Docutec Card

Emakumeen aisia, ba ote?

Emakumeek eta gizonezkoek aisia zertan ematen duten azaltzen da. Inkesta baten emaitzak eta horren inguruko balorazioak. Emakumeek denbora gutxiago dute aisirako.

D U D A R 1 K gabe, aisia gizonen eta emakumeen arteko ezberdintasuna egiaztatzeko balio duen arlo bat da, batzuek eta besteek jarduera jakin batzuetan erabilitako denborak ikusten baditugu.

Joera orokorra dago gure gizartean lan-denborak murriztu eta aisian denbora gehiago emateko; hala ere, lan produktiboa duten emakumeek lan bikoitza izaten jarraitzen dute, etxean eta etxetik kanpo, hain zuzen ere lan horietan gizonezkoek ematen duten denbora baino askoz ere gehiago jarriz. Horrek aisiarako dedikazio ezberdina ekarriko du batzuengan eta besteengan, gutxiago emakumeen kasuan artikulu honetan aztertuko den bezala.

EAE-KO jendeak jarduera multzo batean ematen duen denborak alderatuta, hauxe antzeman ahal izan dugu: aisiarekin loturikoetan —bizitza soziala, aisia aktiboa eta kirolak eta aisia pasiboa-, gizonezkoek emakumeek baino denbora gehiago ematen dute. Gizonen bizitza sozialak emakumeenak baino 15 minutu gehiago hartzen du; aisia aktiboak eta kirolek 32 minutu gehiago; azkenik, aisia pasiboak 18 minutu gehiago.

Bizitza sozialari dagokionez, datuek EAE-KO gizonek eta emakumeek harreretan eta irtenaldietan, hizketaldietan, erlijio-praktiketan eta herritar gisa dagokien partaidetzan ematen duten denbora adierazten dute. Oro har, gizartean herritar gisa partaidetza izatea da jendeari denbora gehien hartzen diona; hain zuzen ere, 2 ordu eta 20 minutu emakumeen kasuan, eta 2 ordu eta 10 minutu gizonezkoen kasuan. Partaidetza sozial eta politikoari buruzko kapituluan, emakumeek horretan denbora gehiago emateak duen esanahia azaldu dugu.

Hizketaldiek denbora berdina hartzen dute gizonen eta emakumeen kasuan; erlijio-praktiketan, emakumeek 5 minutu gehiago ematen dute gizonezkoek baino.

Bizitza sozialeko jarduera horietan ematen duten denborari dagokionez, gizonen eta emakumeen arteko ezberdintasun aipagarriena harrera eta irtenaldietan emandako denboran aurki daiteke. Izan ere, emakumeek ordubete eta 55 minutu ematen dituzte horretan; gizonezkoek, ordea, 2 ordu eta 6 minutu.

Harrera eta irtenaldiak izenburupean biltzen diren jarduera ezberdinak aztertuta, beste behin ikus dezakegu emakumeek denbora gutxiago ematen dutela guztietan, salbu lagunen bisitei dagokienean. Bisita horietan, emakumeek gizonezkoek baino 2 minutu gehiago ematen dituzte; ardo batzuk hartzera joaterakoan ere, gizonezkoek baino 5 minutu gehiago ematen dituzte emakumeek. Azken jarduera horrekin batera, emakumeen kasuan, kopa batzuk hartzera joaterakoan 4 minutu gehiago agertzen direla aintzat hartuz gero, zera ondoriozta daiteke: alkoholaren ohiko kontsumoak gora egin du emakumeen artean.

Bai emakumeek eta bai gizonezkoek ere erromerietan, dantzaldietan eta diskoteketan ematen dute aisiaren zatirik handiena egiten duten irtenaldietan: emakumeek 2 ordu eta 15 minutu, eta gizonezkoek 2 ordu eta 58 minutu. Hemen ere bi multzoen arteko aldea ikus daiteke. Jaien kasua are nabarmenagoa da: gizonezkoek emakumeek baino ordubete eta 5 minutu gehiago ematen dituzte haietan.

Aisia aktiboari dagokionez, non kirola egitea, ibilaldiak eta txangoak egitea sartzen baitira, emakumeek gizonezkoek baino dedikazio gutxiago agertzen dute azken bietan; hain zuzen ere, ordubete eta 53 minutu. Gizonek, ordea, 2 ordu eta 21 minutu ematen dituzte haietan. Kirol jardueretan, emakumeek ordubete eta 23 minutu ematen dituzte; gizonezkoek 24 minutu gehiago.

Aisia pasiboko jardueretan —irakurtzea, telebista eta irratia, jarduerarik eza, ikuskizunak edo jokoak-, zera ikusi ahal izan dugu: lehen hiruetan emakumeek 2 ordu eta 38 minutu ematen dituzte; gizonezkoek 2 ordu eta 48 minutu. Gainerako jarduerei dagokienez, emakumeek gizonezkoek baino 7 minutu gutxiago ematen dituzte ikuskizunetan eta 9 minutu gutxiago jokoetan.

Irakurtzea, telebista ikustea eta irratia entzutea, oro har, denbora gehien hartzen duten jarduerak izaki, xehekiago aztertu ditugu jarduera horiek. Datuei begiratuta, telebista aurrean ematen dute denbora gehiena bai gizonek (2 ordu eta 28 minutu) eta bai emakumeek ere (2 ordu eta 19 minutu). Emakumeek gizonezkoek baino 3 minutu gehiago ematen dituzte irratia entzuten, eta gizonezkoen denbora bera liburuak irakurtzen; gizonezkoek baino sei minutu gutxiago ematen dituzte emakumeek aldizkariak eta egunkariak irakurtzen, eta 20 minutu gutxiago diskoak edo cassetteak entzuten.

Hemen aztertu ditugun aisiako hiru alderdiak —bizitza soziala, aisia aktiboa eta kirolak eta aisia pasiboa— nabarmenago gelditzen dira beste aldagai bat sartzen dugunean, asteko egun bakoitzak duen lanaldia hain zuzen. Baina desberdintasun handienak bakoitzaren zeregin nagusiena aztertzen dugunean sortzen dira. Aukera anitza dago egunak dituen 24 orduak banatzerakoan eta sortzen den tipologia ere aniztasun horren parekoa izaten da. Baina badira gure gizartean etxeko lanak burutzean edota lanbide baten dedikazioaren inguruan beren eguna antolatzen dutenak eta esklusibitate horrek aisialdirako aukera ezabatzen duela baieztatzen da sarritan. Atal honi buruz interesgarria da gogoraraztea Ramon Ramos Torres egilearen iritzia emakume eta gizonen denboraren erabilera bereizterakoan "egunerokotasunaren antolaketa ezberdinen behaketak, egunerokotasunean ezberdintasun sexuala nola adierazten den islatzen du". Egile honek jardueren inguruan egiten duen sailkapena bi tipotan oinarrituta dago: jarduera instrumentalak — lanari dagozkion aktibitateak, nahiz arlo profesionalean ala etxekoan izanda— eta jarduera espresiboak —aktibitate fisiologiko nahiz aisialdikoak—. Sailkapen honekin talde berberean barneratzen ditu soldatarik jaso gabe etxean burutzen diren lanak eta jarduera profesionalak "Izan ere, emakumeak lehenengo jarduerak burutzea da gizonezkoak bigarrenetan aritzea ahalbidetzen duena, itxurazko oreka bat sortuz". Oreka hori, Ramos Torres-en ustetan, emakumeek gizonezkoen aurrean bizi duten ezberdintasun soziala ezkutatzen duen estalkia besterik ez da.

Parametro hauek kontutan izanik ere, ezberdintasunezko egoera hau gainditzen duten pertsonak ere badira, azalaratzen ari diren denbora antolaketa berriak edota denbora erabiltzeko modu ezberdinen haritik. Horrela, gizonezko okupatuak eta etxeko lanetara zuzendutako emakumeak aurkezten dituzten modeloekin elkarbizitzan ari dira lan-merkaturako pausoa ematen ari diren emakumeak eta horrek jarduera aniztasunean eragina ¡zango duela ez dago dudarik. EAE-ko Ekintza Positibiko III Plangintzan azaltzen den modura, ". . . Etxeko lanak, aisia eta herri partehartzea bizitza sozialeko eremu interdependiente eta osagarriak izateko modua" antolatzean baitago etorkizuna. ¿



 
 

Comments
Login for comment

C1
May 31, 2000
Number: 26475
Source:
Dialect:
  • Batua
Number of visits: 2271