Aldizkari Digitala

Sirakusa, Siziliako barrokoaren hiriburu

Siziliako uhartean dago Sirakusa, Mediterraneoan. Paseatzeko toki ugari aurkituko ditugu, bai hirian bertan, baita inguruan ere. Greziarren zein erromatarren garaiko arrastoak nabarmenak dira Sirakusan.

Sirakusa da Europako hiririk zaharrenetakoa. Greziako kolonoek sortu zuten K.a. 734 urtean, Sizilia ekialdeko itsasertzean. Zehazki esateko, 2 kilometro luze eta kilometro eta erdi zabal den Sirakusako Ortigia uhartetxoan. Merkataritzak laster eman zion arrakasta hiriari, eta kaia Mediterraneoko garrantzizkoenetakoa bihurtu zen garai hartan. Izatez, hiri heleniar jendetsuena bihurtu zen, Atenasen aurretik.

Sirakusako Alde Zaharra (Ortigia uhartea).

Ondoren etorri ziren erromatarrak. Baina Sirakusak ez zuen hain erraz etsi erromatarren erasoaren aurrean. Sirakusarrak urte askoan greziarrak sentitu ziren batez ere, ez horrenbeste erromatar. Antzinako zientzialaririk handienetako bat Arkimedes greziarra zen, Sirakusan jaioa. Hiria erromatarren setioaz babesteko, ispiluekin egindako sistema bat asmatu zuen: ispiluek eguzki-argia biltzen zuten, eta erromatarren ontzi-oihaletara bidaltzen, su hartzeko.

Sirakusako hondakin arkeologikoen artean garrantzizkoena ez da erromatarra, greziarra baizik: Antzoki Greziar itzela, K.a. IV. gizaldikoa. 16.000 ikusle sartzen ziren, eta hantxe antzeztu ziren Eskiloren lanak. Harmailak egoera nahiko onean ditu.

Antzoki Greziarra (Sirakusa).

Anfiteatroa, aldiz, erromatarra da. Eta baita katakonbak ere: ugari daude hirian barrena. Erromatarrek debekatu egin zieten kristauei hildakoak hiri barruan lurperatzea. Beraz, kristauek labirinto-itxurako katakonbak egin zituzten lurpean, hildakoen hilobiekin. Sirakusako hainbat katakonba ikusgai daude, baina apur bat makabroa da ibilaldia.

Mendeak aurrera zihoazen, eta Sirakusa bandaloen, bizantziarren, arabiarren eta normandiarren menpe egon zen. XIII. mendean Aragoiko Koroarena zen Sizilia guztia, Aragoiko Pedro III.enak konkistatu zuen-eta. Eta Errege-Erregina Katolikoei esker, Aragoiko koroa eta Gaztelakoa batu zirenean, XV. gizaldian, Espainiaren erregeorderri bihurtu zen Sizilia. Orduan garatu zuten arte barrokoa, Sirakusa eta inguruetan nabarmen gainera.

Duomo katedralaren aurrealdea (Sirakusa).

Duomo XVII. mendean eraiki zuten. Katedral honen aurrealde barrokoa ikusgarria da, baina Duomo Plaza osoa da eromen barroko bat: udaletxea, apezpikuaren jauregia, Beneventano jauregia eta Santa Luzia eliza. Eliza honek Caravagioren maisulan bat dauka: “Santa Luziaren ehorzketa”. Hiriaren zaindari Santa Luziarenganako debozio handia dute sirakusarrek. Hori argi ikus daiteke abenduaren 13an, bere irudia Ortigian zehar ateratzen dutenean.

Ortigia Sirakusaren bihotzean dago, eta zoragarria da paseatzeko: kale estuak, plaza ezkutuak, ondo zaindutako eraikin barrokoak erdi-erorita dauden beste batzuen alboan, kanpoan mahai gutxi batzuk dituzten trattoria txikiak… Guztiak du Mediterraneoko airea. Italia da Sirakusa, baina zerbait gehiago ere bai, itsasbazter hartara heldutako herri guztien ukitua baitu.

Caltagironeko eskailera ospetsua.

Sirakusatik abiatzen da Barroko Ibilaldia, Siziliako hego-mendebalde guztia zeharkatzen duena. Ibilaldiak derrigor geratu beharreko hiru geltoki ditu: Modica, Ragusa eta Noto.  Modicak aurrealde barroko landu batzuk ditu eliza batzuetan, eta gainera, Siziliako txokolaterik onena egiten du. Ragusako alderdi zahar sigi-sagatsuarekin berehala maitemintzen da bisitaria. Eta Noto, berriz, Unescok Munduko Ondare-zerrendan sartuta dauka; elkarren jarraian dauden jauregi eta tenplu barrokoen ondoren, dotoreziarik finena dakar katedralak, eta ilunabarrean indartsu egiten du diz-diz bere aurrealde hori-gorriztak. Hori gutxi ez, eta Notoko izozkiak Siziliako onenen artean daude.

Eta Sirakusa abialeku bikaina da inguru hartako beste bi perlak ikusteko: Caltagirone eta Casale-ko erromatar herria; herri hau Piazza Armerinatik hurbil dago; Caltagirone, berriz, zeramikagatik da ospetsu. Beheko aldea eta goikoa lotzeko dagoen eskailerak 142 maila ditu, eta bakoitza eskuz margotutako dozenaka azulejuz hornituta dago. Badira, baita ere, hainbat eraikin barroko interesgarri. 

Mosaikoa herri erromatarrean (Casale).

Casaleko Erromatar Herria ere Unescoren Munduko Ondare-zerrendan dago: harrigarria da benetan. Norbaitek esaten badizu mosaiko erromatarrak ikusiko dituzula, han-hemenka barreiatutako eta denborak hondatutako hainbat zati ikustea espero duzu, eta ez dotoreziarik finenaz betetako gelak oso-osorik, azaltzen dituztenak garai bateko ohiturak, borrokak, nekazari-lanak, erlijio-ohiturak, ekintza kulturalak eta denbora-pasak. Alegia, erromatar garaiko gizarte osoa, xehe-xehe azaldua, aspaldiko komikia balitz bezala.    
      

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B1
Nov 11, 2019
Number: 49604787
Dialect:
  • Batua
Number of visits: 351