Aldizkari Digitala

Aurora Bertrana, literaturaren eta jazzaren artean

Aurora Bertrana bere garaiko moldeak hautsi zituen idazle katalana zen: lurralde exotikoak ekarri zituen literaturara eta emakumez osatutako Europako lehen jazz-taldea sortu zuen. Literatura eta musikaz beste, politikari eta ekintzaile feminista gisara nabarmendu zen.

Aurora Bertrana Salazar 1892ko urriaren 29an jaio zen, Gironan (Katalunia). Aita kazetaria eta idazlea zen, Prudenci Bertrana. Jostuna ama, Neus Salazar. Gurasoak saiatu ziren alabari josten irakasten, baina orratzek ez zuten inoiz tentatu. Egia esan, literatura zen atsegin zuena: sei urterekin idatzi zuen bere lehen poema. Aitak ez zuen nahi, ordea, alaba idazle izatea, eta musika ikastera bideratu zuen.

Aurora Bertrana erbestetik Kataluniara itzuli ondoren. Iturria: azaleko argazkia eta hau: llegim.ara.cat

Lehenik Gironan ikasi zuen biolontxeloa jotzen, eta gero, Bartzelonako Udaletxeko Musika Eskolan osatu zituen ikasketak. Bartzelonan ezagutu zuen Carmen Karr idazle eta ekintzaile feminista eta urte asko egin zuten elkarrekin emakumeen aldeko ekintzaile-lanetan.


Musika-ikasketetan sakontzeko asmoz, Suitzara joan zen 1923an, Genevako Dalcroze Institutura. Eskola horretan sortu zuen emakumez osatutako Europako lehen jazz-taldea, Jazz Women. Arrakasta polita lortu zuen orkestra horrekin.


Aurreneko literatura-lan arrakastatsua
Genevan ezagutu zuen Denys Choffat, industria-ingeniaria eta 1925an ezkondu ziren. Ezkondutakoan utzi egin zuen jazz-taldea. Frantziar Polinesiara joan ziren bizitzera, Papeete hirira. Polinesian emandako hiru urteak Ozeaniako beste hainbat leku ezagutzeko baliatu zituzten. Joaneko bidaian Martinika, Guadalupe eta Panama bisitatu zituzten. Garaitsu hartakoa da D´Aci y d´Allá aldizkarian argitaratutako bidaia-erreportajez osatutako saila.


Bartzelonara itzuli ziren 1930ean, eta Paradisos Oceanics liburua idatzi zuen: hegoaldeko uharteei buruzko erreportaje-sorta; lan arrakastatsua bai literaturaren aldetik eta bai diru aldetik ere. Izan ere, garai hartako literaturan ezohikoak ziren bidaiei buruzko prosa eta baita gizarte indigenaren sexu-askatasunari buruz kontatzen zuena ere. Ondoren etorri ziren beste hainbat lan ospetsu.

Bere garairako emakume aurreratua zen Aurora Bertrana.

Espainiako Gerra Zibilean erbestera
Garai horretan, Carmen Karr eta orduko beste idazle andrazko batzuekin batera ekintzaile feminista garrantzitsua izan zen, eta 1931n, Bartzelonako Lyceum Cluba sortu zuten, non politika-erakundeetatik kanpo,  emakumeen elkarlanerako gunea sendotu zuten. 1933an, aurrean ibili zen politikan Esquerra Republicana de Catalunya-ko (ERC) zerrendaburu izan baitzen. Baina Espainiako Gerra Zibila piztu zenean erbestera joan zen Aurora, bakar-bakarrik, senarrak frankistekin bat egin baitzuen. Aurrena Suitzara ihes egin zuen, eta handik Frantziara. Eta Bigarren Mundu Gerra amaitzean, Suitzan zegoela-eta, errefuxiatuen eremuak bisitatu zituen eta gerran preso izandakoak. Bisita horietako inpresioak jaso zituen zenbait lanetan.


Erbestetik 1949an itzuli zen Kataluniara. Urte emankorrak izan zituen literaturari dagokionez, hainbat liburu idatzi zituen-eta. Besteak beste, nabarmentzekoa da aitaren biografia (1965), eta Vent de grop eleberria, (1967): gerora  zinemara egokitu zuten nobela hau. Idatzi zuen azken nobela, La Ciutat dels joves, 1971n plazaratu zen, baina ez osorik, frankismoak hainbat zati zentsuratu zituelako. Oso-osorik Malas Herbes argitaletxeak argitaratu du berriki, 2019an.

 

Iturria: Malas Herbes argitaletxea


Bere oroitzapenak idazten eman zituen bizitzako azken urteak, bi liburuki, baina bigarrena hil ostean argitaratu zuten, 1975ean. Bitxitasun gisara esan 1950-1970 urte-tartea ezabatu egin zuela liburuki horietatik, eta hori zergatik egin zuen galdetu ziotenean, zera erantzun zuen Aurorak, urte horietan ez zela bizi izan, literaturaren bidez bizi izan zelako soilik.


Bergan (Katalunia) hil zen, 1974ko irailaren 3an.   

                                                                                                                      

 

Interesatzen zaizu

 
 

Comments
Login for comment

B1
Oct 8, 2019
Number: 48316088
Dialect:
  • Batua
Number of visits: 248