Docutec Card

Irakurzaletasuna, gurasoen esku

Irakurketa haurtzaroan hasten den zaletasuna da. Hori dela eta, interesgune hau ideia honetatik abiatzea pentsatu dugu. Iruditzen baitzaigu gaur egun, sekula baino arrisku handiagoa dagoela haurrek irakurketa guraso eta irakasleen inposaketa gisa har dezaten. Euren denboraren zati bat letra artean murgilduta ematen dute baina, irakurketak sor ditzakeen abentura liluragarririk bizi izateko ia aukerarik gabe.

Bizitzako lehen hamarkadan hartzen du, hain zuzen, haurrak ohitura hori; hamar urte horietan izaten da irakurtzeko plazerra eginkizun onartu eta desiratu gisa eskuratzeko aukera. Pedagogoek diote irakurketaz gozatzen ikasi egiten dela eta, horrenbestez, irakatsi egin daitekeela. Horretarako, funtsezkoa da familia. Irakurtzen gurasoek irakatsi behar diete seme-alabei, beti ere haurraren izaera, motibazioak, zaletasunak eta interesak kontuan izanda. Azken batean, liburuenganako jakin-mina suspertzea da erronka.

Zer egin dezaket nire seme-alabek irakur dezaten?

Ez behartu irakurtzera. Jarduera guztiek bezala, irakurketak konstantzia behar du ohitura bihurtuko bada. Sekula ez da irakurtzera behartu behar, baina eguneroko kontu bihur daiteke (bihurtu behar du). Aisialdiko zati bihurtzea da kontua, telebista ikustea eta jolas egitea diren bezala. Txiki-txikitan aitak eta amak izango dute zuzenean funtzio hori. Denborarekin zabalduz joango da irakurketari eskaintzen zaion tartea eta haurrek eurek erabakiko dute zenbat, noiz eta non irakurriko duten.

Liburuak eskura jarri

Jostailuak ez badira ere, liburuek eskura egon behar dute, nor berarenak zein besterenak. Garrantzitsua da liburuari apalategiak apaindu besterik egiten ez dituen gauza garrantzitsuaren estatus hori kentzea. Are gehiago, haurra jaiotzen denetik bere liburutegia izatea bultzatu behar da, liburuak, irakurri ondoren, gainditu egiten baitu gauza material hutsaren izaera.

Liburu-dendak bisitatu

Azokak eta erakusketak denbora pasa atsegin bihur daitezke eta haurrak literaturara hurbiltzen lagundu. Hainbeste aukera inguruan izateak ezagunago egiten dio haurrari produktu-mota hori eta erakargarritasuna eransten dio. Gainera, gogoko duen izenburua aukera dezan diru-kopuru bat ematen bazaio, erosketa-irizpideak garatzen hasiko da eta zein obra erostea merezi duen bereizten hasiko da.

Eguneroko ohitura

Txikienei gauero ipuin bat irakurtzea eguneroko irakurketa ohitura bihurtuko da, denborarekin.

Zalantzak argitu

Ulertzen ez diren terminoak elkarrekin bilatu behar dira hiztegian. Hiztegia aberasteko ohitura hartzen da horrela.

Libururik ez debekatu

Adoleszentziako adin kritikoari bereziki erreparatu behar zaio, oso irakur zaleak diren haur asko galtzen baitira adin horretan. Horretarako, erabakigarria izango da aukeratzeko askatasuna izatea. Sekula ez da titulurik debekatu behar. Horren ordez, garrantzitsua da azaltzea zergatik ez den ulertuko irakurtzen dena eta zergatik ez duen merezi denbora galtzea. Horrela, haurraren espiritu kritikoa esnatzea lortuko da.

Liburutegiko bazkide izan

Eskura dugun ohitura erraz bat txikitatik seme-alabekin batera liburutegira joatea. Zuen herri edo hirian liburutegi publikoak egongo dira noski, bibliografia gehiago edo gutxiagorekin, baina, ziurrenik, sartzeko aukera erraza ematen dutenak. Diru-kopuru handirik gastatu gabe liburuak eskuratzeko aukera eskaintzen dute. Gainera, liburuak nola aukeratu irakasteko balio dute eta irakurle txikiak erantzukizuna barneratzen hasten dira, maileguan hartutako liburua itzuli egin behar baitute.

Zaletasunetara egokitu

Edozer bihur daiteke irakurketara hurbiltzeko aitzakia: gaurkotasuneko gai bat, pertsonen efemerideak, atentzioa ematen dieten gertaerak edo oso gustuko izan duten film bat, aukera paregabea dira liburuenganako grina pizteko.

Irakurketa konpartitu


Seme-alabak handi egiten direnean, gurasook irakurtzen ari garen liburuak eskaintzeko aukera dugu. Adibidez, atsegina izango da Pio Barojaren Zalakainen abenturak irakurtzea eta gero haren ibilerez hitz eginez tarte atsegin bat pasatzea. Irakurketa elkarrizketa gai erakargarria izango da guraso eta seme-alaben artean.

Liburuak, adinaren araberakoak


Haur eta gazteentzako literatura eskaintza oso aberatsa da. Egunean egotea zaila da eta, batzuetan, haurrek eurek eskatuko dituzte modan jartzen diren izenburu eta bildumak.
 

Lehen bi urteetan deskubritu, haginka egin eta ukitzeko elementu bat gehiago izango da liburua.Merkatuan badira oihalezko eta plastikozkoak, soinudun eta sentsorialak.

2 eta 4 urte artean: Liburua liburu bezala bereizten hasiko da haurra. Ikasten ari diren elementuak beste era batera irakasten dutenek izango dute arrakasta: hotza eta beroa, goian eta behean, barruan eta kanpoan... bereizten irakatsiko diote. Errealitate handiak —Eguzkia, Ilargia eta Planetak— azaltzen dituztenak ere gomendagarriak dira. 

4 urtetik 7ra bitartean: Bere norbanako identitatea garatzen hasten da haurra. Garai horretan funtsezkoa da irudimena, baina logikaren barruan kontatutako istorioak eta amaiera zoriontsua dutenak. Gainera, baloreak bereganatzen hasten dira.

7 urtetik 9ra bitartean: Zergatien adina zazpi urterekin hasten da eta bederatzi arte irauten du, gutxienez. Garai horretan guztia da zuria edo beltza: pertsonaia onak oso onak dira eta txarrak oso txarrak, eta irudimen dosi handiak ageri dira leku guztietan.

9 urtetik 12ra bitartean: Abenturen garaia da, zientzia fikzioarena eta melodramarik gabeko maitasunarena. Horrelaxe hasten dira misterio eta abenturazko eleberrietan sartzen, adin bereko pertsonaia umoretsu, herrikoi eta ausartekin. Adin egokia da fantasma eta sorginekin topo egiteko ere eta beldurrak gainditzeko formula ona da.

Azkenik, etaparik zail eta erabakigarrienera iritsiko gara: adin nagusitasunera heldu arteko adinera. Irakurketaren xarmari eutsi egin behar zaio, pertsona bakoitzaren izaeraren arabera bultzatu, baina gurasoek ezer gutxi egin ahal izango dute hemendik aurrera liburuen aukeraketan. Haur eta gazte literatura utzi eta genero guztietako literaturaren aurrean jarriko da gaztea. Edozein modutan ere, nerabe edo gazteak istorio-mota jakin baterako joera erakutsiko du eta agian ez du jakingo bilatzen duena non aurkitu. Beraz, ongi hartuko ditu beti aholkuak.

 

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B2
Apr 18, 2005
Number: 249196
Source:
Number of visits: 5816