Aldizkari Digitala

Ane Etxezarreta, Realeko jokalaria

Ane Etxezarreta Realeko jokalaria elkarrizketatu dugu. Gizonezko eta emakumezko futbolarien arteko desberdintasunak aipatuta, soldatari dagokionez, adibidez, berak argi du: "nire nahia soldata duina izatea da".

Ane Etxezarreta (Beasain, 1995) bere herriko taldean hasi zen futbolean jokatzen eta, 2013. urtean, Oiartzungo taldera eman zuen jauzia: “Hasierako etapa hartan, ilusio izugarria neukan. Oiartzunen jokatu nuen bi urteetan heldutasunera iritsi nintzen, aurrerantz emandako urratsa izan zen hura niretzat”. 2015. urtean Realean hasi zen, eta ordutik kirolari gisa hazten jarraitu du. Gainera, 2018-2019 denboraldia ahaztezina izan da taldearentzat, Erreginaren Kopa irabazi baitute: “Ez dut hitzik egun hura eta ondorengoak deskribatzeko. Euforia sentitu nuen”. Zubietan berarekin elkartu gara entrenamendua amaitu duenean.

Ane Etxezarreta Realeko erdilaria da.

 1. 2015ean Realean jokatzen hasi zinen…
Bai, bigarren mailatik lehenengora igo nintzen eta, intentsitate eta jokatzeko abiaduran aldea nabaritu nuen. Agian ez da horrenbesteko jauzia gaur egun, baina lehen bai. Oso zorrotza zen fisikoki, baita mentalki ere. Fisikoki maila horretara heltzea kosta egiten da.

 

2. Erdilariaren postuan jokatu izan duzu gehien. Zer dohain behar ditu erdilari batek?
Azken urteetan zentrala ere izan naiz, eta iaz hegaletik ere dezente jokatu nuen. Hala ere, ni beti erdilaria izan naiz. Zer dohain? Garrantzitsua da defentsan lan egitea, zelai erdiko jokoa aurreikustea eta ahal den azkarren baloiak moztea.

 

Ane Etxezarreta iazko ligako partida batean. (Argazkia: Reala)

 3. Afizioaren berotasuna edo komunikabideen aitortza gero eta handiagoak izan arren, gizonezko futbolarien eta emakumezko futbolarien soldaten arteko aldeak handia izaten jarraitzen du. Hori noizbait parekatuko dela uste duzu?
Gizonezkoek kobratzen dutena kobratzea nik uste ez dela posible. Hasteko, guk igo ahal izateko, beraiek jaitsi egin beharko lukete… Horretan ez naiz sartuko. Niri ez litzaidake euren soldatara heltzea gustatuko; nire nahia soldata duina izatea da. Azken batean gure lana da, eta langile guztiek eduki beharreko baldintza egokiak eduki behar ditugu, egoera duina, hain zuzen ere.
Gizonezkoen eta emakumezkoen arteko ezberdintasuna murriztu daiteke? Bai, balio duguna guri emanda lor daiteke. Ez gara iritsiko gizonezkoek kobratzen dutena kobratzera eta ez nuke horretara iritsi nahiko. Nik uste ez dela ona mutilentzat eta guretzat ere ez litzatekeela ona izango.

 

Ane Etxezarreta 2015. urtean iritsi zen Realera. (Argazkia: Reala)

 4. Emakume asko kirolari profesionalak dira eta, horrez gain, beste lanbide bat izan behar dute bizi ahal izateko. Hori inoiz amaituko da?
Bukatzea gustatuko litzaidake, eta honezkero bukatuta egon beharko luke; izan ere, gure egunerokotasuna futbolari eskaintzen diogu. Gaur egun, futbolarekin oso zaila da beste lanbide bat mantentzea, nahiz eta beharrezkoa izan bizi ahal izateko. Goizero entrenatzen dugu, eta batzuetan arratsaldez ere bai. Beraz, ordutegi horretara egokitzen den lan bat bilatzen saiatzen gara ala ikasten… Ematen ari garen urratsei esker, nik uste kontuan hartu beharrekoa dela bide txiki bat egiten ari garela.
Nik uste merezi dugula lortu dugunagatik, erakusten dugunagatik, daukagun profesionaltasunagatik… Egoera hobetu daitekeela, alegia.
Nik, adibidez, IVEF (Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientziak) ikasi nuen Gasteizen, eta hori bukatu nuenean, Realarekin arratsaldez entrenatzen genuenez, goizez ingelesa ikastera joaten nintzen. Iaz, Murumendi ikastetxeko errefortzu-gelan ematen nituen eskolak, baina aurten ezin izango dut, goizeko entrenamendutik korrika joan beharko nukeelako eta ez delako bideragarria. Oraindik ez dakit zer egingo dudan.
 

5. Zer esango zenioke futbolari izan nahi duen neska txiki bati?
Bere ametsa honaino iristea baldin bada, nik beti esaten dut lan asko egiteko, inoiz etsi gabe. Lana eginda, lehenago edo beranduago, iritsiko da. Saiatua izan beharko du, diziplinaz lan egin eta gauza batzuk alde batera utzi. Sakrifizio hori egiteko prest egon behar da, eta ilusioa, hori ez da inoiz galdu behar.

 

Ane Etxezarreta taldekideak agurtzen partida hasi aurretik. (Argazkia: Reala)

 6. Zenbat jende joaten da zuen partidak ikustera?
Anoetan jokatu genituen bi partida horien ondoren, zorionez, jende asko geureganatu genuen eta, Zubietaraino etortzea zaila bada ere (garraio aldetik erraztasunik ez dagoelako), jendea etortzen da Realaren aldeko ilusio hori baduelako eta Zubietako Z7 zelaiko harmaila ia-ia bete egiten da.  Erreginaren Kopa irabazi eta gero, lagunartekoetara jende gehiago etortzen hasi da, sinadurak eta argazkiak eskatzera lehen baino zaletu gehiago hurbiltzen dira… Batez ere, ilusio handia piztu dugu umeengan.
 

7. Gainerako kiroletan zuen antzeko errealitatea dute?
Kontua da futbola “lehenengo kirola” dela, gure gizartean jarraitzaile gehien dituena. Zentzu horretan, oihartzun handiagoa dugu beste edozein kirol egiten dutenek baino eta hori, beste kirolekin alderatuta, abantaila bat da. Nik uste dut gizartea pixkanaka aldatzen ari dela. Oraindik oso atzeratuta gaude, baina aurrera goaz. Nik ez dakit zein den beste kiroletan emakumezkoen eta gizonezkoen arteko desberdintasuna, baina argi dago futbolean ikusi egiten dela desberdintasuna izugarria dela. Guk agian beste kirol batzuetan baino indar handiagoa egin dezakegu eta ea gure atzetik besteak bultzatzea ere lortzen dugun.

Transcription:[+] Transcription:[-]

1. Maiatzaren 11n Erreginaren Kopa irabazi zenuten. Zer izan zen hori zuretzat?
Sentsazio bat, kristoren euforia sorrarazten dizuna. Osea, es que, ezin da azaldu, oso-oso politte (polita). Gainera, momentu horretan, irabazten duzunean, akordatzen zara pasa duzun (dituzun) momentu txar eta on guztitaz (guztiez), zeinekin ibili zaren, zeinekin partekatu dituzun taldeko momentu guzti horiek (horiek guztiak), osea, momentu txiki batean ailegatzen zaizkizu horrelako pentsamendu guztiak eta oso polita.
2. Afizioaren berotasuna, omenaldiak, komunikabideetan oihartzun handiagoa…  Eta orain, zer?
Nik esango nuke, egia da, osea, ezin da esan maiatzaren 11ko komunikabide berdinak dauzkagula, eman ziguten oihartzuna berdina dela, hori ezin da esan. Egia da gu kontziente ginela momentu hartan edukiko genuela asko, baina gero jada pixka bat ahaztu egiten da eta hori da gure errealitatea: pixka bat bigarren plano batean gelditzen garela, baina egia da lehen baino oihartzun pixka bat gehiago daukagula, baina ez maiatzean eduki genuena bezala. Baina bai egia dela bai zaletuen aldetik, jende gehiago animatzen dela gu(ri) ikustera, jende gehiagok laguntzen digula, eta komunikabide aldetik pixka bat gehiago bai notatzen (nabaritzen) dugula. Espero igual momentuan, maiatzean espero zena baina gutxixeago… Baina gu errealistak ginen beti, hori egia da, ez pentsa guk horrela (besoa goruntz) pentsatzen genuenik, guk badakigu zer bizi izan dugun eta zer ahal dugun bizi, momentuz.
3. Zein dira zuen taldeak hemendik aurrera dituen ametsak?
Ba ilusio handiarekin ari gara… Bueno, denboraldi honi begira, ilusio handia daukagu. Azkenean, oso talde polita egin dugu, egia da 19 bakarrik garela, 19-20 hortxe gabiltza, eta lesioak ondo portatzen baldin badira, oso denboraldi ilusionantea (itxaropentsua) eduki leikeu (dezakegu), oso talde politte (polita) eta helburuak azkenean betikoak: aurreko urtekoa hobetzea, eta Kopa, Kopakoa hobetzea ezin da, berdindu egin beharko litzateke, eta ligan, ahalik eta, aurreko urtean baino gorago gelditzea. Hori izango da gure ametsa, dudarik gabe.
 

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B1
Nov 7, 2019
Number: 49493635
Dialect:
  • Batua
Duration: 00:03:03
Number of visits: 298