du. Aldizkariak ondorioztatu duenez, «zinemara zenbait pelikula mota ikustera joaten garenean 90,120 edo 150 minutuz eraso akustikoa jasaten dugu».

Aztertzaileek bost pelikula ikusi zituzten hamabi zinematan; pelikula horietatik hiru, haurrei zuzendurikoak, gainera. Zinemara sartu, butakan jesarri, eta beste edozeinek bezala entzun zuten pelikula, baina soinua neurtzeko aparailu bana eskuan zutela. Sonometroak pelikularen dezibelioak neurtu zituen emanaldi guztian zehar.

Batez beste, 69,2 eta 103,6 dezibelioren arteko soinua neurtu zuten ikertzaileek. Neurririk altuenak, berriz, 106,1 eta 122,1 dezibelioren artekoak. Oro har, bolumen mailari modu konstantean eusten zitzaion, baina, hala ere, pelikula guztiek jasaten dute, punturik gorenetan, arriskutsutzat jotzen den 90 dezibelioko neurria.

Azterketa berak jasotzen duenez, «pelikulen bolumena isiltzea komeniko litzateke, eta batez besteko neurria 75 dezibeliokoa izatea nahikoa litzateke». *

 

(moldatua)


 
 

Comments
Login for comment

B2
Sep 13, 2001
Number: 26873
Source:
Dialect:
  • Batua
Number of visits: 1461