Docutec Card

Pablo Mandazen: "Musean beti irabazten dut"

Euskaldun unibertsala izendatu duten apaiz eta ikelariarekin elkarrizketa. Venezuelan lan egiten du, eta bertako gauzaz gain Euskal Herriari buruz ere zertxobait esaten du. Batez ere, pertsona azaltzen da elkarrizketan zehar.

Garralda (Nafarroa), 1912. Maisua, biologoa, antropologoa, apaiza. Eusko Jaurlaritzak euskal herritar unibertsal izendatu du. Mundu zabaleko sei unibertsitatek, honoris causa doktore. Bere fundazioaren laguntza gozatzen duten 17.000tik gora lagunek, anaia Gines.

Zure curriculum mardulean ez da ageri Nafarroako unibertsitateen saririk. Zergatik?
Oso argi hitz egin dudalako beti. Beti esan izan dut Nafarroa Euskal Herriko herrialdea dela. Eta historia irabazleek idazten dute. Sustraiak zure lurrean irmo tinkaturik eduki behar dituzu munduko hiritar izan ahal izateko, Gernikako arbolak bezala, emateko eta zabaltzeko.

Garai batean rojo separatista esaten zizuten.
Sekula ez naiz rojo izan, hortik gehiegikeria asko heldu dira. Baina soziala bai, ez baitira berdinak lan egiten duena eta lanik egiten ez duena. Eta separatista... Euskalduna izan naiz beti. Oso kezkaturik nago egungo egoerarekin.

Nola dakusazu?
Euskaldunoi arazoa kanpotik datorkigu, ez digutelako herri izaten uzten. Espainiako Gobernuak su-etena amarrua zela esan zuen, baina, gatazka gainditzeko, elkarrizketa ezinbestekoa da, elkarrizketa eta demokrazia, autodeterminazioa eta bortizkeriaren etetea, batzuena zein besteena.

Curriculumera itzuliz, barkatuko didazu, baina Cousteau kapitainarekin elkarlanean aritua zarela jakiteak txunditu nau gehien.
(Barrez) Bada, berarekin ika-mika izan nuen. Hedapen lan itzela egin du, baina guk Margarita Uhartean erabiltzen genituen arrantza ereduen kontra egin zuen, zeri buruz ari zen jakin gabe.

Itsasotik urrun, Amazonian, behin helikoptero batetik bakar-bakarrik jaitsi zinen, gizon zuririk sekula ikusi gabea zen tribuarekin harremanetan jartzeko.
(Barrez) Baina ez ausarta naizelako, baizik eta helikopteroan bidaiari bakar batentzako tokia zegoelako, eta nirekin zihoan antropologo aluak nik baino zorte hobea izan zuelako: zotz egin eta galdu nuen. Garai hartan petrolio enpresen erasoak zirela-eta oihanean maiz ibiltzen ziren geziekin jo eta su. Zorionez, guztia ongi atera zen.

Yanomani, piaroa, warao... Hainbat etniarekin aritu zara lanean, zer helbururekin?
Etnia bat naturaren sormen bat da, eta existitzeko eskubidea du, gizakiak existitzeko eskubidea duen bezala. Globalizazioa etniak ezabatzen ari zela jabetu nintzen. Warao etniarekin hasi nintzen lanean. Orduan aztertu genuen zer kultura zuten, haien lurrak zer aberastasun zuen, nola egin zezaketen aurrera. Eskola elebidunak, liburuak haien hizkeran, trebakuntza profesionala, kooperatibak, denetarik egiten dugu haien nortasuna berreskuratzeko.

Venezuelako presidente Hugo Chavez zer da, Jainkoa ala deabrua?
Dagoenarekin aritu behar. Ez dugu kexarik. Gure fundazioa, La Salle fundazioa, elkarlanean ari da Gobernuarekin hezkuntzan, teknologian, azpiegituretan eta ingurumenean. Konfiantza dut harengan, beti eduki behar da konfiantza. Batez ere, Venezuelan sinesten dut.

Eta Jainkoan?
Jakina. Jainkoaren ahotsa bidean topatzen dituzun gauzetan dago. Nik bidean topatu dudana aintzat hartu dut, eta sortu dudana sortzerik izan dut, ezerezetik. Nik ez dut ezer, baina jende askok asko du, fundazioari esker: arrantza ontziak, kontserba fabrikak, ikerketa ontziak, kafea ekoizteko enpresa, lanbide hezkuntzako zentroak, eskolak... Ez dut mitoetan sinesten, Jainkoan eta gizakian baizik.

Baita musean ari zarela karta txarrak jasotzen dituzularik ere? Zale porrokatua eta galtzaile txarra zarela esan didate.
(Barrez) Beno, horretarako ez dut Jainkoaren laguntzaren beharrik. Karta onak edo txarrak izanda, beti irabazten dut. Egokitzen zaidan aldi urritan, ez naiz galtzaile txarra. Hori bai, galtzea ez zait gustatzen, baina inori ez zaio galtzea gustatzen.

 

 

 
 

Comments
Login for comment

B2
Jan 3, 2001
Number: 26722
Source:
Dialect:
  • Batua
Number of visits: 894