Docutec Card

Agatha Christie, misterioaren dama

1890eko irailaren 15ean jaio eta 1976ko urtarrilaren 12an hil zen Agatha Christie idazlea.

Gillian Gill irakasleak idatzitako Agatha Christie. The woman and her mysteries liburuak dioenez, W. Shakespeare herrikideak baino gehiago saldu du egile honek, 104 hizkuntzatan. 


Jaiotetxea atsegin
 
Agatharen gurasoak Fred Miller eta Clara Boehmer ziren. Lehen alaba jaio ostean etxe berria erosi zuen amak. Hantxe jaioko zen Agatha Mary Clarissa. Ama-alabei hagitz gustatzen zitzaien etxea.
 
1926an etxea saltzear zutela, larri ibili zen Agatha, urduri: ez alde egin nahi handik! Ondorioz, etxea galtzeko beldurra azalduko da A. Christiren bi lanetan. Finean, 1936an saldu zuten, etxea inguruko arbola eta belardirik gabe geratu baitzen, etxe berri itsusiek itota. Etxe berrira aldatzean, ama zenarekin txikitan izandako batera joango dira. Etxe berriari ordu asko, diru asko, eskaini zizkion idazleak. Hala dio G. Gillek Agathaz: “Etxea bere soldatarekin erostea zeukan emakume bakanetakoa zen; ez zuen horretarako ez senarraren, ez ezein maitaleren, ez oinordekotzan utzitako dirurik behar”.
 
 
Archibal Christie militarrarekin ezkondu zen. Hortik datorkio deitura, eta 40 urterekin Agatha bigarrenez ezkontzean, eutsi egin zion aurreko abizenari. Baina Mary ere bazen Agatha, eta bigarren zati hori erabiliko du poliziakoak ez diren bere hainbat eleberri sinatzeko: Mary Wesmacott. Beste ezizen hau ere erabili zuen: Agatha Christie Mallowan.
 
Hercules Poirot belgiarra da, A. Christiek sortu duen pertsonaiarik ezagunena, hilketa gehien argitu dituena. Baina badira beste batzuk ere: Tommy &Tuppence Beresfort gazteak, Jane Marple, Ariadne Oliver... Azken emakume honi, A. Christie-ri bezala, idaztea gustatzen zaio. Gill aintzat harturik, A. Christiek, zahartu ahala, gizakiak gorde beharreko baloreak bi emakume horiengan islatzen ditu, Poirotengan baino areago.
 

David Suchet aktorea, Poirot ezagunenetako bat

Poirot lehen aldiz azaltzen denean, ustezko hiltzailea harrapatzeko sei arrasto zerrendatzen ditu, baina zerrenda horrek ez du hiltzailea atzemateko giltza. Gillen ustez, bi eratako arrastoak baliatzen ditu Christiek. Batetik, begi-bistako gauzak: hautsitako katilua, labana... Baina sarri esanguratsuagoak ei dira zerbait idatzita duten arrastoak: paper-puskak, gutunak, mapak...

Pozoina ere usu darabil. Izan ere, Lehen Mundu Gerran erizain izan zen A. Christie, oso ona, eta botika batean ere aritu zen. Aisiarako, idazteko astia ematen zion botikak Agathari, baina nahiago zuen erizain izan. Senarrak, ordea, ez zuen emaztea erizain ikusi nahi, inondik ere. Senarra Agatha baino emakume gazteago batekin joango zaio, maitalearekin. Banandu egin nahi duela esango dio Agathari. Garaitsu hartan Clara, ama, hilko zaio, eta handik pixka batera idazlearen pasarterik ilunena jazoko da. Bere autoa bidebazter batean azalduko da, istripu bat antza, baina giza aztarnarik inon ez! 11 egun barru hotel batean azalduko da. Ez zuen inoiz argitu zer gertatu zitzaion. Hotelean senarraren maitalearen izena eman zuen!

 
Erizain ona
 
Maitasuna -eta diru-gosea- sarri da hilketarako aitzakia A. Christiren literaturan. Sexua apenas darabilen, baina pertsonaia maiteminduak, maiz. Itxura ederreko gizon-emakume ugari sortzen du Christiek, eta maitaleek edadean alde handia izatea ez da oztopo. Agatharen bigarren senarra ere 15 urte gazteagoa zen. Agathak Orient Express itsasontzia hartu zuen Turkiarantz. Ur (Irak) hiriko indusketetara gonbidatuko dute, eta handik gutxira indusketa-buruaren lankidea ezagutuko du, bere bigarren senarra, Max Mallowan. Oso zoriontsuak izango dira biak, nahiz tartean Munduko Bigarren Gerra pasa. Gerran ez zen Londonetik ihesi joan Agatha, bertan lan egin zuen boluntario, botika batean. 1939-45 urteetan 10 liburu atera zituen A. Christiek, beste 3 antzerki-lan idatzi eta moldatu, eta beste 2 liburu geroko gorde. 1944an 50 mila hitzeko Absent in The Spring 3 egunetan idatzi zuen! Baina gerra latza izan zen Agatharentzat. AEBetatik autore-eskubideengatik jaso beharreko sosak ez ziren heltzen, eta halere, sos horiei zegozkien zergak ordaindu egin behar zituen Ingalaterran. Gainera, suhia hil zitzaion. Gudalostean, arkeologia ardatz hartuz, Come, Tell Me How You Live liburua aterako da. Ez zioten argitaratu nahi, ez zelako misteriozko nobela, baina oso ondo saldu zuten.
 
 
Horrez gain, AEBk eta Ingalaterrak A. Christiren zergen afera konponduko dute, irakurleak asko ugalduko dira, eta jarraitzaile berriak azalduko dira telebistari, zineari eta The Mousetrap antzerki-lanari esker. 1971n Britainiar Erresumako Dama izendatu zuten. Esan bezala, 1976an hil zen.
 

Idazlearen berri gehiago liburu honetan duzue: GARATE Gotzon, Atzerriko eta Euskal Herriko Polizia Eleberria, (Elkarlanean, 2.000).
 
AFERA.- Arazoa.
AMA-ZENA.- Ama izandakoa. Difunta madre. Era berean: aita-zena, seme-zena, amona-zena…
ASTEBURU PASA.- Asteburua igarotzera. A pasar el fin de semana.
ATSEDENALDI.- Intermedio.
ATZEMAN.- harrapatu. Atrapar.
EGITASMO.- Ekimena. Proyecto.
ELEBERRI.- Nobela.
EREMU.- Esparrua. Ámbito.
ETXE BERRIRA ALDATU.- Etxe berrira joan. Transladarse a la nueva casa.
EUSKARATU.- Euskarara itzuli. Traducir al euskara.
GARAITSU.- Gutxi gorabehera garai hartan. Por aquella época, más o menos.
GILTZA.- Gakoa. Clave.
HAGITZ.- Asko.
HEDAPEN.- Zabalkundea. Proyección.
HERKIDE.- Herri berekoa. Compatriota.
INDUSKETA.- Excavación.
JAZO.- gertatu. Suceder.
OINARRITU.- Oinarritzat hartu. Basar(se).
OINORDEKO.- Ondorengoa. Descendiente.
PARADA.- Aukera, okasioa.
PASARTE.- Gertakaria. Acontecimiento.
PLAZARATU.- Kaleratu, argitaratu. Publicar.
POZOIN.- Edena. Veneno.
SALTZEAR.- Saltzeko zorian. A punto de venderse.
SUHI.- Alabaren senarra. Yerno.
USU.- Maiz. Frecuentemente.
ZAHARTU AHALA.- Zahartu ahalean. Conforme fue envejeciendo.

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B2
Feb 25, 2014
Number: 1535522
Source:
Number of visits: 6537