Aldizkari Digitala

Umerik gabeko hotelak

Batzuei onartezina iruditzen bazaie ere, merkatu oso bat sortu da horrelako hotelen inguruan, eta eskaera gero eta handiagoa da.

Donostian kalitatezko turismoa da nagusi. Eta horrek zer esan nahi du? Hiriburuaz bere osotasunean gozatu nahi duela bisitariak. Ez dute parrandara edo hondartzara bakarrik etorri nahi; hainbat gauza egin nahi dituzte: gastronomia probatu, kultura ezagutu, atrakzio turistikoak bisitatu, kirola egin, egonaldi erromantiko bat pasa… Lekuaz zentzu askotan gozatu nahi dute.

Ainhoa Cordoba Donostiako Turismo bulegoko komunikazio-arduraduna da

Batzuek nahiago dute familian bidaiatu, beste askok bikotean edo lagunekin, baita bakarrik ere. Donostiara, esaterako, frantsesak, estatubatuarrak, ingelesak, alemaniarrak eta australiarrak etortzen dira, hurrenez hurren. Hala ere, estatubatuar eta ingeles-kopurua handitu da gehien. Adin guztietakoak dira, eta kongresu edo bileren turismoa ere asko handitu da. Horrela, goi-denboralditik kanpo etortzen dira, eta, hirian bertan, azpiegituretan eta zerbitzuetan gastatzen dute dirua.

Baina badago umerik gabeko hotelik edo jatetxerik? Inork hautatzen du aukera hori? Galdera horri erantzuteko, Ainhoa Cordobarekin (Irun, 1983) elkartu gara. Bera Donostiako Turimo Bulegoko komunikazio-arduraduna da, eta bertako bulegoan erantzun die gure galderei.

TURISMOAREN BILAKAERA
Duela mende batez geroztik, Donostia hiri turistikoa da. Isabel II.a erreginak azaleko gaixotasun bat zeukan, eta medikuek itsasoko ura gomendatu zioten. Horregatik hasi zen Donostiara etortzen. Berak jarri zuen hiria modan. Ondoren, Maria Cristina erreginak Miramar jauregia erabili zuen udako bizileku bezala. “Aristokraziako eta monarkiako turistak etortzen hasi ziren Donostiara eta, horri esker, azpiegiturak eraiki zituzten: Maria Cristina hotela, Victoria Eugenia antzokia, La Perla bainuetxea, Loiolako Hipika edo Igeldoko jolas-parkea, beste batzuen artean”, kontatu digu Cordobak.

Gainera, XX. mendearen hasieran, gaur egungo udaletxea kasino bat zen, eta pertsona ezagun ugari hurbildu ziren bertara: Mata Hari, Trotsky eta Ravel, besteak beste. Gaur egun hori guztia aldatu egin da, era guztietako turistak joaten baitira Gipuzkoako hiriburura; baina, tradizio horri esker, hiria prestatuta dago. “Nire ustez, aldaketa handiena egonaldiaren iraupena da. Lehen, egonaldi luzea egitera etortzen ziren eta, orain, berriz, turismo urbanoa egiten dute. Zer esan nahi du horrek? Turistak asteburu-pasa edo bizpahiru eguneko irtenaldi batean etortzen direla bisitan, horiei ‘ihesaldiak’ edo ‘city break’ deitzen diegu”, azaldu digu komunikazio-arduradunak.

Turista asko arrazoi gastronomikoengatik etortzen dira: pintxoak, jatetxe tradizionalak, Michelin izarreko jatetxeak… Beste batzuk kulturarengatik: San Telmo Museoa, Eureka Zientzia Museoa, Tabakalera, Aquariuma… Jaialdiengatik: Zinemaldia, Jazzaldia, Musika Hamabostaldia… Kirola izan daiteke beste arrazoi bat: surfa, Behobia-Donostia lasterketa, mendiko ibilaldiak, bizikleta-ibilbideak… Gainera, iaz Europako kultur hiriburu izateak ere eragina izan du turismoan, baina jendeak haurrik gabeko hotelik edo jatetxerik eskatzen du? Donostian ez dugu horrelakorik zehazten duen jatetxerik edo hotelik topatu, baina Ainhoari galdetu diogu.

HAURRIK GABEKO HOTELAK ETA JATETXEAK
Haurrik gabeko hotelak 70eko hamarkadan sortu ziren Karibe inguruan. “Eztei-bidaietan espezializatutako hotelak ziren, bikoteentzat sortutakoak. Estatura beranduago iritsi ziren, duela hamarkada bat, baina hazkunde handia izan dute”, esan digu Donostiako Turismo bulegoko langileak. Gaur egun, ‘haurrik gabeko’ 600 hotel inguru daude munduan zehar barreiatuta, eta horietatik 150 inguru estatuan daude, gehienak Kanariar uharteetan eta Balear uharteetan.

Turistentzat oso interesgarria da Donostiako eskaintza.

Hotel-mota honek arrakastarik handiena turista ingeles, alemaniar eta eskandinaviarren artean du, baina Euskal Herrian, oraingoz, ez dago horrelakorik. “Une honetan, ez dago eskaririk eta horregatik ez da iritsi. Gainera, kutsu polemikoa ere badu: jendeak ‘diskriminatzailea’ dela pentsatzen du. Duela urte batzuk, Bilbon ireki zuten umerik gabeko jatetxe bat, eta kexak eta salaketak jaso zituen. Ez dakit gaur egun irekita jarraitzen duen…”, adierazi du Ainhoak.

Munduan zehar zabaltzen ari da, eta, etorkizunean, eskaria handitzen bada, Euskal Herrira ere irits daiteke. Hori gertatuko dela uste duzu? Zuk umerik gabeko hotel edo jatetxe batera joan nahi duzu? Zergatik? Eredu hori ‘diskriminatzailea’ da, zure ustez?

 

Transcription:[+] Transcription:[-]

1.    Zein turismo mota dago Donostian?
Donostian daukagun turismoa orohar, esango nuke dela kalitatezko turismoa. Eta kalitatezko turismoarekin ez dugu esan nahi diru asko dakarren turismoa, baizik eta azkenean helmuga bere osotasunean dastatzen duen turismoa. Hau da, badira igual helmuga turistiko batzuk non jendea doan mozkortzera eta parrandara, edo bakarrik hondartzara. Donostiaren kasuan, ez? Normalean bisitariak etortzen direnean, gastronomia probatu nahi dute, kultura ezagutu nahi dute, atrakzio turistikoak bisitatu, edo, batzuetan, kirola egin. Hau da, bere osotasunean helmuga hori dastatu. Lehen, batez ere estatutik etortzen ziren turista gehienak, baina ia 2013 urtean edo ikusi genuen joera hori aldatu egin zela, eta batez ere estatutik kanpo datoz. Eta gehien etortzen direnak hurrenez hurren izango ziren frantsesak, estatu batuarrak, ingelesak, alemanak eta australiarrak. Eta, batez ere, nabaritu dugu estatu batuarrak eta ingelesak direla gehien igotzen ari direnak azken urteetan.

2.    Haurrik gabeko jatetxerik edo hotelik eskatu dizuete?
Ez da izaten eskaera arrunta. Normalean, haurrik gabeko hotelak eta ematen dira gehiago kostaldeko opor-hirietan, jendeak lasaitasuna bilatzen duen helmugetan. Hirietan ez da hain normala izaten, eta, gutxienez, gure bulegoan ez da galdetzen duten zerbait normalean. Duela urte batzuk bai egon zirela jatetxe pare bat Bilbon, baina, klaro, neurri hori ere pixka bat polemikoa da, zeren adibidez han ireki zen jatetxeak izan zituen salaketak diskriminatzailea zelako edo. Eta ez dakit gaur egun mantentzen den, baina bueno, bai, badago jendea hori eskatzen duena, baina, aldi berean, jendea ere horren kontra dagona.

3.    Non eta noiz sortu ziren haurrik gabeko hotelak?
Bai, 70. hamarkadan (70eko hamarkadan), sortu zen Karibe inguruan. Sortu zen, batez ere, hotel batzuk espezializatu zirelako eztei-bidaietan, eta, orduan, eskaintzen zituzten hotelak bikoteentzako bakarrik. Eta gero, zabaltzen joan zen, eta adibidez estatuan bastante beranduago sortu da, duela hamarkada bat edo horrela, baina esaten dute gehien hazten ari denetako herrialdea dela. Batez ere, Kanariar irlak, Balearrak, eta inguru horretan, ez? Mundu guztian badaude 600 inguru haurrik gabeko hotelak eta horietatik 150 estatuan daude.
 

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B2
Mar 17, 2017
Number: 5474293
Duration: 00:03:53
Number of visits: 5581