Docutec Card

Nola iraindu euskaraz?

Euskaraz ba ote dago inor iraintzerik? Galdera horren bueltan jardun dute Euskadi Irratiko Hiri Gorrian saioan Kike Amonarrizekin. Amonarrizen ustez, hitzak indartu egiten dira erabileraren poderioz.

Atxagak behin aipatu zuen bezala, hitzak xaboiaren kontrakoak dira; xaboia zenbat eta gehiago erabili, gastatu egiten da, eta hitzak zenbat eta gehiago erabili, indartu egiten dira.

Transcription:[+] Transcription:[-]

ESATARIA 1. Kike Amonarriz, arrasti on!
KIKE AMONARRIZ. Arrasti on, bai.
E1. Euskaraz norbait iraindu, iraindu daiteke, ez?
K. A. Nik uste iraintzen dugula, gainera! Gogoa daukagunean eta beharra, edo premia, edo egokiera, iraintzen dugula. Lehengo haritik ari nintzen pentsatzen, beno, gauza bat izan zitekeela izorrai esatea…
E1. Bai?
K. A. Eta iraintzeko modu bat izan daitekeela “ Hi, txorta motz”. Ez?
E1.Txorta motz.
ESATARIA 2. Bai. Segun eta nori esanda, iraingarri litzateke…
K. A. Kasuren batean oso-oso iraingarria ere izan daiteke. Orduan, nik uste erdaraz oso ohikoak direnak: “kabroia, putakumea, hostias… “ Era horretakoak, askotan erabiltzen direnak, oso ohikoak direnak. Frantsesez ere erabiltzen direnak, kuriosoa da, Iparraldean ere erabiltzen dituzte. Eta ni harritu nintzen Ipar Katalunian, esate baterako, irain gehienak katalanez esaten zituztela bertakoek, nahiz eta frantsesez hitz egin. Orduan, irainena bada terreno bitxia. Orain, egia da Euskal Herrian asko izan direla, badira bildumak, badira bizpahiru liburu irainen bilduma direnak, baina egia da erabileraren bidez ez ditugula indartu behar adina batzuk-batzuk behintzat, ez? Eta beharbada hor dagoela kontua, ez? Momentu batean irain batzuk indartsu bihurtzen dira jendeak erabiltzen dituelako. Esate baterako, nik bere garaian ez nuen hainbeste entzuten, eta azken bolada honetan “motza” asko entzuten dut.
E1. Motza.
K. A. Baina “motza”, tonu onarekin. Eta ondo esanda. Ze gauza bat da esatea: “ba, hi haiz kabroia!”; hori gauza bat da, eta beste bat badakizu zer den?: “Hi! Hi haiz kabroia!”…
E2. Bai.
K. A. Tonuak ere asko esaten du. Eta “hi motza haiz” eta “hi motza haiz”… Nola esaten den konbersazio batean izan liteke duelo batera jotzeko adina.
E2. Lehen, erredakzioan hizketan eta, Nekanek esan digu gaur egun futbol-estadioetan esan litekeen gauzarik okerrena “tontoa” dela…
K. A. Bai. Eta…
E2. Ze hainbeste erabiltzen diren “putaseme” bezalakoek ia-ia indarra ere galdu dutela.
K. A. Bai. “Hi baboa haiz” konbersazio batean. “Baina hi baboa haiz?”…
K. A. “Baina hi baboa haiz” seguramente beste hitz batzuk baino askoz gogorragoa izan liteke tonalitate ona emanez gero, ez? “Hi zakil ustel bat haiz”…
E1. Zakil ustela, txorta motza…  txorta motzagaz holan…
K. A. Edo Jon Martin bertsolariak asmatutako irain bat, ze irainak ere asmatzen dira, eta niri izugarri gustatzen zaidan bat da “hi kirtenmintentea haiz”,
E1-E2. Kirtenmitentea…
K.A. Kirtenmitentea…
E2. Bai baina.
K. A. Kirtena da, baina ez da beti iristen kirtena izatea! Hain da kirtena, ez dela beti kirtena izatera iristen!
E2. Zer dira, gizonezkoentzat bakarrik edo emakumeentzat ere badira…
K. A. Bueno, kasu horretan balio lezake ere, ez?Bai. Bai. Bai. Gero, honbre, badira nik uste batzuk gehiago… “txolina txolina da” eta “tuntuna” eta “txoroa”…  Eta hor badira batzuk neskentzako eta beste batzuk mutilentzako… Gero nik uste unisex gero eta gehiago baditugula, eta asko balio dutela, ez? Eta gero badago sistema bat euskaraz irainak asmatzeko, eta da hiru zutabeen sistema. Ez dakit ezagutzen duzuen?
E2. A, ba ez! Hiru zutabeen sistema.
K. A. Begira. Jar dezakezue, lehenengo zutabean, pentsatu, animaliak ez?:
E2. Bai.
K. A. Esaterako, zerri, asto, zorri, zakur, putre… nahi duzuena.
E1. Bai.
K. A. Bigarren zutabe batean adjektibo txar bat: gezurtia, lapurra, zikina, alferra, zitala… Eta hirugarrengoan ba jarri indargarri batzuk: halakoa, madarikatua, alaena, ustela, nazkagarria… Eta orduan hor egin dezakezue zuen birao propioa.
E1. Niri atera zait: zakur gezurti madarikatua!
K. A. Esate baterako!
E2. Eta niri ateraz zait: dortoka alper hori!
K. A. Esate baterako!
E1. Dortoka…
E2. Alfer hori!
E1. Hori oso light-a da.
K. A. Ornitorringo! Eta gainera, momentu batean animalia politak sar ditzake:  “Hi haiz ornitorringo gezurti madarikatua!”…
E1. Beraz…
K. A. Horrek ja ez dauka indar berezirik, baina esatean “hi haiz zakur alfer ustela”
E2. Uf!
K. A. Kontestu batean hori haserretzeko moduko esaldia izan daiteke.
E1. Beno, ikasi dugu hiru zutabeen arau hori.
E2. Lehendabizikoan animalia bat,
E1. Lehenengoan animalia bat, bigarrenean zer izan da? Zerbait txarra, gezurtia…
K. A. Adjektibo bat.
E1. Adjektibo bat. Hori da.
K. A. Eta hirugarrena, indargarria. Indargarri bat: halakoa… Edo bestea izan daiteke sartu isuri nazkagarri bat: lerdea, zornea, zirina, kaka…
E1. Bai.
K. A. Gero jarri edukiontzi bat: ontzi, kupel, poltsa, zaku… Eta gero jarri adjektibo nazkagarri bat. Eta orduan aterako zaizue: “hi haiz…
E1. kaka-poto zikina”
K. A. Hori da.
E2. Edo “zorne-poto lizuna!”
K. A. Esate baterako. Edo” kaka-ontzi zornetsua!”. Edo “zakil ustela, edo txorta motza”… Edo “kirtenmintentea”! Azkena. “Zakil ustel zornetsua”… “Hi haiz zakil ustel zornetsua!” Pues honbre, ez da pertsona bat, ondo uzteko moduko esaldia!
E2. Bale… Baina…
K. A. Lagunak egiteko moduak dira!
E2. Bai, baina egin litezkeela euskaraz irainak, eta lagunak modu horretan ere, euskaraz egin ditzakegula…
K. A. Bai. Eta nik uste dut bai lagunak, eta lagunak galdu ere bai, nahi baldin bada behintzat.
E2. Alegia, hauek Kike, hauek berriak dira, zuk esan diguzun sistema hau berria da, baina garai batean gure, gure zaharrek zer erabiltzen zuten badakigu?
K. A. Pues sistema hau ere: astakirtena, “hi haiz astakirtena, hi haiz astapistola”… Gaur egun, ia batzuk-batzuk “hi haiz astametralleta” ere esaten dute., ez? orduan, era horretako konbinazioak erabiltzen dira. Besteak ziren esklamazioak, ez?: ”lupuak jango ahal hau!” Lupua momentu batean izan zen gaixotasun larri bat. Eta orduan,” lupuak jango ahal hau!”, momentu batean oso gogorra zen. Lupuari izugarrizko beldurra zitzaiolako. Edo “lurrak irentsiko ahal hau!” Era horretakoak ere erabili izan dira euskaraz, ez? Honbre, gaur egun erabiliko genuke “birusak harrapatuko ahal dik hire ordenagailua!”. Beno, hori izan liteke beste istorio bat…
E1. Um.
K. A. Eta nik uste hor badagoela, berritu ere berritu behar ditugula gauza hauek, ez? Eta birao berriak ere sortu, sortu behar direla, hori ere bai.
E2. Euskaraz, euskaraz ere egin litekeela. Hori da. Hori da behintzat gaur ikasiko duguna.
K. A. Egin daitekeela, eta hitzak erabileraren poderioz indartu egiten direla. Hori Atxagari irakurri nion, hitzak xaboiaren kontrakoak direla; xaboia zenbat eta gehiago erabili gastatu egiten da, eta hitzak zenbat eta gehiago erabili indartu egiten dira.
E2. Ba, Kike Amonarriz, zer esango dizugu? E, adibidez, Kike Amonarriz, txorten motz, eskerrik asko!

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

C1
Oct 1, 2013
Number: 1423510
Source:
Duration: 00:06:10
Number of visits: 7920