Docutec Card

Haurren tratu txarrak: haurtzaroan ere dena ez da zoriona

Erreportaje honetan haurrei egiten zaizkien tratu txarrak aztertzen dituzte. Zein ingurutan ematen diren, tratu txar mota desberdinak, nola igarri tratu txarrak jasotzen dituela haur batek, aholkuak...

Haurrenganako tratu txarrak bazterkeria bizi duten guneetan kokatzen ditu gure inkontzienteak, oharkabean. Familien batez bestekoarekin zerikusirik ez duten etxeekin erlazionatzen dugu arazo hori nahi gabe, pobrezia handia, ikasketa maila txikia edo toxikomaniaren eraginak bizi dituzten ingurune minoritarioetan hain zuzen. Gutako edozeinek ere, herritar arruntak, nekez irudikatu ohi ditu horrelako gertaera tamalgarriak familia konbentzionaletan, gizartean integraturik dauden eta gehiengoaren pareko bizitza kalitatea duten gurasoen etxeetan.

Baina ez dugu xalo jokatzen, ez eta halabeharrez ere. Kasu honetan, badira gutxienez bi arrazoi tratu txarrak giro marjinal edo bereziki zailetako familietako haurrei zergatik egozten dizkiegun ulertzeko. Lehenik eta behin, hedabideetan zabaltzen diren albisteetan haurrentzat degradagarri eta kaltegarrienak diren gertaerak baino ez dira jasotzen: tratu txar fisiko larriak, torturak, erailketak, haurren oinarrizko premiak ez betetzea edo haurren gorputza edo irudia helburu pornografikoetarako erabiltzea... eta ia ez zaio begiratu ere egiten komunikabideen ikuspegitik hain errentagarri ez den beste tratu txar klase bati, hain deigarri eta morbosoa ez delako. Eta bigarrenik, edozein sumintzeko moduko izugarrikeria horiek sekula egingo ez lituzketen guraso askoren buruan haurren tratu txarrak oso katalogo laburrera mugatzen dira eta ez dute pentsatu ere egiten ia egunero edo noizean behin beren seme-alabekin izaten duten portaeraren bat tratu txarrezkoa izan daitekeenik.

Alde guztietan dago

Arazoa nahi baino hedatuago dago eta, era ezkutuan bada ere, ingurunerik hurbilenean ere gertatzen da. Drama baztertua da, ez baitugu arazoaren norainokoaren berri zenbaki eta estatistika bidez emango digun daturik. Eta gizartearentzat lotsagarri delako, gizatasun, sentsibilitate eta gizarte-kulturaren hutsunea erakusten duelako eta den bezala onartzeak min ematen duelako; azken batean gizakiok eratu dugun elkarbizitza-sistemako gaixotasun bat baino ez baita.

Haurrenganako tratu txarren arazoak gero eta indar eta maiztasun handiagoa duela pentsatzea ez da ezkorregia izatea: gure gizartea merkatu ekonomia batean garatu eta hazten da eta bertan gizarte ongizatea sortzen duten egiturak ez dira behar bezain eraginkorrak eta hiriko kontzentrazio izugarrietarako joera dago; horren ondorioz, familia askok bere girotik alde egin behar izaten du, giro kultural arrotzean eta babes eta harrera neurririk gabe. Gainera, pobrezia eta bazterkeriazko gune gero eta handiagoak arazo latza dira ekonomikoki garaturiko herrialde askotan, geurean barne. Eta ikuspegi psikologikotik, badirudi egiaztatzen ari dela egunean zehar pilatzen ditugun frustrazioak ahulenen aurka, kasu honetan haurrekin, askatzen ditugula.

Tratu txarrak eragiten dituen pertsona ez da ezinbestean sentsibilitaterik gabeko deabrua, desorekatua, erreferentzia sozialik gabeko marjinatua, edo umetan arazo hori jasan zuen aita edo ama. Edozein pertsona irits liteke tratu txarrak eragitera, laneko porrotak edo umilazioek edo lagunen gaitzespenak edo bere bizitzarekin gustura ez sentitzeak eragiten dion angustia pilatua egoki metabolizatzen ez baldin badaki. Beste zenbait pertsona helduk oso esku arina izaten du, portaera horrek umearengan izan dezakeen eraginaz ohartu gabe.

Zer dira, benetan, tratu txarrak

Gurasoen edo haurra zaintzeaz arduratzen diren pertsonen ekintzen ondorioz haurraren osasun fisikoa eta segurtasuna edo ongizate psikologikoa arriskuan denean esan ohi da tratu txarrak edo gehiegikeriak gertatzen direla. Tratu txarrak ekintzaz edo omisioz eta zabarkeriaz gerta daitezke. Lau tratu txar mota daude.

Tratu txar fisikoa pertsona heldu batek nahita eragindako kolpe, iletik tira egite, ostiko, ziztada... eta antzekoen ondorioz sortzen diren lesioak dira. Zigor desegoki edo larregikoek eragindako kalteak ere izaten dira. Zaila da bereiztea non bukatzen den "zentzuzko" zigor fisikoen bidezko diziplina eta non hasten den gehiegikeria. Zigor fisikoa erabiltzen duenak azken baliabide gisa erabiltzen duela argudiatu ohi du, hain azkarrak ez diren beste bide zuzentzaile batzuk (eta gurasoei ahalegin handiagoa eskatzen dietenak), adibidez azalpenak eta zigor edo mehatxu txikiagoak, eraginkor izan ez direnean. Ez dio haurrari minik egin nahi, jokaera desegoki bat zuzentzea du helburu.

Baina, "garaiz emandako ipurdiko txikia" salbu (guraso askok beharrezko jotzen dute hori, horren inguruan oraindik eztabaida badago ere), eta hori ere haurrak beste inolako bideri erantzuten ez dionean; baina bestela, zigor fisikoa haurraren duintasun eta autoestimaren aurkako eraso larria da eta kalte emozional larriak eragin diezazkioke. Zigor fisiko larriak sarri jasaten dituzten haurrek indarkeriazko jokaerak errepikatzeko joera izan ohi dute, euren helburuak lortzeko edo itxuraz arrazoirik gabe.

Hauexek izan ohi dira tratu txar fisikoen arrastoak: erredurak, haustura edo ubelduak, azalpen sinesgarririk gabe kolpetik agertzen direnak; haurrak pertsona helduak hurbiltzen zaizkionean beldurtuta agertzea; gurasoek haurrari buruz mespretxuz hitz egitea edo familiak haurra diziplina fisiko zorrotzegiaz tratatzea.

Bigarren tratu txar mota utzikeria edo zabarkeria da, haurraren oinarrizko beharrak betetzeko eginkizunean akats handiak izatea, dela heziketan, osasunean eta segurtasun edo ongizatean. Utzikeria fisikoa dagoela esan dezakegu haurraren osasuna zaintzen ez denean, etxetik bota edo behin eta berriz adin txikikoen zaintzapean uzten denean eta heziketako utzikeria esaten zaio haurrak bere beharren araberako heziketa eta eskolaratzea izan dezan zaintzen ez denean. Utzikeria edo zabarkeriaren zeinuak: eskolara ez joatea, behar duten zainketarik jasotzen ez duten hortz eta begietako arazoak, itxura zabarra, haur txikiak etxean bakarrik uztea, gurasoen egoera ekonomikoa txarra izan ez arren haurrak gaizki jantzita ibiltzea...

Tratu txar emozionala da haurren artean hedatuen dagoena eta agian gizartean onartuena. Haurrei irain, mespretxu edo iseka egiten diete, hain zuzen ere haurraren autoestima eta garapen pertsonala zaindu behar luketen pertsonek. Indarkeria horrek asaldurak eragiten ditu haurraren osasun psikikoan. Horrelakoak jasaten dituzten haurrek muturreko portaerak erakusten dituzte (atentzio erakartzen saiatzen dira edo oso pasibo agertu ohi dira) edo pertsona helduaren jokaera hartu eta beste haur batzuk babestera jotzen dute, edo adinez dagokiena baino haurrago agertzen dira. Batzuetan, bere buruaz beste egiteko saiakerak ere izaten izan dira haur horien artean. 
    
Sexu gehiegikeria: pertsona heldu batek haur batekiko harremanetik atsegin sexuala lortzen duenean, baina haurrak era kontziente batean harremana onartzeko aukerarik gabe. Gehienak familia barruan gertatu ohi dira. Abusuz jokatzen duena familiako kidea edo hurbilekoa izan ohi da. Abusu sexualaren zeinuak faktore askoren menpe izaten dira eta oso kontuan hartzekoa da haurraren bizitzan zein momentutan gertatu diren, indarkeria edo mehatxurik izan den ala ez eta haurraren eta bortxatzailearen pertsonalitatea. Edozein modutan ere, oso ohikoa izaten da abusu sexualak jasaten dituen haurrak eskolan ariketa fisikorik egin nahi ez izatea, sexuarekiko bere adinerako jokaera eta ezagupen desegokiak izatea eta bera baino gazteagoekin sexu-harremanak izaten saiatzea.

Haurra tratu txarrak jasaten egon daiteke, jokaera hauek baditu:

- Bere ohiko portaeran aldaketa bortitzak.

- Gurasoen arretarik jasotzen ez duten arazo fisikoak.

- Urduri eta kezkati agertzen bada, gauza txarren bat gertatzeko arriskua balego bezala.

- Arrazoirik gabe eskolara huts egitea.

- Familiak interes gutxi agertzen du haurrak eskolan egiten duenaz eta deitutakoan ez da eskola joaten.

- Gurasoek ukatu egiten dute haurrak arazorik duenik eta aldi berean, mespretxatu egiten dute bere jokaera.

- Familiak haurraren gaitasunentzat eskuraezinak diren helburuak ezartzen dizkio.

- Guraso edo helduek behin eta berriz iseka egiten diote.

- Haurrek ez diote jendeari aurpegira begiratzen edo gaizki esaka aritzen dira jende guztiaz. 
  

Zer egin haurren tratu txarren aurrean

 

Haurren tratu txar kasuak ez dira argitara ateratzen edo salatzen, haurrak tratu txarrak jasaten dituela adierazten duten zeinuak identifikatzen ez dakigulako, edo arazoa begien bistakoa denean, saihestu egin nahi ditugulako edo arazoa publiko egitea haurrarentzat kaltegarri izango den beldur garelako. Edo ustez tratu txarrak eragin dituen pertsona hurbilekoa edo ezaguna delako. Lakra sozial horren aurrean "ezikusi" egiteko badira, beraz, justifikazioak eta horregatik gertatzen da hain sarri.

Guztioi eragiten digun arazoa da: gizarte osoak bilatu behar ditu konponbideak, baina... norbaitek mutiko edo neskatila bat tratu txarrak jasaten ari den susmoa duenean, erantzukizun etikoz jokatu behar du eta ahalik eta zuhurtziarik handienez. Lehenengo gauza auzia Gizarte Zerbitzuen esku jartzea izango da, horiek erabakiko baitute egoerari nondik heldu, lege, psikologia, familia eta eskolaren ikuspuntutik eta adin txikikoen arretan espezializaturiko erakundeen laguntzaz. Erakunde publikoek azkar jokatzen ez badute, ez dugu zuzenean geuk jokatu behar, haurraren edo familiaren aurrean. Eta are gutxiago gertaera hauek auzoko esamesa eta morboa eragiteko erabili. Kasu hauetan diskrezioa eta zentzua betebehar morala dira eta lagundu egiten dute egoerak konpontzen.

Gogoan izan ditzagun ustez tratu txarrak ematen dituztenen irudia eta ohorea ere. Kontu handiegiz jokatzea kaltegarri izan liteke. Gizarte zerbitzuek gure eskaerari erantzuten ez badiote, berriro jo dezakegu dagokion erakundera (normalean Udaleko Gizarte Zerbitzuetara). Eta artean ere erantzunik ez balego, behartuta gaude agintarien aurrean gertaerak salatzera, batez ere haurrak jasaten duen indarkeria agerikoa eta errepikakorra bada. Haurren arretarako zerbitzu publikoei dagokie haurren tratu txar kasuei erantzutea, baina guztion erantzukizuna da haurren eskubideak errespeta daitezen gizarte-baldintzak bultzatzeaz.

 

 

 

 

 
 

Comments
Login for comment

C1
Apr 19, 2001
Number: 26577
Source:
Dialect:
  • Batua
Number of visits: 5144