Docutec Card

Taulak ala pantaila?

Bereizkuntza hori ez benetan hain erabatekoa izan; izan ere, zinemaren eta antzerkiaren arteko elkarreragin adierazten duten ekoizpen zerrenda amaigabea da.

Zinema jaio berria ez zen narrazioak burutzeko sortu, beste bi helburu baitzituen publikoan agertzean: ferietan jakin-min zientifiko gisako ikuskizun izatea eta errealitatea mugimenduan, eta ez geldirik, irudikatzea. Hura argazkia baino askoz ere gehiago zen, biziagoa, gauzak denbora jakin batean eta mugimendua islatzen baitzituen. Ez zen, beraz, antzerkiaren esparruan sartzen. Zinema jaio berria garai hartako lekuko paregabe bilakatu zen, errealitatea zen bezala azaltzen baitzuen. Hala uste zuten behintzat, adibidez Parisko areto batean trentzar bat gainera zetorkiela ikusita ihes egiten saiatu ziren ikusleak, benetan 'La Ciotat' tren-geltokia ez zela garbi bazekiten ere. Dena dela, zinema-sortzaileek berehala ikusi zuten jostailu zientifiko berri hura oso egokia zela beren hizkera propioa sortzeko, eta errealitatearen berreraikitze batean murgiltzeko. George Méliès Frantzian eta Segundo de Chomón Espainian, fikzioa lantzeko zinemak zituen ahalmen ikusgarriak aurkitu zituzten une berean, fantasiaren munduan barneratu ziren genero honen lehen harria jarriz, garai hartako aztien eta ferietako saltzaileen fantasiazko unibertso harekin bat eginda. Méliès-en Les quatre-cents Farces du diable genero horren adibide garbia dugu, nahiz eta askorentzat hain ezaguna ez izan. Ikuskizun horiek sekulako inpaktua eragin zuten jendearen dibertimenduan, baina ez zen oraindik antzerkiaren kultur mailara iristen. Urrats berri bat eginez, antzerkia aretotatik kalera ateratzeko gogoarekin, ikuskizun berriaren arduradunek besaulki-patioan kamera bat jartzea erabaki zuten, antzerki-saio osoa grabatzeko. Ez zen doinurik eta hitzik entzuten, jakina, baina aurrera egin zuten, amore eman gabe, adoretsu, hutsune hori nolabait betez. Pantailako irudien ondoan karteltxoak jartzen zituzten edo zuzenean ahozko komentario xelebreak egiten. Horrela aurkeztu zituzten zenbait film: 'Films d'Art'. 'Brightongo Eskola' eta beste. Adore eta irudimen handia erakutsiz, sortzaile ausartenak besaulki-patioa utzi eta eszenategian sartzen ziren, filmeko aktoreen lana osatuz eta ikuskizuna dekoratu gisa apainduz. Asmakizun berri horrekin proba berriak egin nahirik, eszenatokitik kanpora atera zuten kamera, kalean grabatzeko. Orduantxe sortu zen hizkera berria, bere arau propioak izango zituena, antzerkiarenetatik aparte; eraikin berri baten lehen harria jarri zen, eta horrek laster-samar kendu zion lekua garatzeko eta ontzeko hainbeste denbora behar izan zuen Antzerkiari. Geroztik, zinemak bere bide propioa egin du, antzerkiaren parean eta hortik aparte, beste zenbait arte-motak egin duen bezala: musika, imintzio-arteak (mimoa, dantza), narrazioa eta arte plastikoak. Baina dibortzioa eta bereizkuntza ez dira benetan hain erabatekoak izan, ze zinemak askotan jo du, inolako konplexurik gabe, gaien eta eragin estilistikoen bila. Kasurik nabarmenena William Shakespeare antzezle handiarena da, zinemagintzaren ibilbidean askotan egokitua eta zuzendari-antzezle askok pantailan aurkeztua. Adibidez, Laurence Olivier-en Enrique V, Ricardo III; Keneth Branagh: Hamlet, Mucho ruido y pocas nueces filmak; Orson Welles-en Otello, Macbeth, eta abar. Bertsio hauek antzezle handiaren jatorrizko testuaren egokitzapenak dira eta ez orpoz orpoko erreprodukzioak : adibidez, Oscar saria irabazi zuen John Madden-en Shakespeare in love, edo Orson Welles-en Campanadas a medianoche filmak. Bigarren lan honetan Shakespeareren antzezlan batzuetan agertzen den Falstaft bufoia da hari eroalea. Azkenik, badira beste bertsio batzuk jatorrizko testuak zabal samar hartzen dituztenak; adibidez, Akira Kurosawak Ran filmean egin zuen El rey Lear antzezlanaren egokitzapena, edo Macbeth-ena Trono de sangre filmean. Zinemaren eta antzerkiaren arteko elkarreragin hori adierazten duten ekoizpenen zerrenda amaigabea da, zalantzarik gabe. Hona zenbait adibide, batzuk besterik ez aipatzearren: Jean-Claude Rappenaud-en Cyrano de Bergerac, Edmond Rostand-en bertso alexandrotarrei hain begirune handiz filmatua; edo Pilar Miró zenak burutu zituen Lope de Vegaren El Perro del Hortelano lanaren egokitzapenak; edo Tirso de Molinaren El burlador de Sevilla antzezlanean sortu zen Don Joanen mitoa, gero Moliére eta José Zorrillaren antzezlanetan garatu zena; edo gaur egun ikus daitekeen Claire Peploek burutu duen Marvaux-en El triunfo del amor komediatxoaren moldaketa. Zerrenda, beraz, bukaerarik gabea da; osa dezala irakurleak. Euskal zinemagintzari dagokionez, bi film aipatuko ditut antzerkian oinarrituak. Bata, Ramón Bareak bai zinemarako bai antzerkirako egin zuen Peccata minuta izeneko lana. Komedia honetan komentu berezi bateko klausurako moja batzuen gorabeherak azaltzen dira, itxituraren barruan bizi dituzten agintea eskuratzeko, edo horri eusteko, gatazkak eta sesioak; edo frustrazioak eraginda, ezagutzen ez duten mundura ateratzeko mendera ezineko grina. Bigarrena, haurrentzat egindako Balantzatxoa filma, Paco Sagarzazuren antzezlanean oinarrituta 1977an Juan Miguel Gutiérrezek euskaraz ekoiztu zuena. Lan honetan 'globalizazioa' dela eta umeen artean gertatzen diren akulturazioaren eta identitate-galtzearen inguruko arazoak kontatzen dira. Bi film horiek era ikonoklastan eta umore onez eginak daude, eta hori da, hain zuzen ere, zinegile euskaldunek egin beharko luketena, munduan hain emaitza onak eman dituen inspirazio-iturri hori lantzea, alegia.

 
 

Comments
Login for comment

B2
Mar 14, 2002
Number: 108456
Source:
Dialect:
  • Batua
Number of visits: 1058