Docutec Card

Gay Hiztegia

Aitor Aranak Gay hiztegia idatzi du, Euskal Herriko Gay Askapenerako Mugimenduak (EHGAM) hala eskatuta. Gay giroko hitz eta esamoldeak ez ezik, euskaldunentzat erreferentziazkoak izan diren talde, lema, film eta liburuak ere jaso ditu hiztegian.

Euskal gay hizkera egon badagoelako.

Aitor Aranak Gay hiztegia idatzi du, Euskal Herriko Gay Askapenerako Mugimenduak (EHGAM) hala eskatuta. Liburua Txalaparta argitaletxeak kaleratuko du. Gay giroko hitz eta esamoldeak ez ezik, euskaldunentzat erreferentziazkoak izan diren talde, lema, film eta liburuak ere jaso ditu Aranak hiztegian. (1.300 sarreratik gora). Euskal gay hizkera egon badagoela erakustea eta horren berri ematea izan da egilearen asmoa.
 
Gay hiztegia ez da hiztegi estandar bat. Horregatik, irakurleak ez du topatuko beste hiztegietako idazkera itxuraz neutro eta aseptikoa. Zenbait definiziotan iritziak ematen dira, eta ez preseski epelak. Elizari dagokion definizioan, adibidez, honako hau idatzi du egileak: "Gay, lesbiana, bisexual eta transexual gehien-gehienak ia aipatu orduko haserretzen dituen erakunde erlijiosoaren izena. Hipokrita, boterezale eta diruzale hutsa izateaz gainera, bere egia ezarri nahi izaten du gizaki ororen gainetik, bortxaz eta gezurrez hala behar izanez gero, sortzaile omen duten haren beraren esanen aurka".

Euskal Herriko gay giroan, gizartean gertatzen den moduan, gaztelania da nagusi. Aranaren arabera, "gay giroa erdaratzailea da. Gay gehienek erdaraz egiten dute, eta euskaldunak erdaldunekin nahastuta daudenez, badakigu zer gertatzen den: guztiak jartzen direla erdaraz egiten. Katalunian ere arazo bera dute: katalana normalizatuagoa egon arren, gay giroan ere erdara da nagusi".

 Lana osatzeko, bi iturri nagusi landu ditu Aranak: bibliografikoa ¿orain arte argitaratutako hiztegi, liburu eta bildumak¿ eta ahozkoa. Bikotekidearekin euskaraz jarduteko ohitura duten gay euskaldunak elkarrizketatu ditu, "eta gauza politak topatu ditut. Adibidez, Azkoitia aldean mutil ilegorri erakargarriei txantxangorri deitzen dietela jakin dut". Aranaren kolaboratzaile guztiak Hegoaldekoak izan dira: "Saiatu arren, Iparraldean ez nuen inor lortu, zalantzarik gabe han beldurra eta armairua handiagoak direlako oraindik".

Erreferentzia nagusitzat gizonezko homosexual euskaldunak hartu arren, egileak ez ditu lesbianak, bisexualak eta transexualak ahaztu. Oraindik desoreka handia dago ekarpen homosexual eta ekarpen lesbikoen artean, baina zerbait aurreratu da azken urteotan. Duela 22 urte, Hiztegi erotikoa idatzi zuenean, Ramon Etxezarretak nabarmendu zuen ez zuela izenik topatu emakume homosexualentzat. Aranak, berriz, bost izen jaso ditu nazioarteko lesbiana hitzaz gainera, horien artean herri tradiziotik datorren joxe-joxepa eta berriki sortu den pikujalea.

Hona hemen, aurrerapen gisa, irakurleak Gay hiztegian topatuko dituen zenbait hitz-sarrera:

ahizpa

Mutil gay baten lagun mina, honek harekin harreman sexualik ez duenean. Hauek oheratuz gero, intzestua egin dutela esan daiteke, bien arteko ahizpa izate errotua azpimarratu nahian. / Ahizpen arteko kontuak ez dira beti ongi konpontzen.

apotea
Gimnasioan gorputza lantzeagatik gihartsu dagoen maritxua. Berez gihartsua dena. | Marisoinketa.

ardi arrosa
Ia familia denetan izan ohi den gaya edo lesbiana.

armairutik irten
Inguruko jendearen aurrean norberaren homosexualitatea ez gehiago ezkutatzeari esaten zaio. / Armairutik irtetean egundoko pisua kendu nuen gainetik. / Noiz irten zinen armairutik?

arrosa
1. Gayen eta, batez ere, gay mugimenduaren kolorea. Harreman homosexualak izateagatik kontzentrazio esparruetan zeuden gayei naziek ezaugarri gisa jartzen zieten triangeluaren kolorea da.

atzelaria
Uzki bidezko harreman sexualean aktiboarena egitea gogoko duen pertsona. Bugrea. Hedaduraz, homosexualari esaten zaio oro har.

banana zuritu
Kanpaia jo. / Hi beti jo eta ke banana zuritzen.

berria
Gay giroan edo beste edozein ingurutan lehenbizikoz azaltzen den mutila edo neska. Esperientziarik ez duenaz ere esaten da.

begiluzea
¿Voyeur' gay euskalkian esanda.

Bilbon ibili
1. Larrua jo. 2. Ligatzen ibili. Mutilak mutiletan eta neskak neskatan ibili.

buelta osoa egin
Bi gay ohean sexuketan ari direnean, lehenengo batak eta gero besteak, biek elkar zulatu dutela adierazteko esamoldea. / Kikek eta biok normalean buelta osoa egiten dugu.

buztanberoa
Larrua sarritan jotzen duena. Beti larrutan egiteko prest dagoena. / Buztanbero hori gainera igotzen zaio edonori.

dastatuko ez duzun lapikoa utzi irakiten
Gay batek mutil eder bat ikusi baina harekin zereginik ez duela dakienean, etsipen pixka batez esaten duen esaera.

ekainaren 28a
1969ko ekainaren 28a gay, lesbiana eta transexualen amerikar jatorriko askapen mugimendu modernoaren hasieraren eguna dela esan ohi da. Egun hartan poliziaren aurkako lehenengo gay matxinada gertatu zen, hauek New York-eko Stonewal izeneko tabernan gay eta lesbianen aurkako sarekada bat egitera joan zirenean. Hainbeste sarekada jasan zuten gay, lesbiana eta transexualek azkenik aurre egin zieten poliziei. Atxilotutako txikano batek ¿bere buruaz beste' egin omen zuen polizietxeko leiho batetik salto eginda. Liskarrek asteetan iraun zuten eta hiri ezagunak matxinada ikaragarria bizi.

emakumekeriak hartu
Maritxu bihurtu. XVIII. mendeko esamolde matxista eta homofoboa.

erregina
Oso mutil gay harroa, bere burua handiesten duena eta besteak baino gehiago dela uste duena. Norbaitek harekin ligatu nahi izanez gero, lehen pausua eman beharko du, erregina bat ez baita erraz jaisten bere jarlekutik. / Horra hor non datorren itsasoetako erregina.

ganadua zaindu
Gay bat edo gehiago kalean dabiltzan mutil eta gizon ederrei begira egon, denbora-pasa. / Joango gaituk ganadua zaintzera? / Hementxe gaudek, ganadua zaintzen.

garbiñe
1. Oso mutil gay garbia, txukuntasun zentzuarekin. 2. Sexu jardunean ¿xikinkeriarik' ez egiteko edo ez onartzeko joera duen maritxua.

gela iluna
Giroko dantzalekuetan eta bestelako lokaletan egon daitekeen gela, ezaugarri nagusi iluna izatea duena, eta bi, hiru edo hamaika gizonen arteko berehalako harreman sexuala bideratzeko eta babesteko erabiltzen dena.

hankaperatu
Maritxu batek beste bat asmo txarrez menperatu. | Hondoratu. / Zuk hankaperatuko ote nauzu, ba?

hartza
Homosexual gizenkotea eta ona, gorputza ia osorik ilez estalita daukana, edo oso bular iletsua daukana. Atsegina eta berritsua izan ohi da. ¿Bear' hitzaren itzulpena da, ingelesez hala esaten diotelako gay tipo honi.

hogeita hamaika
Bi gizonezkoren arteko uzki bidezko sexu jarduna irudikatzeko zenbakia: 31. ¿Hogeita hamaika egin' esaten da larrua jarrera honetan jotzean.

ikusgarritasuna
Ez du zerikusirik ikusgarria edo polita izatearekin. Gay mugimenduak zabaldutako estrategiaren izena da, berez. Honen funtsa homosexualitatea lau haizeetara aldarrikatzea da, nork bere izatea ez ezkutatzera animatuz, homofobia behingoz bukarazteko nahiarekin.

joxe-joxepa
Emakume homosexuala, lesbiana.

kanpaia jo
Masturbazioa burutu. / Egunean zenbat aldiz jotzen duk kanpaia?

lamia
Umore onez edo txantxa giroan gayek, lesbianek eta transexualek beren buruari deitzeko erabiltzen duten izena. Lamien itxura bitarikoari egiten zaio erreferentzia, gizaki-gorputza izanik abere-oinak dauzkatelako. Oso zentzu ona du.

karaokea kantatu
Zakila miazkatu, felazioa egin. / Felipek zer nahi zuen? Nik berarekin karaokea kantatzea!

komunetara joan
Komun publikoetara jolaskide bila joan, sexuketa arina burutzeko asmoz. Komun hauetara mutiletan egitera joan. Tren eta autobus geltokietan, metroan eta saltoki handietan burutu ohi da ekintza hau. Lekuaren arabera arriskutsua izan daiteke, segurtasun zaindariak eta poliziak galarazten saiatzen baitira.

lesbiana hutsa
Adjektiboaren esanahi bikoitza erabiliz, inoiz gizonezko batekin harreman sexualik izan ez duen lesbiana.

lumak zabaldu
Hala nahi delako eta dibertitzeko, lumadun batek luma airoski erakutsi, hau da, emakumezko keinu nabarmenak egin. Halakoetan, marizoroarena ere nahita egiten du.

maritxua
Gizon nahiz mutil homosexuala. Garai batean lumadunei esaten zitzaien gehienbat; gaur egun erabat hedatu dela dirudi, eta luma gabeei ere deitzeko erabiltzen da. Gayen artean ez da iraingarria, heterosexualen artean oraindik bai.

***laburtua

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B2
Apr 12, 2005
Number: 239423
Source:
Dialect:
  • Batua
Number of visits: 6981