Docutec Card

Lehen tragoa ez hartzea da eraginkorrena

Lehen tragoa ez hartzea da ez mozkortzeko era eraginkorrena. Alkoholzale Anonimoak erakundea alkohol-mendekotasuna zuten askoren sostengu izan da 1935. urtean AEBetan sortu zutenetik.

Bilera irekiak eta itxiak daude batzartzeko. Lehena, denentzat; eta bigarrena, alkoholzaleentzat. Erakundeaz kanpoko inork ez du sekula izaten itxietan esaten dutenaren berri

Alkoholzale Anonimoak erakundea alkohol-mendekotasuna zuten askoren sostengu izan da 1935. urtean AEBetan sortu zutenetik. Hirurogeita hamar urte bete dituen erakunde horrek gaur egun munduko 150 lurraldetan barreiaturik dauden 2 milioi pertsonari edari alkoholdunak alboratzen laguntzen die. 100.000 talderen bidez, alkohola arazo bilakatu zaien pertsonak harremanetan jartzea lortzen dute.

Munduan zehar banaturik dauden 100.000 talde horietako baten kide izatea eskaintzen dio Alkoholzale Anonimoak erakundeak edanarekin arazoak dituela onartzen duen eta uzteko ahaleginetan dabilen edonori. Euren esperientziak eta bizipenak partekatzea eta elkarri edari alkoholdunak betiko baztertzen laguntzea. Azken batean, euren egoera ondo baino hobeto ulertzen duten pertsonekin hitz egin ahal izatea, alkohola baztertzeko bidean elkarren sostengu izan daitezen.

Izan ere, erakundeko kide direnek garbi dute edateari uztea ez dela soilik alkohola baztertzea; zerbait gehiago badela, alegia. Honela, Arantxa ziur mintzatu da: «Familiarentzat nahikoa izaten da guk alkohola alboratzea, baina guretzat hori ez da nahikoa. Arazoa atzean dago eta gu bezalako jendearekin partekatu behar dugu. Bizitzen jarraitzeko, lehendabizi, barruan daramagun oinazea atera behar dugu, eta hori ez da lortzen alkohola ez probatuta soilik».

Bi motatako bilerak egiten dituzte erakundean: alde batetik, irekiak; beste aldetik, itxiak.Bilera irekietan, alkoholaren zaleek, erakundean interesa dutenek eta galderaren bat egin nahi dutenek; edonork har dezake parte. Bilera itxietan, aldiz, alkoholzale direnak soilik biltzen dira eta bertan esandakoa ez da gelatik irteten. Azken horiek izan ohi dira alkoholzaleei gehien laguntzen dietenak, bertan beste inori kontatuko ez lioketena geratzen baita agerian. Horren inguruan, Javierrek esan du bilera itxietan kontatu dituenak ezingo lituzkeela kanpoan kontatu, ez luketelako bere jarrera ulertuko: «Hemen esan ditudan gauzetarik gehienak emazteari ere ezingo nizkioke kontatu, eta, hemen, esan egiten ditut. Ulertua sentitzen naiz, emazteak nire hitzak ulertuko lituzke, baina ez sentimendua».

Esate baterako, bakardade sentimendua. Nazario bakardadeaz hitz egiten hasten denean, horrek sorrarazten dion sentimendua azaltzen duen artean, gainerakoek begiratu eta irribarre egiten diote, «badakit zeri buruz ari zaren» helarazi nahiko baliote bezala. Nazariok bakardadea gaixotasunaren alderdi krudelena dela uste du: «Edaten duzunean bakarrik sentitzen zara eta, bakardadea itotzeko-edo, gehiago edaten duzu. Gorrotoa hartzen diozu munduari bakarrik zaudelako. Haiekin gerran zaudela sentitzen duzu eta, aldi berean, denak zure kontra daudela».

Bizitza osoa 24 orduan

Erakundeko kideek helburuak epe motzean markatzen ikasi dute. Biharra biharko utzi eta egunerokotasunari aurre egitera ohitu dira denboraren poderioz, eta, eguneko helburua alkoholik edan gabe 24 ordu igarotzea da. Nazariok azaldu du erakundearen filosofia, berak parte hartu zuen lehenengo bileraren ostean jaso zuena: «Etxetik irteten nintzen bakoitzean sekulakoak egiten nituen eta, bileraren ostean etxera itzultzean,emazteak mozkorra nentorrela pentsatu zuen. Begiratu ninduen eta 'badakit zer egin behar dudan' esan nion, 'nire bizitza orain 24 ordu dira'. Eroa banengo bezala begiratu ninduen ez bainion 'egunero 24 ordu edan gabe' esan».

Gezurrik ez esan beharra da Nazariori «barne lasaitasuna» ematen diona. Alkoholzale Anonimoetako kide izan aurretik hamaika bider saiatu omen zen edanari uzten, baina ezin: «Probak egiten nituen,promesak emazteari. Astebete edan gabe egoten nintzen alkoholiko ez nintzela frogatzeko, eta, gero, astebetean edan ez nuena egun bakar batean edaten nuen. Orduan etortzen ziren barruko mina eta lotsa, ez nekielako mozkortzean zer egiten nuen».

Arantxak ere badaki zer den edanari utzi nahia eta ezina: «Gogoan dut ez nuela edan nahi eta edan gabe ezin nintzela egon. Goizean jaiki eta 'ez dut gehiago edango' esaten nuen, eta agian ordu bat alkoholik probatu gabe egotea lortzen nuen, baina ezin nintzen ibili ere egin, sekulako dardara izaten nuen gorputzean. Eta nik banekien bi garagardo hartu eta bizimodu normala egingo nuela. Nik lehenengoarekin geratu nahi nuen, baina ezinezkoa zen».

Edatea da arazoen sortzaile

Maiz entzun izan da edanari ematen dionak bizitzan arazo larregi dituelako izan ohi dela baina horrek ez omen du zertan hala izan. Nazariok adierazi du: «Nik pentsatzen nuen bizitzan arazoak nituelako hasi nintzela edaten; haurra nintzenean ama hil zitzaidalako, adibidez.Baina anaiari gauza berbera gertatu zitzaion eta hark ez du edaten. Hura ez da alkoholiko, ni banaiz. 14-15 urterekin egunero edaten hasi nintzenean ez neukan aparteko arazorik, gero hasi ziren».

Beraz, Nazarioren iritziz, alkohola bera da arazoetara eramaten duena, eta ez dira arazoak pertsona alkoholera bideratzen dutenak. Zehaztu du: «Nire ustez, arazoen kontua justifikazioa da, errua beste norbaiti botatzea bezala. Nik edaten nuen Realak galtzen zuelako, irabazten zuelako, honekin haserretu nintzelako, emaztearekin ondo moldatzen ez nintzelako... Eta orain primeran moldatzen naiz, hortik atera kontuak».

Alkoholzale izatea edari alkoholdunak egunero edatea dela uste duena ere oker dago, Alkoholzale Anonimoak erakundeko kideek azaldu dutenez. Froga moduan, Felixek kontatu du bera betidanik izan dela kirolzale, eta denboraldi guztia ematen zuela alkoholik probatu gabe. «Baina hasten nintzenean ezin izaten nintzen gelditu. Altxa eta erori ibiltzen nintzen, agian ezkontza batean ez nuen edaten eta gero, aste batean, egunero sekulakoak harrapatzeko gai izaten nintzen», esan du.

Tentazioekin ere tentuz ibiltzen ikasi behar dela argi dute erakundeko kideek. Javierrek zehaztu du alkohola oso sotila dela eta ezinezkoa dela aurrez aurreko gerra batean garaile irtetea. «Beti alkoholak irabaziko du. Agian, 'tira, kopa batek ez dit kalterik egingo' pentsatzen duzu, baina bihar bi izango dira, eta gero hiru... Lehenarekin gelditzea ezinezkoa izaten da», azaldu du.

Baina Alkoholzale Anonimoetako kideek aurkitu dute alkohola baztertzeko modua, eta helburu hori erdiesteko laguntza ezinbestekoa dela diote ziurtasunez. Arantxak izandako esperientziaren ondoren azaldu du: «Bakarrik ezin zaio aurre egin gaixotasun honi, nik denbora handia neraman utzi behar nuela esaten, baina bakarrik ezin nuen. Hemen, arazo berbera duen jendearekin biltzen zara, ulertzen dizute, hitz egiten duzu eta, azkenean, alkohola zure bizitzatik ezabatzea lortzen duzu.

«Bi mozkorrek ez dute edaten euren arazoez mintzatzean»

Erakundea orain 70 urte sortu zuten, Billek Akronera bidaiatu zuenean, fabrikako buru bilakatzeko asmoz. Sosak galdurik, edanari emateko gogoz ikusi zuen bere burua. Alkoholiko zen eta hiriko apaizari galdegin zion arazo bera zuen inor ezagutzen ote zuen. Apaizak Bob izeneko osagile batekin jarri zuen harremanetan, eta gaua euren egoeraz hizketan igaro zuten, edan gabe. Ekainaren 10 hartan, erakundea sortzeko konpromisoa hartu zuten.

 

 

 
 
 

Comments
Login for comment

B2
Jun 9, 2005
Number: 239768
Source:
Dialect:
  • Batua
Number of visits: 1360