Ekainaren 8an, Klasikoen 10. Irakurketa jarraitua Bilbo Zaharra euskaltegiaren eskutik
Itxaro Bordaren "% 100 Basque" liburua irakurriko da ekainaren 8an Arriaga Antzokian. Bilbo Zaharra Forumek hitzaldi sorta bat antolatu du aurreko egunetarako.
Zuzenean ikusteko
Bilbo Zaharra Euskaltegiak antolatzen duen Literatur Klasikoen Irakurraldiak hamar urte beteko ditu aurten. Ekainaren 8an, Arriaga Antzokian, hamabi ordu jarraian, 400 lagun txandatuko dira Itxaro Bordaren % 100 Basque liburua irakurtzeko.
Horren harira, ekainaren 5ean, 6an eta 7an Bilbo Zaharra Forumek zenbait ekitaldi antolatu ditu.
Lehenengoan, Lapurdiko Hinka musika taldeak “1615” izeneko emanaldi berezia eskainiko du, Itxaro Bordaren testuetan oinarrituta. Maitena Duhalde (ahotsa eta trikitixa), Benoit Lamerain (buzuki eta gitarra) eta Mathieu Haranboure (baxua) hirukoteak oraina eta iragana uztartuko ditu ikuskizun honetan. Itxaro Bordaren testuek 1615ean Islandia iparraldeko fiordo batean gertatutako sarraski bat dute abiapuntu: 32 bale-arrantzale hil ziren bertan. Euskal arrantzale talde honek bizi izan zuen gertakari tragikoaren kontaketez aparte, Islandiaz maitemindua den Bordaren testu autobiografikoez josirik dago lana.
Bigarrenean, Lucien Etxezaharreta eta Katixa Dolhare-Zaldunbide arituko dira, % 100 Basque eleberria hizpide. Ekainaren 7an, Itxaro Bordak berak eskainiko du eta “Literatur hizkuntzaren hautua” izango da haren mintzagaia.
Ekitaldi horiek guztiak 19:00etan hasiko dira, Euskaltzaindiak Bilboko Plaza Berrian duen egoitza nagusian.
Hamar urte
Bilbo Zaharra euskaltegiko jendeak Axularren Geroren irakurraldia antolatu zuen orain hamar urte. “Esango nuke erreferentzia nagusia Madrilen egiten den irakurketa etengabea izan zela -gogoratzen du Pedro Alberdik, Klasikoen Irakurraldien bultzatzaileetako batek-. Jakina denez, urteak daramatzate Don Quijote irakurtzen, (aurten XXI. edizioa izan da)”. Baina handik aurrera, urtero liburuz aldatzea erabaki zuten, beste bide bat hartuz. Erabaki hori, neurri handi batean, “literaturaren aldeko apustua izan zen”, Alberdiren hitzetan. “Geroren prosa zoragarria izan arren, literatura aldetik ez dago maila berean. Azken finean, elizako liburua da, helburu dogmatiko zehatza duena”.
Lehenengo lau edizioetan kronologia izan zen liburuak hautatzeko irizpidea: Gero (1643), Peru Abarka (1804), Haur besoetakoa (1959), Hamaika pauso (1995). Bosgarren edizioan hautsi zuten irizpide hura, beren-beregi emakume-idazle baten liburua irakurtzeko: Zergatik panpox (1979). Seigarrenean eta zazpigarrenean, berriz, beste irizpide bat erabili zuten: urteurrenen ospakizunena; hain zuzen ere, Obabakoak (1989) eta Harri eta herri (1964) liburuen 25 eta 50 urteurrenak ospatzeko. Zortzigarrenean, berriz, Joseba Sarrionandiaren Narrazio guztiak hautatu zuten, literaturaren independentzia aldarrikatzearren, testuinguru politikoaz harago. Bederatzigarrenean, itzulpenaren garrantzia azpimarratu zuten Kafkaren Metamorfosiarekin (1915). Aurten, estereotipoetatik ihesi, gaur egunera etorrita eta euskal literaturan emakumezkoen protagonismoa aldarrikatuz, Itxaro Bordaren % 100 Basque irakurriko da.
Lehenengo edizioa esperimentu bat bezala antolatu zuten, baina ekimena “hasieratik izan zuen harrera ona, bai erakundeen aldetik bai herritarren aldetik. Irakurle askok urterik urte errepikatu nahi izaten dute”, Alberdiren hitzetan.
Ez da erraza 400 lagunen eskaleta osatzea, ezta hori dena koordinatzea ere. Baina sei-zazpi lagunek osatzen duten lantaldeak mendean dauka antolaketa dagoeneko. Urte horietan guztietan laguntzaile eta babesleen kopurua, erakundeen inplikazioa eta hedabideen jarraipena gero eta handiagoa izan da.
Arriaga Antzokitik politikari, aktore, kirolari, artista, irakasle, ikasle, euskaltzale, sindikalista eta hainbat eta hainbat lagun, ezagun eta ezezagun pasatu da irakurtzera. Antolatzaileek gogoan dituzte gure artetik joan diren irakurketa-lagunak: Ana Romero, Aitor Mazo, Nekane Bilbao...
Beraz, aurtengo hitzordua berezia izango da. Xehetasun guztiak ekainaren 6an aurkeztuko dira Arriaga Antzokian egingo den prentsaurreko batean.
Informazio gehiago, euskaltegiaren web orrian: www.bilbozaharra.eus