Aldizkari Digitala

Burtsa, ba al dakizu zer den?

Aingeru Sorarrain: "Funtsean, burtsa azoka bat da"

Aingeru Sorarrain Altuna (Beizama, 1976), Kutxabank Gestion-eko inbertsio-kudeatzailea da, eta,  Lierni Iturralde Izagirre (Andoain, 1973), Laboral Kutxako bulego bateko zuzendaria. Biekin elkartu gara burtsaren inguruan hitz egiteko eta galdera berberak egin dizkiegu.

Aingeru eta Lierni burtsari buruzko azalpen erraz bat ematen saiatu dira.

1. Kaleko jende askorentzat, burtsa oso kontzeptu konplexua da. Nola azalduko zenuke modu sinple batean?
-A. S. : Funtsean, burtsa azoka bat da. Tolosan letxugak saltzen dituzten bezala, burtsan saltzaileak enpresa proiektuak saltzen ditu. Eta kapitala duenak erosi egiten du. Bi motatako burtsa dago. Batetik, lehen mailako azoka; bertan, enpresa bat lehen aldiz burtsara joaten da akzioak edo enpresaren proiektua saltzera, adibidez, Euskaltel. Enpresa hau iazko maiatzean iritsi zen burtsara bere enpresa proiektua saltzera.

Bestetik, bigarren mailako azoka dago, eta hor, hainbat inbertsiogileren salerosketa egiten da. Ni Euskalteleko inbertsiogilea naiz eta zuri akzio batzuk edo enpresa proiektua saltzen saiatuko naiz.

-L.I. : Burtsa merkatu bat da eta, edozein merkatutan bezala, salerosketa egiten da. Burtsa azoka berezia da. Izan ere, bertan, inbertitzaileak eta enpresaren akzioak saldu nahi dituztenak harremanetan jartzen dira. Merkatu fisiko bat da, eta, gaur egun, oso arautua dago. Helburua errentagarritasuna lortzea da.

2.    Noiz, non, eta zergatik sortu zen?
-A. S. : Ez dago guztiz garbi. Burtsa enpresen proiektuak finantzatzeko modu bat da, eta, nire ustez, merkataritza sortu zenetik burtsaren antzeko kontzeptu bat ere existituko zen. Ofizialki, Brujasen, XIII. mendearen inguruan merkatariak Huis ter Beurze etxean biltzen ziren, eta, leku horren izenetik omen dator burtsa hitza. Ondoren, industrializazioa, merkataritza eta ekonomia garatzen joan dira, gaur egungo egoerara iritsi arte.

-L.I. : Burtsa XIII. mendean Brujasen sortu zen. Han Van der Beurze izeneko familia bat omen zegoen, eta haien etxean biltzen ziren merkatarien transakzioak egiteko. Orduan, errazago esateko, eragiketa horiei ‘bolsa’ edo burtsa deitzen hasi ziren. Garai hartan, Brujasek populazio handia zuen, Londresen edo Parisen baino jende gehiago bizi zen bertan. 

 

Aingeruk burtsa azoka batekin alderatu du.

 

3.     ‘1929ko Krak’ hura oso famatua izan zen. Zer gertatu zen?

-A. S. :  Izugarrizko galerak eta jaitsierak izan ziren, eta hortik datorkio Krak edo Crash izena. Ondo ulertzeko, garai hartako egoera ezagutu behar dugu: 1929. urtea baino 10-15 urte lehenago, Lehenengo Mundu Gerra izan zen, eta ondorengo urteetan Ameriketako Estatu Batuetan ekonomia asko hazi zen: familiek euforia sentitzen zuten, burtsan inbertitzeko gogoa nagusitu zen eta, horretarako, jendea zorretan sartu zen. Zer gertatu zen? Euforia amaitu egin zela eta enpresen inguruan sortutako burbuila erraldoi hori ere pikutara joan zela. Jendea zorretan geratu zen, eta galera horiekin ezin zioten banketxeari mailegua itzuli. Beraz, banketxeek porrot egin zuten. Egoera txar horrek burtsan jaitsiera handiak eragin zituen… Hala ere, kontuan hartu behar dugu garai hartan ekonomia ez zela orain bezain globalizatua, eta, beraz, ez zela honaino heldu. Gainera, gerraren ostean, Europa krisi-egoeran zegoen.

-L. I. : Hori Estatu Batuetan gertatu zen 1929. urtean. Hilabeteko beherakada nabarmena izan zen. Guztia ostegun batean hasi zen, eta 29. eguna, asteartea, izan zen egunik okerrena. Guztira, 100.000 lanpostu galdu zituzten, enpresen kotizazioek izugarrizko beherakada jasan zuten. Zergatik? Masa monetarioa gehiegi manipulatu zutelako. Gaur egun, gertaera horren ondorioz, hori berriro ez gertatzeko, finantza-arautegi bat daukagu.

4.    Burtsan hartzen diren erabakiek zertan baldintzatzen dute gure eguneroko bizimodua?
-A. S. : Burtsan enpresa-proiektuen salerosketa egiten da, eta hortik ateratzen ditugun ondorioek eragina izan dezakete… Burtsa zenbat eta hobeto egon, horrek ekonomiaren egoera hobea ekarriko du. Nire ustez, ez dira burtsan hartutako erabakiak, burtsaren mugimenduak baizik. Burtsa osasuntsu egoteak ekonomiaren, familien eta enpresen egoeran du eragina.

-L. I. : Nire ustez, burtsak ez du kaleko jendearen bizimodua gehiegi baldintzatzen. Nik banketxe batean egiten dut lan, eta, noski, jendeak dirua burtsan baldin badauka, zer gertatzen den jakin nahi du; interesa dauka. Baina gehienek dirua gordailu, kontu korronte edo aurrezki-libretetan daukate, eta horietan ez du eragin handiegia burtsak. Horrela, orokorrean esanda, eta ohiko jendearentzat.

Wall Street da munduko burtsarik garrantzitsuena.

5.    Zergatik da hain garratzitsua Wall Street?
-A. S. : Munduko ekonomiarik handienaren burtsa delako. Azken batean, Ameriketako Estatu Batuak BPGren aldetik munduko ekonomiaren % 50 da, gutxi gorabehera, eta finantza-merkatuaren aldetik ere portzentaje berdina edo gehiago. Bertako salerosketek edo mugimenduek mundu-mailan dute eragina.

-L. I. : Burtsa guztien erregina edo burua delako. Enpresa kotizatuenak, onenak bertan daudelako eta transakzio-kopururik handienak ere bertan egiten direlako. Wall Streeten gertatzen denak munduko beste burtsetan eragina duela esaten da, baina alderantziz ez da gauza bera gertatzen: beste burtsa batean beherakada handia ematen bada, Wall Streetekoari ez dio eragiten.

6.   Euskal Herrian Bilbon dago burtsa. Zer-nolako garrantzia du?
-A. S. : Burtsa-enpresen proiektuek finantzazioa bilatzen duten azoka bat dela esan dugu. Alde horretatik, enpresek zenbat eta finantzabide gehiago eduki, hobeto. Horregatik, Bilbon burtsa bat edukitzeak badu bere garrantzia. Hala ere, gaur egun, plaza fisiko bat edukitzea ez da beharrezkoa. Alor honetan ere, sarearen bidez eskuartzeko aukera dago, baina finantza-zentro bat edukitzea garrantzitsua iruditzen zait, horren inguruan finantza-industria bat sortzen delako. Duela 40-50 urte akzioekin Bilbora joan beharra zegoen, eta han ahoz esan “hau erosi nahi dut”. Gaur egun, berriz, guztiz elektronikoa da, eta mugikorrean ia momentuan bertan egin dezakegu.

-L. I. : 1890. urteko uztailaren 20an sortu omen zen Bilboko Burtsa. Maria D´Asburgo Lorena erreginak baimena eman zuelako sortu zen. Enpresa eta pertsona pribatuek transakzio ekonomikoak egin ahal izateko bultzatu zuten sorrera. Bilborentzat garrantzitsua da, eta guri ere estatus ekonomikoa ematen digu. Pertsona bat zuzenean joan daiteke burtsara, inbertsioa egitera edo, bestela, banketxearen bitartez ere egin dezake. Nire ustez, erosoagoa da banketxearen bitartez egitea. Gainera, arautegia aldatu dute, eta, burtsara zuzenean joan ahal izateko, kopuru handi bat erosi beharra dago, ez nahi adina.

7.    Euskaldunok interesik badugu gai hauetan? Beste herrialdeetan adina?
-A. S. : Estatubatuarra eta ingelesa dira, zalantzarik gabe, garapen handiena duten finantza-merkatuak. Jende xehearen artean ere horrela da; beraiek dute interesik handiena. Funtsetan edo akzioetan gehien inbertitzen dutenak ere beraiek dira. Euskaldunok haien kopuruetatik oso urrun gaude. Datuei begiratuta, hemengo interesa oso txikia dela iruditzen zait. Eta Europaren atzetik Asia jarriko nuke. Burtsa asko igotzen edo jaisten bada, orduan hitz egiten dugu hemen horri buruz; baina, bestela…

-L. I. : Galdera honi ez diot zehazki erantzungo. Beste herrialdeetan nola jokatzen duten ez dakit. Nire ustez, bakoitzaren maila ekonomikoak du eragina: pertsona batek diru asko baldin badauka, errentagarritasuna ateratzeko zati bat burtsan inbertitu dezake, baina, diru gutxi badu, ez da horretan sartuko. Banketxean, kaleko jendearen artean, oso gutxik galdetuko digute burtsari buruz. Gainera, gaur egungo beldurragatik, interes baxuengatik, jendeak ez du horri buruz hitz egin nahi. Adinak ere zerikusia du, urteekin zuhurragoak bilakatzen garelako.

8.    Edonork inbertitu dezake burtsan? Zein baldintza bete behar dira?
-A. S. : Edonork. Gaur egun, mugikor batekin edonork inbertitu dezake, klik batean. Oso erraza da, baina, askotan, etxea teilatutik egiten hasten gara, zorutik hasi beharrean. Askotan zertan inbertitu behar dugun edo momentu ona den galdetzen dugu, baina, nire ustez, lehenengo geure buruari burtsaren mugimendu hori jasan ahal dugun galdetu behar diogu. Zer da burtsan inbertsio bat egitea? Enpresa-proiektu bat erostea da, eta hori egiten dugun momentutik kontuan hartu behar dugu ondo edo gaizki joan daitekeela: “ni, pertsona bezala, gai naiz arrisku horri aurre egiteko?” Erantzuna baiezkoa bada, hurrengo galdera da: “zenbat diru daukat sobera?”; epe luzera ditugun aurrezkiak begiratu eta, azkenik, “zer erosi nahi dut, enpresa-proiektu batetik edo enpresa-proiektu askotatik?”. Orduan pentsatuko dugu momentu ona den ala ez…

-L. I. : Edonork inbertitu dezake burtsan; hori egia da. Akzioak zuzenean erosi edo gutxiago arriskatzeko, funtsen bitartez egin dezakegu. Inbertsio-funtsak daude, burtsari zuzendutakoak, eta hor ez dugu akzio zehatz bat erosten. Ivexi buruzko funts batean sartzen dugu, esaterako. Funts batzuetan sartzeko gutxieneko diru-kopuru bat eskatzen digute, adibidez, 3.000 euro. Beraz, jakinaren gainean egon behar dugu. Hor sartutako dirua arriskuan dagoela, gorabeherak edukiko dituela, eta argi eduki behar dugu inork ez digula bermatuko diru hori bueltan jasotzea. Gainera, horrek burtsan gertatzen denaren berri izatera eramango gaitu. Banketxe baten bitartez egiten badugu, euskarria izango den kontu korronte bat behar dugu, eta hortik akzioak erosi edo salduko ditugu. Nahiko erraza da gaur egun.

Transcription:[+] Transcription:[-]

1.    Zer da burtsa?
-A. S. : Funtsean, burtsa da azoka bat bezala. Da Tolosako azokara joaten zarenean bezala, eta hor daukazu saltzaile bat letxuga bat saltzen duena, ba burtsan daukazu saltzaile bat enpresa-proiektu bat saltzen duena. Eta gero dago erosle bat, kapitala daukana, enpresa proiektu hori erosteko.
-L.I. : Burtsa merkatu bat da, bai? Eta edozein merkatutan bezala, salerosketa egiten da, produktuen salerosketa. Gertatzen dena da burtsan egiten den salerosketan direla produktu pixka bat arraro xamarrak, esan dezagun. Bertan, kontaktuan jartzen dira inbertsoreak, eta enpresaren akzioak eta bonoak jartzen dira salgai, bai? Esan behar da merkatu fisiko bat dela, existitzen den merkatua eta merkatu oso erregulatua dela.
2.    Non inbertituko zenuke?
-A. S. : Hori erantzungo dizut topiko batekin: jakingo banu ez nintzateke egongo hemen zurekin… Kar, kar, kar.
-L. I. : Nik horrela burtsari buruz ari garenean hitz egiten? Nik seguraski fondo batean. Adibidez, Fondo Bolsa European.
3.    Zer diru inbertitu beharko luke bakoitzak?
-A. S. : Pertsona bat mundu bat da. Pertsona bakoitzak ikusi behar du zer behar dituen, zer diru-sarrera dituen, zer proiektu dituen etorkizunerako, zer epe duen… Hor ez dago erantzun bat.
-L. I. : Daukanaren % 10 baino gehiago ez. Zuhurra izan behar da eta beti esaten da burtsa batean jokatzen duzunean, beti ez sartu diru guztia kolpetik eta ezta ere ez atera kolpetik. Hau da, zure asmoa baldin bada 6.000 euro sartzea, hobe da 3.000 euroko bi sarrera egitea, ez kolpetik 6, eta ateratzerakoan ere zuhur jokatu.
4.    Momentu ona da horretarako?
-A. S. : Bueno, igotzen bada bai! Kar, kar, kar… Ematen du, ematen du ez daukala hain itxura txarra, ematen du. Ekonomia zer edo zer baretu ote den, edo 2017a zer edo zer hobeagoa izango ote den 2016a baino.
-L. I. : Bai, adibidez, burtsak nahiko susto eman digu aurreko urtean, beno, 2015a okerragoa izan zen. Eragin politikoak, ez bakarrik politikoak, edozein notiziak eragin handia du gaur egun burtsan. Edozeinek eragin handia du. Bai migrazioa dela, bai politika dela, bai Breixit-a dela, bai Txinako boltsa jaisten dela; edozeinek eragiten du. Orduan, lehengo urte bukaera, adibidez, lehengo urtea hobea izan da 2015eko urtea  baino. Urte ona izan leikeela (litekeela)? Izan leike (liteke). Interesak zeroren azpitik daukagu, zerbait baldin badaukagu sartzeko, beti ere kantitatea txikia bada, egin dezakezu.
5.    Brokerrez fidatu  behar dugu?
-A. S. : Bai, ni fidatzen naiz. Egia da, bakoitzak bere mundu honetan interesak dauzka. Orduan hor pixka bat kontuz ere ibili behar da. Bai, fidatu, fidatu, duda gabe. Bakarrik niri gustatzen zaidana da lehenengo etxeko-lanak egin, eta garbi daukazunean zure egoera zein den, zer egin nahi duzun eta hori, ba gero ikusi brokerrak zer esaten duten eta erabaki bat hartu.
-L. I. : Bueno, brokerrak… Egia esanda, guk hemen gutxi funtzionatzen dugu. Hori igual, zuzenean joaten dena burtsara jokatzera. Baina guk hemen, ohiko jendeak egiten duena da bankuen bitartez eta orduan, horrekin, ez dio axola gehiegi, ez.

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B2
Apr 7, 2017
Number: 8553899
Duration: 00:04:03
Number of visits: 3990